INFO

Mikel Castillo gogoan izan dute Iruñean, polizikide batek tiroz hil zuen egunaren urtemugan

23 urte baino ez zituen Castillok. (Iñigo Uriz | Foku)

Mikel Castillo Furtado oroitu dute aurten ere Iruñeko Alde Zaharrean, espainiar polizikide batek hil zuen toki beretsuan, Carmen kalean. Jada 33 urte badira hilketa hartatik eta gertatutakoa ez dute inoiz zigortu, ez eta ikertu ere, familiak maiz salatu duenez.

Arratsaldean eginiko ekitaldia oso xumea izan da; aurreskua dantzatu dute bere argazkiaren aurrean eta lore batzuk jarri dituzte kale kantoi horretan, Herriko Tabernaren pare-parean. Bertan akabatu zuten Mikel Castillo bizkarrean tiro bat emanda, irailaren 18ko goizaldean, 1990. urtean. ETAko kidea zen gaztea eta 23 urte baino ez zituen.

Tiroa egin zuen polizikidea identifikatua izan zen baina guztiz errugabe atera zen epai prozesutik. Bere arreba Begoñak NAIZen argitaratutako gutun batean gogora ekartzen zuenez, «tiroa ez zen kasualitatez emanda, aldez aurretik prestatua baizik, ondo trebatutako polizikide baten eskutik».

Rafael Navarro Vacasen aurkako salaketa jarri zuen familiak, baina polizikide honek Castillok arma bat zuela eta bere defentsan aritu zela argudiatu zuen. Bertsio hori nahikoa izan zuten auzitegiek; ez zioten ikerketari biderik eman. «Pistola hura polizikideak bakarrik ikusi zuen», salatu zuen Begoña Castillok, hori guztiz ukatu zuten lekukoak izan bazirela gogora ekarriz.

Errugabe jotzea gutxi ez... eta saria eman zioten Polizi espainoleko kideari hortik bi astetara. Behin baino gehiagotan domina hura kentzea eskatu du familiak, baina erakundeek ez dute erantzunik eman. Ikerketan aurrera egiteko saiakera guztiak ere alferrikakoak izan dira. Nafarroako Ospitaleko dokumentazioa eta auzitegietakoa lortzen ahalegindu badira ere, dena ukatu zaie edo garrantzirik gabeko aipamenak baino ez zekartzan.