INFO

BCCk ziurtatu du Grosen eraikiko duen proiektu berriak «berdeguneak errespetatzen» dituela

GOe proiektua aurkeztu du Basque Culinary Centerrek hedabideen aurrean; azken hilabeteetan egon diren kezka eta kritikei erantzun die, berdeguneak errespetatuko direla ziurtatuz, eta irabazi asmorik gabeko proiektua dela mahaigaineratuz. Herritarrentzako bilera ostegun honetan egingo da, 19.00etan.

Ostegun goizean BCCn GOe-ren aurkezpen ekitaldia egin dute. (Maialen Andres | FOKU)

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) izena du Basque Culinary Centerren «proiektu estrategiko eta jasangarri» berriak, gastronomiaren eta lurraldearen etorkizuneko proiektua dela azaldu dute ostegun goizean egindako aurkezpenean. Auzotarren artean gatazka sortu duen proiektua izan da, batez ere auzoaren inguruneko parkeak hondatzen dituelako. BCCk bilera irekia deitu du ostegun arratsalderako, 19.00etan Basque Culynariren egoitzan bertan.

«Gastronomiaren eta elikaduraren etorkizuneko erronka handiei» erantzuteko proiektua dela azaldu dute, GOe deiturikoa. Proiektuaren aurkezpena honen inguruan sortu diren bost kezka nagusiren inguruan argipenak emateko baliatu du Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak. Inguru horretako berdeguneak suntsitzea izan da auzotarrek behin baino gehiagotan azpimarratutako kezketako bat: Aizegak azaldu du, alde batetik, 2010ean onetsitako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritakoaren arabera garatu eta urbanizatu beharreko hirigintza eremuaren barruan dagoela GOe eraikiko den eremua. Hau da, garatu beharreko 24.250m2-ko lur zatiaren 3.800m2 hartzen dituela BCCri utzitako lur zatiak, aldatu beharreko %15,6a hain zuzen ere. «Eraikinak egungo gizarte eta aisi erabilera guztiei eutsiko die, eta bermatuko du gaur egungoaren ia baliokidea izango dela aztarna berdea», zehaztu du zuzendariak.

Eremu berdearen kezkaren baitan, bertako zuhaitzak suntsitzearena izan da azken hilabeteetako kexetako bat. Aizegak adierazi du «inguru horretako zuhaitz-espeziek kontserbatzea» dela proiektuaren asmoa, eta horren zehaztasunak Iñigo Segurola Lur Paisajistak enpresako kideak eman ditu: «Txosten teknikoetan 15 zuhaitz ageri dira identifikatuta, eta horietatik %80 birlandatzea aurreikusten da, 13 platanondo. Era berean, 73 zuhaixka ageri dira, ez guztiak kontserbazio egoera berean -badira hazteko bideragarritasunik ez dutenak-. Horregatik, Donostiako Udalarekin batera definituko da non birlandatuko diren zuhaitzok. Eremu libreak inguruko egoera errespetatzen duten zuhaitz motaz janztea aurreikusten du proiektuak; eta horrek indartu egiten du jasangarritasunarekiko konpromisoa».

BCCren «tasunaz» jardun du zuzendariak hurrengo kezkarekiko, eta azaldu du euskal sektore publikoko erakunde pribatua izaki, ez duela irabazi-asmorik eta onura publikotzat dagoela aitortuta. Hiru erakunde pubikok (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lakua), enpresa pribatuek, sukaldariek eta unibertsitate batek (Mondragon Unibertsitatea) parte hartzen dutela fundazioan azaldu du. Eta horri loturik gaineratu du BCCk ez duela irabazi-asmorik eta inork ez duela irabazirik eskuratzen. Datu zehatz bat ere mahaigaineratu du; «funts publikoetatik inbertitutako euro bakoitzak 2,8 euro sortu ditu».

Bosgarren zalantzaren argipen gisa, zehaztu dute ez direla lur azpiko lau soilairu egongo, «autoentzako lau plaza eta bizikletentzako 180 plaza baizik».

 

«Gastronomiak alor sensoriala ere lantzen du, gure kultura eta tribu urbanoari lotutako gastronomia jasangarria egin behar dugu»


Etorkizunera begira

«GOe zientzia eta jakintzan oinarritutako ekosistema ireki gisa sortu da, eta gastronomiaren eta elikaduraren etorkizuneko erronka handiei erantzutera eta horiek betetzera bideratuko da», horrela definitu dute proiektua ostegun goizeko aurkezpenean. Donostiako Gros auzoan eraikiko da, eta Donostiako Udalak dagoeneko onetsi du aldi baterako lagapena, eraikin berria altxatzeko lur zatia. 75 urterako aurreikusitakoa da lagapena; epe horren ondoren Udalari itzuli beharko zaizkio partzela eta eraikina, BCC-k denbora tarte horretan inolako eragiketa juridiko egin ezin duelarik.

Asier Aleak, BCCeko garapen globaleko zuzendariak, proiektuak barnebilduko dituen hiru gako nabarmendu ditu. Batetik, «berrikuntza bultzatu eta sustatzeko gune espezializatu berrian premiari erantzutea», bigarrenik premia horri aurre egiteko lankidetza eremu fisiko bat sortzea, «ekintzaileak, ikertzaileak, enpresak, ikasleak eta herritarrak bizikidetzan egoteko». Eta hirugarrenik aldaketa klimatikoa; Aleak azaldutakoaren baitan aldaketa klimatikoari aurre egiteko hiru gako ezberdinetan eman behar dira urratsak: energian, mugikortasunean eta agro-elikaduran. Eta azaldu du lehenengo bietan aldaketak egon badira ere, elikadurari erreparatzeko garaia dela, «gastronomiak alor sensoriala ere lantzen du, gure kultura eta tribu urbanoari lotutako gastronomia jasangarria egin behar dugu».

Begoña Rodriguez BCC Innovation zentroko zuzendariak «berrikuntza irekia» eta «herritarren zientzia» nabarmendu ditu bere hitzartzean. Bertako zein nazioarteko «talentua» bildu eta berrikuntzaren alde lanean jartzeko proiektuak sortuko direla GOen azaldu du. Baieztatu du «zahartzen ari den herri bat elikatu» behar dela, eta horretarako pertsonak erdigunean jarriko dituen proiektuak sortu behar direla. Besteak beste, gastronomia pertsonalizatuan, jasangarria baina zaporetsua den elikaduran, digitalizazio prozesuetan eta euskal gastronomia eta bertako zaporeak bultzatuko dituzten ideian indartu behar direla aitortu du. Gaineratu du, hiritarrek «guztia probatzeko» aukera izango dutela, eta eraikin berrian elkarlanerako espazioak «ezinbestekoak» izango direla.

 

«Zein lur zati laga Udalak erabaki du hirigintza-planean aurreikusita zegoenaren baitan, ez da gure erabakia izan, hori Udalak erantzun beharko du»


Gardentasuna

Azaldu dute orain artean proiektua eraikitzeko baimenen bidea jorratzen aritu direla, eta pasa den uztailean Donostiako Udalak egindako lagapenaren ondoren, proiektua fintzen joango direla. Azpimarratu dute, horretarako saio irekiak egingo dituztela herritarrekin, eta bizilagunei prozesua azaltzeko saioak egingo dituztela. Gainera, prozesu osoan irekita egongo den informazio bulegoa ere martxan jarriko dutela esan dute.

Ostegun arratsaldean izango da lehen bilera irekia GOe proiektua azaldu eta herritarren iritziak jasotzeko, 19.00etan BCCn bertan. Asteazkenean auzokideek antolaturiko bilerara zergatik joan ez ziren galdetuta, erantzun argia eman dute: «Partzelaren zesioaren inguruko eztabaida antolatu zuten, zein lur zati laga Udalak erabaki du hirigintza-planean aurreikusita zegoenaren baitan, ez da gure erabakia izan, hori Udalak erantzun beharko du». Bestalde, hainbat eragile, alderdi eta ikastetxerekin harremanetan daudela, eta prozesu osoan zehar parte hartze aktiboa izatea nahiko luketela gaineratu dute, «ahalik eta gardenen egingo dugu guztia».

Kontatu dute instituzio ezberdinei 23 txosten tekniko aurkeztu behar izan dizkietela, «oso zorrotzak» izan direla proiektuarekin, eta aldaketa guztien ostean izan direla onartuak. Donostiako EH Bilduk, duela gutxi eskatu zizkion Eneko Goia alkateari txosten hauek eta lur eremu jakin hori utzi izanaren arrazoia.