INFO

Anonyme Popular bueltan dator: udazkenean, bira berria

Lau hilabeteko geldialdiaren ondoren, Anonyme Popular bueltan dator. Igor Elortzaren, Rafa Ruedaren eta Oier Zuñigaren bertso-kanten ikuskizunaren udazkeneko bira iragarri da igandean; urritik abendura bitartean egingo den bira, alegia. Estreinatu zenetik 1.500 entzule baino gehiago izan dituzte.


Anonyme Popular Igor Elortzak eta Rafa Ruedak elkarlanean ondu duten ikuskizuna da; Zart kolektiboak argitaratu duen disko-liburua da ere: bertsolariaren hitzak eta ahotsa, eta musikariaren doinuak eta soinuak batzen dituen proposamena.

Lau hilabete izango dira azkeneko zuzeneko emanaldia eskaini zutenetik Durangoko San Agustin antzokian. Urtarrilean egin zen ikuskizunaren estreinaldia, Zazpikako erreportaje honetan islatu zen legez. Bien bitartean, ez dira geldirik egon, grabazio berri bi egin dituztelako udan, datozen asteetan sareratuko ditugunak.

Orain udazkeneko biraren bueltan datoz: urritik abendura bitartean, Arrigorriaga, Arrasate, Ondarroa, Lezo, Sopela, Donostia, Andoain eta Ataunen izango dira. «Jendaurrerako zirrara gurekin da berriz ere. Gogoz gaude», aipatu dute beraien web orrialdean.

Bertan ere ikuskizun honen hastapenaren nondik norakoak aipatu dituzte.  «Lehenengo emanaldiak lotuagoak izan ziren, zelan ez, oraindik guztiz menperatu bako ertz askori adi egon beharrari ikus-entzuleen harreraren gaineko ezinegona gehituta –gogorarazi dute–. Emanaldiek aurrera egin ahala, baina, arreta zein harrera polita gureganatuz gindoazela ikusi genuen, eta bertso-kantak gorpuztu ahala oholtza gainean geroago eta erosoago ere sentitu ginen. Asko gozatu genuen zuzeneko lehenengo aldikada hura».

Zarautz, Elorrio, Iruñea, Villabona, Bilbo, Oñati, Hernani, Amurrio, Markina, Igorre edo Lesakan egon ziren. Osotara, 1.500 entzule baino gehiago. Ez da marka makala.