INFO

Loraldiak euskarazko sormen digitaleko bekaren bigarren edizioa deitu du

Loraldiak euskarazko sormen digital beka baterako deialdia aurkeztu du bigarren urtez. Proposamenak aurkezteko epea azarora arte dago zabalik eta bekak 10.000 euroko ordainsaria izango du. Onuradunak urte beteko epea izango du proiektua gauzatzeko.

Euskarazko sormen digitaleko proiektu bat garatzeko aukera eskaintzen du deialdiak. (NAIZ)

Euskarazko sormen digitalak sustatzea eta ingurune digitalean euskarazko egitasmoek presentzia izatea dira Loraldiak bigarren urtez deituriko sormen digital bekaren helburuak. Bekak 10.000 euroko ordainsaria izango du eta onuradunak urte beteko epea izango du proiektua gauzatzeko. Hemen informazio gehiago.

Aurreko urtean bezala, kultur sorkuntzaren barruan arlo guztiak onargarriak izango dira: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa… Proposamena diziplina batekoa edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke.

Bigarren edizio honen onuraduna zein izango den abenduaren 20an iragarriko du Loraldiak. Eta 2024an zehar proiektua gauzatzeko epea izango du.

Proiektu berri hau ingurune digitalean gauzatu behar bada ere, aukera dago esparru analogiko eta fisikoan ere emanaldi batean gauzatzeko. Horretarako aukerarik sortzekotan, Loraldia festibalean aurkeztuko litzateke.

Bekaren eskaria eta proposamenen aurkezpena banaka edo taldeka egin daiteke eta Loraldiaren webgunean ezarrita dago prozedura.

Azaroaren 20ra arte jasoko dira proposamenak eta epaimahai profesional batek aukeratuko du zein izango den bekaren onuraduna. Behin erabakia hartuta, bekadunak urte bateko epea izango du lana garatzeko. 2025eko Loraldia Festibalean aurkeztuko da emaitza.

Iazko irabazlea

‘Gorputza atzean utzi’ aurreko edizioko proiektu irabazlea izan zen. Proiektu honen helburu nagusia gorputzaren gaia bere dimentsio sozial, teknologiko eta politikoarekin erlazionatuta jartzea da.

Gorputza eta teknologia uztartzen duen proiektu honek bilaketa bat planteatzen du: gorputza eta gero zer? Eta oinarrizko galdera batetik abiatzen da: datu huts bihurtuta… gizaki gara oraindik ere? Narrazio klasikoetan bezala, hemen ere norbaitek bidaiatzeari ekiten dio… baina oraingo honetan gorputza atzean utzita.

‘Gorputza atzean utzi’ egitasmoaren atzean EHUko irakasle talde bat dago: Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga.

Formatu artistiko anitzak uztartuko ditu eta bakoitzak dimentsio desberdina ematen dio ohiko fisikotasuna gaindituko duen gorputzari, bai ahotsa eta literaturarekin, bai soinu eta irudi digitalarekin. Hari narratiboa Katixa Agirrek idatziko du gorputza eta posthumanismoaren inguruan.

Proiektua zuzeneko lan performatibo bat da, partitura polifoniko baten edo pista anitzeko banda baten egitura izango duena, non disziplina artistiko ezberdinak ikus-entzunezko dispositibo digital baten inguruan uztartuko diren.