INFO

Etorri berrien jarrerak euskararekiko: parez pare ala aurrez aurre?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren jatorri atzerritarreko herritarrek euskararekin zer harreman duten ikertu du Begirune Fundazioak. Lehen aldia da eta abiapuntua izatea da asmoa. Gure hizkuntzarekiko jarrera on samarra erakutsi dute galdetegian parte hartu duten mila pertsonek.

Mario Hortal (eserita) eta Pepe Oleaga (hizketan) Begiruneko kideek inkestaren emaitzen berri eman zuten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Etorri berri hagitz gutxik dakite euskaraz, eta are gutxiagok erabiltzen dute. Ez dago ezuste handirik horretan. Baina atzerriko jatorria duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek euskararekin zer erlazio duten ezagutzeko lehen ikerketak, Begirune Fundazioak eginak, eman ditu emaitza harrigarriagoak ere. Pepe Oleaga Paramo fundazioko zuzendariordeak eta Mario Hortal Yarza bertako ikertzaileak aurkeztu zuten inkesta joan den ostegunean, EHUren udako ikastaro batean. Gogoetarako oinarria izan zen Donostiako Miramar Jauregian, Xabier Aierdi eta Andrea Ruizek zuzendutako kurtsoan, elkartu ziren aditu, aritu eta euskaltzaleentzat.

18 urtetik goitiko 1.006 lagunek parte hartu zuten inkestan, iragan apirilaren eta ekainaren artean, 21 udalerritan. Horietatik ia %85ak ez daki batere edo apenas euskararik, eta %2k bakarrik du aski maila.

Ongi dakitenek unibertsitate ikasketak dituzte, 18 eta 29 urte bitarteko adina, maila ekonomiko altua, Europar Batasunekoak dira eta espainiar nazionalitatea dute. Deus gutxi dakitenek, berriz, 50 urte baino gehiago dituzte, oinarrizko ikasketak soilik, gaztelania pixka bat dakite, erlijio musulmana dute eta egoera administratibo ezegonkorra.

Erdian kokatzen dira

Hamar pertsonatik seik diote ez dutela euskara ia inoiz erabiltzen. %2,3k bakarrik erabiltzen du maiz bere inguruan. Gehienak (%70) gaztelaniaz mintzo dira. %40k uste du beren seme-alabek dezenteko euskara maila dutela eta %36k, egunero erabiltzen dutela. Erdiek diote ez dutela sekula erabiltzen. Umeei euskara ikasten laguntzen al dieten galdetuta, ezezko biribila da erantzuna (%90).

Euskararekiko zein jarrera dituzten jakin nahian, eskala bat osatu dute. Gure hizkuntzaren inguruko 60 esaldi proposatu dizkiete, ados dauden ala ez galdetuz. Parte-hartzaile gehienak erdian daude, ez dute muturreko jarrerarik erakusten. Zero eta 80 puntu artean, zero, euskara guztiz ukatzea bada eta 80, euskaltzale porrokatua izatea, 43,97 puntutan kokatzen dira.

Oleagaren arabera, etorri berriek euskararekiko ikuspegi «on samarra» dutela erran nahi du horrek. Badira eskalan goiti edo beheiti bultzatzen duten aldagai soziodemografiko batzuk: udalerri txiki eta ertainetan hurbilago dute euskara eta, ondorioz, hizkuntzarekiko duten jarrera ere hobea da. Euskaraz hobeki edo okerrago mintzatzea zuzenki lotua dago ikuspegi baikorragoa edo ezkorragoa izatearekin. Zaila da jakitea zer den lehenago, ezagutza ala jarrera.

Ekonomikoki aski maila izateak eta goi mailako ikasketek ere laguntzen dute jarrera hobetzen. Txanponaren ifrentzuan, ikertzaileak harritu dituen datu bat: jarrera ezkorragoak azaldu dituzten bi jatorrizko herri, Txina eta Errumania. Dena den, Begirunekoak aipatu zuenez, aldagai hauek erantzunen laurdena esplika dezakete soilik.

Baldintza berriak sortu

Ikerketaren datuak esku artean, bere irakurketa egiteko eskatu zion Ikuspegi Fundazioak Iñaki Martinez de Luna Perez de Arribari. Ia 40 urtez unibertsitatean irakasle ibilia eta euskararekin lotutako hainbat azterketatan parte hartua, gaur egun Garabideko lehendakaria da. Erronka nagusia demografikoa dela oroituz hasi zuen azalpena: «Jaiotza tasa oso baxua dugunez, etorkinen eskutik izango dugu etorkizuna».

Xabier Barandiaranen hitzak ekarri zituen: «Baldintza berriak sortu behar ditugu, nortasun partekatu, anitz eta dinamiko baterako».

Motibazioez solas egin zuen Martinez de Lunak. Inkestaren esaldi batek hala dio: ‘Euskara jakiteak ateak irekitzen dizkizu’. Lautik hiru ados daude, eta hizkuntza dakitenen artean handiagoa da adostasuna. Bertze baieztapen bat: ‘Euskara beharrezkoa da EAEn bizitzeko’.

Gehienek ez dute hala ikusten. Udalerri txikiagoetan handiagoa da adostasuna, inguru euskaldunagoak direlako. ‘Nahiago dut edukiak euskaraz kontsumitu’. Inondik ere ez. Hemen ez dago alde handirik aldagai ezberdinen artean. ‘Euskara ikastea garrantzitsua da niretzat’. Gehienentzat ez da hala. ‘Hizkuntza ederra iruditzen zait’. Ados. ‘Gustatzen zait’. Erdiei bai. ‘Aberasgarria da’. Bai. ‘Gehiago jakitea nahiko nuke’. Bai.

Motibazio ideologikoetara igaroz, ‘EAEko biztanle guztiek jakin beharko lukete euskaraz’. Gehienen ustez, ez. ‘Gehiegi bultzatzen da euskara’. Ez. ‘EAEn lan egiten duten pertsona guztiek jakin beharko lukete euskaraz’. Inondik inora.

Haurrekiko aldatzen da

«Zertarako kezkatuko naiz ni neu euskararekin? Ez dut behar bizitzeko. Baina garrantzitsua da haurrek euskara jakitea». Hala azaldu zuen adituak umeak tartean daudenean gertatzen den begirada aldaketa. EHUren udako ikastaroan ere baziren jatorri atzerritarreko gurasoak, eta nabarmendu zuten ikuspegia erabat aldatu zitzaiela ama edo aita izan zirenean.

Honako baieztapenak partekatzen dituzte: ‘Haurrek euskara ikastea garrantzitsua da euren etorkizunerako’ eta ‘gustatzen zait seme-alabek euskara ikastea’.

Motibazioen balantzea honakoa litzateke, Iñaki Martinez de Lunaren arabera: «Euskara lagungarria da, baina ez beharrezkoa. Ondo dago, interesgarria da. Bultzatu behar da, baina exijitu ez. Haurrek jakitea ona da, eskolan ez da oztopo». Sexua ez da aldagai esanguratsua, ezagutza bai: jakitea eta ez jakitea aurrez aurre daude. Motibazio ideologikoak mehatxu izan daitezke; afektiboak, kognitiboak eta kulturalak, aukera; integratzaileak eta instrumentalak, ahulezia; eta kulturalak eta instrumentalak, haurrekin lotuta, indargune.

Ekitatea beti presente

Ezaguna da Maslowren beharren piramidea. Adituak irudia erakutsi zuen euskaltzaleen eta etorri berrien premien arteko kontrastea erakusteko. «Etorkinen premia nagusia bizi ahal izatea da. Euskaltzaleen beharrak, aldiz, jendartearekin, konfiantzarekin eta autoerrealizazioarekin daude lotuta. Maila ezberdineko premiak dira. Etorkinenak oinarrizkoak dira eta euskaltzaleenak gorago daude piramidean».

Albistearen abiapuntuko galderara itzuli zen Garabideko lehendakaria: «Euskara eta immigrazioa aurrez aurre daude edo bide beretik joateko aukera dago?». Defendatu zuenez, enpatia, etika eta integrazioa funtsezkoak dira bide horretan. Etorri berri diren pertsonekin etengabe hitz eginez ematea pausoak. Eta hizkuntza politikak ekitatez bultzatzea, gutxien dutenek baliabide gehiago behar dituztela aintzat hartuta, baita euskarari buruz ari garenean ere.

Gai konplexu batez hausnartzeko bidea eman zuen Begirune Fundazioaren azterketak. (Gorka RUBIO | FOKU)

 

A eredutik D eredura, baina nola?

Amelia Barquin Lopez Filologian doktorea da, baita Mondragon Unibertsitateko irakaslea ere. Kulturarteko hezkuntzan aritzen da. Berak ere interpretatu zituen Begirune Fundazioaren ikerketaren emaitzak. Ohartarazpen batekin hasi zen: «Immigrazioa eta euskara aurrez aurre jartzearekin kontuz, immigrazioa ez baita euskarak daukan zailtasun nagusia». Aukera gisa ikustera animatu zuen, bertzeak bertze, etorri berriek ere ikuspegi hori jasotzeko.

Azterketaren ondorioak hala laburbildu zituen: «Ezagutza eta erabilera, ez; jarrera orokorra, bueno; jarrera pertsonala, baina; umeak eta hezkuntza, bai». Deigarri egin zaio inkestaren zenbat partaide ez den busti. «Uzkur» batzuk ere badirela iruditu zaio, %20-25. «Kezka dut ea noraino erantzun duten politikoki zuzen. Giroan dagoena harrapatu dute. Jarrera baikorra adierazi nahi izan dute, autoktono ez euskaldunek bezala. Ez dute euskara ikasi, baina ikastea gustuko dutela diote».

Ume eta gazteengan dago aukera, eskolan. «Nik ez dut ikasiko, baina umeek ikas dezatela, diote. Autoktono elebakarrek egiten duten bezala». Azken hauek inkestan antzeko erantzunak emanen al lituzketen galdetu zuen Barquinek.

2022an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaiotako haurren %30ak ama atzerritarra du. Hortaz, kanpotik etorritakoez gain, hemen jaioak ere badira. D eredu publikoan daude gehienak. «Jakin izan dugu A eredutik D eredura pasatzea bideratzen. Baina nola? Familiarena ez den eta hegemonikoa ez den hizkuntza batean. Eremu erdaldunetan. Nahiko baliabiderik ez duten ikastetxe segregatuetan. Formazio gehiago behar duten irakasleekin. Eskolaz kanpoko errefortzua jasotzeko aukera gutxiagorekin. Aisialdi diferentzialean. Egoera zailetan dauden familiekin. Arrazializatuek jasotzen duten tratuarekin. Bertan jaioak izan arren, behin eta berriro galdetuko diete nongoak diren eta euskaraz zein ondo hitz egiten duten txalotuko dute. Klase eta arraza arrakala dago».

Irakaslearen iritziz, A eredutik D eredura pasatzea gure herriaren aldeko pausoa da, eta ikasleen aldekoa ere izanen da, baldin eta ongi ateratzen bada. «Tranpa egiten ari garen susmoa dut. Inguru ez euskaldunetan zenbateraino lortzen dute euskara ezagutzea? Ondo ez ikasteak ondorioak ditu haientzat».

Aisialdia gakoa dela eta horri erreparatu behar zaiola uste du. Badira, adibidez, gaztelaniaz mintzo diren monitoreak, hobeki moldatzen direlako. «Eta? Ni ere bai! Apustua benetakoa da? Hala ez bada, badakigu zein izango diren galtzaileak».

Amelia Barquinek aitortu zuen bere sentsazioa dela gauza bera erraten zela duela 15 urte. Bai hausnarketa eta bai neurriak motel doazela. «Zerbait egin behar da», animatu zuen. Euskarara hurbiltzea ekitatearekin eta elkartasunarekin lotu zituen. Eskuz esku aritzearekin. Horretan ari dira udalerri euskaldun batzuetan, familiekin batera, euskaraz bizitzen jarraitzea eta euskaraz ez dakitenen komunikazioa eta partaidetza bermatzea nola lortu bilatzen, bertzeren artean bilerak euskaraz eginez aldibereko itzulpenarekin.