INFO

Antzar Egunean gertatutako sei eraso matxista eta bi homofobo salatu ditu Lekeitioko Udalak

Lekeitioko Udalak Antzar Egunean jazotako sei eraso matxista eta bi eraso homofobo salatu ditu. Herritarrei «jarrera aktiboa» eskatu die «arazo estruktural» batean oinarri duten jarrera hauek ekiditeko eta arratsaldean egin den kontzentrazioarekin bat egin dute.

Antzar Egunean jazotako zortzi eraso salatu ditu Lekeitioko Udalak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Joan den asteartean ospatutako Antzar Egunean izandako zortzi eraso salatu ditu Lekeitioko Udalak, sei eraso matxista eta bi eraso homofobo. «Genero zapalkuntza eta sexu askatasunaren ukazioa sistema honek oinarri-oinarrian dituen gaitzak» direla deitoratu du adierazpen instituzional batean.

Txosna batzordeak deitutako kontzentrazioarekin bat egin du Udalak. 20.00etan izan da mobilizazioa, abadien moilan.

Bide batez, adierazpen horretan erasoen biktimei babesa adierazi die eta haien esku jarri ditu udaleko gizarte zerbitzuak. «Erakundeok ardura berezia daukagu honetan, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu izurrite honi aurre egiteko», azaldu dute Udaletik.

Hala ere, «jendarte osoaren inplikazioa behar-beharrezkoa» dela nabarmendu dute. Hortaz, «kontzientzian astindu», «onartezinak diren jarrerak baztertu» eta «herritarron arteko sareak sustatu» behar direla nabarmendu dute.

«Herritarrei dei egiten diegu, erasoren bat ikusiz gero, jarrera aktiboa hartzeko inolako onarpenik gabe. Ez dadila inor erasotzaileen konplize izan», gaineratu dute horren harira.

Horrela, Udalak gaitzetsi du indarkeria «arazo estrukturala» izaten jarraitzea «patriarkaltzat eta matxistatzat» jo duen gizarte batean», eta «erasorik gabeko udalerri feminista» lortzeko «konpromiso irmoa» agertu du.