San Pedro eta Bueu Eusko Label ligako ontziak bilakatu dira; Hibaikak maila mantendu du
Hibaikak Euskotren ligan jarraituko du. Igande honetan Portugaleteko uretan denborarik azkarrena erdietsi dute errenteriakoek eta beraz, maila mantentzea lortu dute. Gizonezkoetan, San Pedrok eta Bueuk igoera erdietsi dute eta Samertolameu eta Santurtziren lekua hartuko dute Eusko Label ligan..
Lau urte beranduago bata eta hirugarren saiakeran bestea, San Pedro eta Bueu Eusko Label Ligako ontzi bilakatu dira igande honetan. ‘Libiak’, Bermeon egin legez, denbora azkarrena egin du Portugaleten ere eta beraz, KAE1 ligan erakutsitako nagusitasuna berretsi du igoera fase honetan.
2019an maila galdu zuen Sanpedrotarrak, arraunean historikoa den traineruak, hain zuzen ere. 15 aldiz dauka irabazita Kontxa baina urte gorabeheratsu batzuen ostean, maila galdu zuen. Berrestrukturatu eta sendotzea ezinbestekoa bilakatu zen Pasai San Pedroko ontziarentzat. KAE1 ligan egin dituen lau urtetan goialdean aritu da –hiru aldiz jokatu du igoera fasea eta iaz ere mailako txapelduna izan zen– eta azkenean, 2023an berretsi du goi-mailan lehiatzeko kapaz dela.
Igoera faseko bi jardunaldietan azkarrena izan da. Igande honetan, Lapurdi baino 4 segundo arinago ibili da eta hain zuzen ere, Joseba Fernandezek zuzendutako ontziak eskuekin igurtzi du igoera. Galiziako Bueuk lortu du azkenean igoera, Bermeon eginiko denbora onari esker. Puntuz berdinduta bukatu dute lapurtar eta galiziarrek (6) baina Pontevedrako eskifaiak, bi estropadak batuta, denbora hobea eginda berretsi du igoera, bere hirugarren saiakeran.
Batzuen poza eta besteen etsipena. Santurtzik maila galdu du. Eusko Label liga eta Kontxa irabazi eta bi urtera, txanponaren beste alde ezagutzea egokitu saio ‘Soterari’. Kluba berregituratzea eta harrobia indartzea ezinbestekoa izango da Santurtziko ontziarentzat, ahal bezain laster elitean lehiatzera itzuli nahi badu.
Play-offa, bigarren jardunaldia
1. San Pedro 19:59.76
2. Lapurdi 20:04.28
3. Santurtzi 20:05.52
4. Bueu 20:05.96
5. Ares 20:12.28
Play-offa, sailkapen nagusia
1. San Pedro, 10 puntu - 40:12.16
2. Bueu, 6 puntu - 40:20.72
3. Lapurdi, 6 puntu - 40:23.34
4. Santurtzi, 4 puntu - 40.26.24
5. Ares, 4 puntu - 40.28.62
Hibaikak Euskotren ligan jarraituko du
Bulegoetan eta uretan borrokatzea egokitu zaio, bestalde, Hibaikari, Euskotren ligan jarraitzeko. Bulegoetako lanak ez zuen aurrera egin eta beraz, Errenteriakoek arraunean eginda berretsi dute «Euskotren ligako ontzia» dela. Bermeoko estropadan hiru ontziak hiru segundoko tartean aritu baziren ere, Hibaika koska bat gorago dagoela sumatu da bi jardunaldietan.
Portugaleteko erlojupekoan urduritasuna gori-gorian zegoen eta korrontearen aurka borroka egitea egokitu zaie ontzi guztiei. Alde horretatik, Zuriñe Alberdi Hibaikako patroiak onartu du 2020an ere estatxarekin arazoak izan zituztela eta aurten, korrontearen erruz, ziurgabetasun hori berriro ere gorputzean sartu zaien arren, kontrolatzea lortu dutela, bai eta ziabogan txukuna egitea ere, «korronteari aurrea hartuta».
Zumaia izan da bigarrena, lau segundora, eta Kaiku geratu da azken lekuan. Bi traineru hauek ere txalotzeko denboraldia egin dute. Lehia izugarria eskaini dute ETE ligan eta Kontxan erakutsi zuten onenen pare aritzeko gaitasuna ere bazutela. Horregatik, hain zuzen ere, Hibaikak ongi borrokatu behar izan duela Euskotren ligako mailari eusteko.
«Uste dugu ez ginela hemen egon behar –Euskotren ligan seigarren geratu zen eta helegitea jarri zuten– baina uretan borrokatzea tokatu zaigu eta erakutsi dugu Euskotren ligako trainerua garela», adierazi du tinko Alberdi patroiak.
Play-offa, bigarren jardunaldia
1. Hibaika 10:45.54
2. Zumaia 10:49.56
3. Kaiku 10:52.10
Play-offa, sailkapen nagusia
1. Hibaika, 6 puntu - 21:36.92
2. Zumaia, 3 puntu - 21:44.00
3. Kaiku, 3 puntu - 21:45.44