INFO

‘La vida padre’ filmak jasoko du IX. EZAE Saria

‘La vida padre’ filmak IX. EZAE Saria jasoko du, 2022an EAEko zine-aretoetara ikusle gehien erakarri zituen euskal partaidetzadun ekoizpena izateagatik. Gure Zinema saria, aldiz ‘Cinco lobitos’-ek jasoko du. Irailaren 23an jasoko dituzte sariak, Zinemaldian.

‘La vida padre’ filmeko fotograma. (NAIZ)

‘La vida padre’ filmak jasoko du IX. EZAE Saria, iaz EAEko zine-aretoetara publiko gehien erakarri zuen euskal partaidetzadun ekoizpena izateagatik.

Erabakia hamabost zinema eta 80 areto biltzen dituen EZAE zinema-aretoen elkarteak hartu du, filma zinemetara ikusle gehien eraman dituen euskal partaidetzadun ekoizpena dela ebatzita.

Pelikula Joaquín Mazónek zuzendu du eta aktoreen artean hainbat euskal izen daude: Karra Elejalde, Lander Otaola, Maribel Salas, Gorka Aguinagalde, Karmele Aranburu, Santi Ugalde eta Iker Galartza, besteak beste.

Sari-banaketa ekitaldia irailaren 23an izango da, Donostiako Zinemaldian, eta bertan izango dira Zinemaldiko eta EZAEko zuzendaritza-batzordeak eta Gasteizko Gobernuko Kultura saileko arduradunak.

2015eko Zinemaldian emandako lehen EZAE Sariak ‘Loreak’ pelikularen ibilbidea aitortu zuen. 2016an ‘Amama’ izan zen sariduna; 2017an Juanba Berasategi zinemagileak hil osteko omenaldia jaso zuen; 2018an, ‘Handia’ filma izan zen irabazlea, 2019an ‘Dantza’, 2020an ‘La Trinchera Infinita’, 2021ean ‘Akelarre’ eta iaz ‘Maixabel’.

Gure Zinema Saria

Gainera, berrikuntza gisa, aurten, IX. EZAE Saria emateko ekitaldi berean, I. Gure Zinema Saria jasoko du ‘Cinco lobitos’ lanak, euskal zinema-sektoreari egindako ekarpenagatik eta kritikaren zein publikoaren aldetik jasotako harrera bikainagatik. «Euskadin egindako zinemaren indarra eta erakargarritasuna erakutsi nahi du errekonozimendu horrek», nabarmendu dute EZAEtik.

Gure Zinema duela urtebete sortu zen, «filmen ekoizpena posible egiten duten sektore guztiak batzeko asmoarekin, ideiaren lehen zirriborrotik hasi eta zinemetan proiektatu arte esku hartzen duten katebegi guztiak bateratzeko, hain zuzen ere», ekarri dute gogora. Gure Zinema proiektuaren kide dira hiru euskal ekoizle-elkarte (Apika, EPE-APV eta Ibaia), EZAE, EiTB eta euskal zinemarekin loturiko hainbat eragile, jaialdi, kultur erakunde eta elkarte, hala nola aktoreena eta gidoilariena.