INFO

Denboraldi osoko saria jaso du Tolosaldeak, eta Kontxako festara batu da; «inoizko estuena»

Kontxako lehen jardunaldian Tolosaldeak lehen postua lortu du. Izaro Lestayo patroiak esan du lortutakoak haiengan «sinisteko» balioko diela. Nadeth Agirre Orioko patroiarekin, Ane Sanchez Arraun Lagunak-eko arraunlariarekin eta Maialen Alkorta Donostiarrakoarekin aritu da NAIZ.

Izaro Lestayo Tolosaldeako patroia, Donostiako arranplara gerturatzen, arraunlariak atzean dituela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Marealdi bat sentipen. Horixe ari dira sentitzen Tolosaldeako arraunlariak, Kontxako Banderako lehen jardunaldia irabazi ostean. Igandean ez zuten sinisten, astelehenean barneratzen hasi ziren, eta asteartean jada, irabaz dezaketela sinisten hasi dira.

Arraunlariak kafe bat hartzeko geratu ziren asteleheneko entrenamendua baino lehen. «Jendea etxean urduri zegoen, desiratzen ari ginen taldearekin estropadaz hitz egiteko», adierazi du Izaro Lestayo (Getaria, 1998) Tolosaldeako patroiak, eta segidan hala esan du: «Giroa... puf! Sekulakoa zen, denak ezin sinetsita geunden. Izugarria egin dugu, eta oraindik barneratzen ari ginen. Igandekoa eta gero, entrenamenduetan beste txispa bat igartzen da».

Eta txispa horrek bandera irabaztera gidatuko al ditu? «Badakigu zaila izango dela errepikatzea. Zerotik hastea izango da, baina aurreko igandeak zerbaitetarako balio izan badigu, guregan sinisteko eta handiagoak izateko izan da. Dudarik gabe, banderaren bila joango gara, nahiz eta zaila izan. Beste taldeak doazen bezala, gu ere bila joango gara».

Lestayoren hitzetan, «ikusi da bertako jendearekin gauza handiak lortu daitezkeela». «Koadrila» bat direla nabarmendu du, eta gaineratu bandera bat astintzea «lagun artean zerbait berezia» izango zela. Faborito nagusia? «Oraintxe bertan gu ikusten gara, ez dut besterik esango», dio, barrez, patroiak.

Sekulakoa egin zuten pasa den igandean, ligan lortu ez duten garaipena eskuratuta. Hala ere, estropada aurretik, getariarrak aitortu du «gehienez», bigarren egitea «espero» zutela, baina ikusi zutenean «aurkariak ez zirela joaten, bertan zeudela eta aurrenak geratzeko gai zirela...».

«Emozio handiko» uneak

Bigarren txandan egin zuten arraun, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia traineruekin batera. Estropada irabazteko gakoa lehen luzean egon zen, brankaz: «Ramonek [Erostarbe entrenatzaileak] esan zigun brankaz gainerakoei eusten bagenien, lasai egoteko, bueltatuko ginela, eta esan zidanean hiru segundora genuela Donostiarra lehen ziabogan, denok gora egin genuen: 'Neskak, poparean bueltatuko gara eta jan egingo ditugu', eta horrela izan zen».

Poparean lehia polita izan zuten ‘Kaiarriba’-rekin batera. Kostaldekoak lehen kaletik zihoazen, eta barnealdekoak bigarrenetik. Donostiarrak istribor aldera mugitu nahi zuen, baina Tolosaldeak kaleari eusteko apustu egin zuen, eta Lestayok uste du asmatu zutela: «Arraun Lagunak hirugarren kaletik xorro-xorro aurrea hartzen ari zen, baina guk Donostiarrarekin genuen lehia».

Lestayo (Tolosaldea): «Behe-behetik datoz, bigarren urtea dute Euskotren Ligan, eta Kontxan bigarren urtean jada lehenak geratzea...»

Amaitu berritan, arraunlari batek galdetu zion patroiari: ‘Izaro, baina zer gertatu da?’. «Lehenak izan ginela esan nionean, denak negarrez hasi ziren. Txikitatik behe-behetik datoz, bigarren urtea dute Euskotren Ligan, eta Kontxan bigarren urtean jada lehenak geratzea... Negarrez ikusi nituenean, ezin nion malkoari eutsi. Emozio handiko momentua izan zen».

Horrelako momentu gehiago bizitu zituen getariarrak Tolosaldeako zaleekin. Ez zieten arranplatik igotzen utzi, ez zitzaielako pisaketarik egokitzen. Orduan, garabitik igotzeko agindu zieten. «Egoskortuta», joan ziren arranplara.

«Dena zor genien zaleei. Tolosa herri handia izan arren, Tolosaldeak herri asko ditu eta arrauna jarraitzen ez den arren, guk zaleak izan ditugu, beti etorri direnak: gurasoak, arraunlari ohiak... horiek denak zeuden arranplan. Lorpena haiena ere bazen, eta gure berotasuna erakutsi nahi genien, baita jaso ere», nabarmendu du Lestayok.

Donostiarra eta Tolosaldea lehia bizian, estropadako azken luzean.

Tolosaldeako patroiak Getariako zapia jantzi zuen estropada amaitu ondotik, eta aitortu du, hasiera batean, ez zekiela jantzi edo ez, eta arraunlari batek konbentzitu zion janzteko: «Izaro zu Getariatik zatoz, eta badakigu zure zaletasuna hortik datorrela. Beraz, jantzi, eskertuko dizute». Lemazainaren hitzetan, «bihotz-bihotzetik» atera zitzaion keinua izan zen: «Nik ere zor nion hori Getariako zaleei. Tolosaldean banago, Getariagatik eta Getariako Arraun Elkartearengatik da».

Ikuskizun aparta, bigarren txandan

Tolosaldeak ezustekoa eman du Kontxako lehen jardunaldiko estropada irabazita? Edo, espero zitekeen zerbait zen? Ane Sanchez (Anoeta, 1998) Arraun Lagunak-eko arraunlariak nabarmendu du «inork» ez duela beraietaz hitz egiten, eta harentzat ez dela «sorpresa» izan. Kontrara, «normaltzat» hartu duela, «liga osoan hor egon direlako muturra sartzen».

Bide beretik, Maialen Alkorta (Donostia, 1998) Donostiarrako arraunlariak azpimarratu du Tolosaldeak «hasieratik gauzak ondo egin» dituela: «Oso gazteak dira, baina sekulako kasta erakutsi dute. Ramon [Erostarbe entrenatzailea] ere oso lan ona egiten ari da; multzo polita osatzen ari dira, eta denok hasieratik ikusi genuen arriskutsuak izan zitezkeela».

Alkorta (Donostiarra): «Bueltan Tolosaldeak bere lana oso ondo egin zuen [...] Uste dut gure kalea oso ondo defendatu genuela. Bizirik atera gara iganderako» 

Tolosaldeak ligan ez du banderarik lortu, baina bigarren bi postu egin dituzte, eta hori balioan jarri du Alkortak, eta gehitu, ohorezko txandan «oso egonkortuta» daudela: «Bagenekien momenturen batean gertatu zitekeela, eta begira, Kontxan gertatu da, eta merezita. Sekulako estropada egin zuten. Kontuan hartzeko beste aurkari bat da».

Bestalde, Nadeth Agirre (Orio, 1993) Orioko patroiak uste du Tolosaldeak «goraka» egin duela, Tolosaldeak «beste puntu bat» hartu duela Kontxan: «Nesketan eta mutiletan ikusi da erritmo eta tentsio aldetik Kontxak beste puntu bat ematen duela. Denak erritmo altuan joan gara, eta Kontxak denoi eman digu puntu hori, eta bereziki Tolosaldeari».

Bigarren txandan ikuskizun aparta eman zuten Donostiako bi traineruek eta Tolosaldeak. Bereziki, Nerea Perez Donostiarrako patroiak eta Lestayok izan zuten lehia bigarren luzean. «Lehen luze ona egin genuen, eta bueltan bagenekien segundo bat aurretik joateak ez zuela ezer esan nahi eta hor ikusi zen bai Tolosaldearen bai Arraun Lagunak-en maila. Bueltan Tolosaldeak bere lana oso ondo egin zuen, eta ez zigun utzi bigarren kalera sartzen. Uste dut gure kalea oso ondo defendatu genuela. Bizirik atera gara iganderako», adierazi du Alkortak.

Agirre (Orio): «Tristura gehien laugarren postuak eman zigun, ez segundoak. Lau segundo ez dira ezer»

‘Lugañene’-k atzetik hasi zuen estropada, «ligan orain arte bezala», esan du Sanchezek, eta nabarmendu «atzetik joan arren, burua mantentzen jakin» zutela eta hori «positiboa» dela. Atzetik hasi zen Arraun Lagunak, baina bigarren luze erdia pasata aurrea hartu zien Donostiarrari, Tolosaldeari ia garaipena kenduta.

Lehen txandan, Orioren erlojupekoa

Oriok lehen txandan egin zuen arraun, bere aurkari zuzenik gabe. Hori kalterako izan zen? Agirrek uste du «ondo» etorri zitzaiela haien arraunketa eta lana egiteko, «besteen presiorik gabe». Hori bai, Orioko lemazainak nabarmendu du ezin dutela pentsatu zer geratuko zen besteekin ateraz gero, eta haiek erlojupekoko lana egiteko asmoarekin atera zirela.

Estropada amaitu berritan, gustura zeuden egindakoarekin, eta esperantza zuten haien esku ez dauden faktoreetan, bigarren txandan haizea igotzea. «Ez zen hala izan, eta pixka bat haizea jaitsi egin zen, edo hori sentitu genuen guk pixka bat. Bueltako luzean besteek baino brisa gehiago genuela».

Nadeth Agirre Orioko patroia arraunlariei aginduak ematen Kontxako lehen jardunaldiko lehen txandan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bigarren txanda amaituta, laugarren postuan geratu ziren ‘Mirotzak’. Aurpegi tristeak ikus zitezkeen Donostiako arranplan Orioko traineruan. Agirreri ea hala izan zen galdetuta, esan du «tristura gehien» laugarren postuak eman ziela, ez segundoek: «Lau segundo ez dira ezer, eta irabazi dugun estropada batzuetan lau segundo baino gehiago atera dizkiegu. Gure burua gai ikusten dugu horri buelta emateko. Ez zen tristura izan, ez dakit nola esan... baina taldekideei esan nien; kontentu egoteko moduan gaude, estropada ona egin dugu eta horri heldu behar diogu».

Bandera, «inoiz baino estuagoa»

Kontxako Banderarako lehian lau traineru daude bost segundoan. Arraun Lagunakek hemezortzi ehunenera du Tolosaldea, Donostiarra 2.16ra dago, eta Orio 4.66ra. «Inoiz baino estuagoa» dagoela nabarmendu dute Sanchezek eta Alkortak. «Neskena inoiz ikusi den politena da; bai kanpotik bai barrutik, eta horrek fabore handia egiten dio bai arraunari bai nesken kirolari», nabarmendu du Donostiarrako arraunlariak.

Aldi berean, ‘Lugañene’-koak adierazi du «baldintzek are estuagoa» egiten dutela lehia, eta horregatik, «diferentziak askoz txikiagoak» izango direla: «Kaleen diferentziak erabakigarriak izan daitezke bandera eramateko. Denok estutu beharko dugu, eta kondizioak hain leunak daudenez emanda, asko sufritzeko estropada izango da».

Sanchez (Arraun Lagunak): «Kaleen diferentziak erabakigarriak izan daitezke bandera eramateko. Baldintzak ikusita, asko sufritzeko estropada izango da»

Sanchezek, Alkortak eta Agirrek bat egin dute esanez bandera astintzeko lehian berdintasuna handia dela, eta lau traineruetatik edonork irabaz dezakeela. Orioko patroiaren iritziz, beste hiru traineruek haiek baino «presio gehiago» dute, «zerbait galtzekotan, besteek galtzeko gehiago dutelako»: «Direnak eta ez direnak daude, batek irabazten badu besteak ez du irabazten. Iruditzen zait txanda irabazten duenak eramango duela bandera». Agirrek lau ontziak ikusten ditu faborito.

Donostiarrako arraunlariak ez du Orio «alde batera utzi nahi»: «Asko hitz egiten da Tolosaldeaz, Arraunez, eta Donostiarraz. Baina Orio, Orio da, eta lau segundo estropada batean bada, baina, aldi berean, ez da asko». Hala ere, Alkortak esan du faborito nagusia ‘Lugañene’ dela, bi arrazoirengatik: Tolosaldearekin batera «oso antzeko» denbora egin duelako, eta liga irabazi duelako.

Donostiarra, Tolosaldea eta Arraun Lagunak, pasa den igandeko Kontxako lehen jardunaldiko bigarren txandan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sanchezi galdetuta ea nor den faborito nagusia zalantzarik gabe erantzun du: «Arraun Lagunak. Zer esango dizut nik!». Aldi berean, ‘Lugañene’-ko arraunlariak adierazi du Tolosaldeak «sustoa» eman duen arren, «zaila» izango duela bigarren estropada «berdin bat» egitea, eta beste hiru traineruak «indartsuago» ikusten dituela.

Oriok, Arraun Lagunak-ek eta Donostiarrak zer egin behar dute irabazteko? Agirre patroiak adierazi du txanda irabaztera joan behar dutela, «txanda irabazita, bandera irabazteko aukerekin» egongo direlako. Alkortak esan du «orain arte egin dutena» egin behar dutela: «Borrokatu, DNAn daramagu hori, eta beldurrik gabe atera». Hori lortzen badute, Donostiarrako arraunlariak nabarmendu du beste taldeei «lanak» emango dizkiela, eta, «zergatik ez esan», bandera irabaziko dutela.

'Lugañene'-ko arraunlariak nabarmendu du ez dutela irabazteko «presiorik», iaz, presioak «jokaldi makurra» egin baitzien: «Aurten uste dut taldea helduagoa egin dela presio hori gestionatzeko, eta buruarekin ari gara. Alde horretatik lasai gaude».