INFO

Trinitarios eta Donibane artean igogailu berria jarri du martxan Iruñeko Udalak

Trinitarios pasealekua eta Donibane auzoa lotzen dituen igogailua martxan jarri du Iruñeko Udalak. Hirian gisa honetako hamaikagarren azpiegitura da. 2,9 milioi euroko inbertsioa egin dute bertan.

Trinitarios eta Donibane arteko igogailua. (IRUÑEKO UDALA)

Lopez Sanz Doktorearen kalea (Anaitasunaren ondoan) eta Plazaola pasealekua lotzen dituen Trinitarioseko hiri-igogailua abian da, behin ingurua berrurbanizatzeko obrak amaituta. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Kontseiluak, Cristina Ibarrola buru zela, eta Udalbatzako kide batzuek eremua bisitatu dute lanen emaitza eta hiriaren alde horretan irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea ahalbidetuko duen instalazio berria bertatik bertara ezagutzeko

Iruñeko Udalak, guztira, 2,9 milioi inbertitu ditu proiektu horretan, zeinetan, igogailua instalatzeaz gain, 10.000 metro karratuko berdegunea sortu baita eta beste 5.800 metro karratu berrurbanizatu baitira, oinezkoen eta bizikleten zirkulazioa antolatzeko Erreginaren aldapa eta Lopez Sanz Doktorearen kaleen eremuan. Lanek Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren finantzazioa dute Europak 2,3 milioi euro eman baititu Next Generation EU funtsen bitartez.

Guztira, 15.000 metro koadro baino gehiagotan esku hartu da, eta toki hori aisiarako gune gisa irabazi da. Lanak 2022ko martxoan hasi ziren eta bi fasetan garatu dira. Lehenengoan, lanek beheko zatia (Plazaola pasealekuaren inguruko parkea) eta igogailuaren eraikuntza (hogei metroko desnibela gainditzen duena) izan zituzten ardatz. Lehenengo fase hori maiatzean amaitu zen, baina parkea eta igogailua ez ziren ireki, Lopez Sanz Doktorearen kalearen eta Erreginaren aldapa kalearen ingurua berrurbanizatzeko lanak amaitu arte. Zuhaiztiak eta bestelako landare batzuk landatzeko lanak egiteke zeuden oraindik, baina neguan eginen dira, lan horietarako garai aproposa baita.  

Horiek, urtarrilean hasi eta amaitu berri den bigarren fasean egin dira, eta Taconera parkearekin oinezkoendako eta bizikletendako lotura sortzea ahalbidetu dute. Zehazki, oinezkoen eta bizikleten ibilbideak sortu eta berrantolatu dira, eta espaloiak eta galtzada berritu dira. Zehazki, Larraina multzoaren ondoko espaloia zabaldu da eta galtzadan bidegorri tarte bat eraiki da igogailutik Taconera parkera bitarte sortzen den bizikleten zirkulazioa xurgatzeko. Halaber, oinezkoendako pasabide atseginagoak sortu dira Iratxeko Monasterioaren eta Erreginaren aldapa kaleekin.

Hamaikagarren hiri-igogailua


2004an lehenengoa instalatu zenetik Iruñean ezarri den hamaikagarren hiri-igogailua da Trinitariosekoa. Egun, honako kale hauetan daude mota horretako instalazioak: Descalzosen, Media Lunan, Erletokietan, Isaac Albenizen, Felisa Munarriz plazan, Fiteroko Monasterioan, Ipar Etxabakoitzen, Concepcion Benitezen, Lezkairun eta Mendillorrin.

Trinitarioseko igogailuak 20 metroko desnibela gainditzea ahalbidetzen du, L itxurako egiturari esker. Igogailuko sarrera eta Lopez Sanz Doktorearen kalea lotzen ditun pasabide horizontalak 30 metro baino gehiago ditu. Igogailuak, berez, altzairu pintatuzko egitura metaliko bat eta kabina hartzeko beirazko gorputz bat ditu, beste instalazio batzuen egituraren antzera, esaterako Media Luna parkekoarena. Igogailuaren ondoan, Anaitasunatik gertuen dagoen eremuan, aurretik zeudenak ordeztuko dituzten eskailera berri batzuk eraiki dira sigi-sagan.