INFO

Irati Irizarrek ‘Ilargi-kutsadura’ proiektuarekin irabazi du Igartza Saria

Irati Irizarrek irabazi du XXVI. Igartza Saria ‘Ilargi-kutsadura’ lanarekin. Bere lehendabiziko liburua izango da, eta bere birraitonaren hezurren bila dabilen astrologo bat eta zinemagile frustratu bat elkartuko ditu Nafarroako bardeetako herri batean.

XXVI.Igartza Saria Donostiako Elkar aretoan aurkeztu dute (Gorka Rubio | FOKU)

Irati Irizar lazkaotarrak irabazi du 2023ko Igartza Saria, XXVI.edizioan, ‘Ilargi-kutsadura’ lanarekin. Nafarroako bardeetan kokatu du nobela, eta izarrak aztertzera doan sona handiko astrologoa izango da protagonistetako bat, izarrez gain aztergai ezkutu bat daukana: 36ko Gerran hildako bere birraitonaren hezurrak aurkitzea. Bilaketa horretan zinemagile frustatu batekin egingo du topo, zinemagileak herrira itzulitakoan sekta bat ezagutuko du, eta jakin mina sortuko zaio.

Igartza Saria idazle gazteentzat sorturiko beka da, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak elkarlanean antolatzen dutena. Irizarren estreinako liburua izango da honakoa, nahiz eta irakurzaletasuna oso txikitatik izan duen eta «zerbait sortzeko nahia aspalditik» buruan zuen. Orain, urte bete izango du liburua ontzeko.

«Kolektiboki ixten ez diren zauriekin zer gertatzen den interesatzen zait», aitortu du Irizarrek. Eta horregatik lotu ditu Euskal Herriko memoria kolektiboa eta hori modu pertsonalean nola lantzen den: «Funtsean uste dut dela memoria pertsonalari buruzko istorio bat, gu izan garenari begira jartzean sortzen dena; memoria horren berri jakiteak gure identitatea nola aldatzen duen interesatzen zait, bai gure bizitza eta baita memoria kolektiboa ere».

Izenburutik hasita jolasti agertu da Irizar; ‘Ilargi-kutsadura’ izenarekin aurkeztu du eta «argi-kutsadura» kontzeptuarekin jolas egin nahi izan duela azaldu: «Izarrei begiratzeko ekidin beharrekoa da argi-kutsadura, ez digulako izarrak ikusten uzten, ilargia eta hildakoen argiarekin hitz joki bat egin nahi izan dut».

Zientzia eta irudimenaren arteko lotura

«Western moderno bat da» esanez sintetizatu du idazle lazkaotarrak bere proiektua. Azaldu du badauzkala westernarekin zenbait kontu komunean: «Altxor baten bilaketa dago nahiz eta altxor hori ez izan urrezkoa, gaizkileak daude, justiziero pare bat ere bai...». Zientzia fikziozko zenbait elementu sartu dituela kontatu du, berari literaturaren adar hori asko interesatzen zaiolako.

Formazioz ingeniaria da, eta horrek liburua idazterakoan «zientziarekiko gertutasuna» eman diola adierazi du, zientzia garapenerako tresna bezala ulertzen duela baitu, eta datu edota bitxikeria zientifiko batzuk sartzea ere gustatuko litzaiokela aitortu du.

Zientziaren eta irudimenaren arteko gurutzaketak ditu maite, eta beharrezkoa iruditzen zaio lehendabizi gauzak imaginatzea, ondoren, egiteko. «Beti pentsatzen dugu zientzia oso gauza zurruna dela, baina irudimena behar du», gaineratu du.

Txileko inspirazioa Euskal Herrian kokatuz

Istorioaren ideia nondik datorkion galdetuta, Patricio Guzmanen ‘Nostalgia de la luz’ dokumentala aipatu du. Dokumentalak, Atacamako basamortuan gertatutako istorio bat kontatzen du: oso leku berezia da izarrak behatzeko eta beraz astronomo asko joaten dira. Baina astronomoez gain, hezur bilatzaileak ere badaude, diktaduran desagertutako beraien senideen hezurren bila: «Historia oso ederra eta tragikoa da». Iragana orainarekin lotzeko zubiak erakusten ditu dokumentalak: «Biak iraganari begira daude, batzuk aspaldi igorritako argi horietan aztarnak bilatu nahian, eta bestetik, beraien zauriak sendatzeko bilatzen dituzten hezurrak bilatuz».

Irizarrek asmatu egin du Bardeen inguruan kokatutako herrixka, ez da benetazkoa beraz, baina aitortu du oso argi duela nolakoa den herrixka hori. Eszenatokia eraikitzerako momentuan herri baten erreferentzia bakarra beharrean, herri asko izan dituela buruan kontatu du, baina bereziki Txilen egon zeneko toki bat izan duela buruan.