INFO

Eudelen «hurbiltasuna» aipatu du presidente berriak eta finantziazioan eragingo du EH Bilduk

Eudelen «hurbiltasuna eta adostasun balioak» nabarmendu ditu gaur erakunde honetako presidente hautatu duten Esther Apraiz (EAJ) Derioko alkateak. Presidenteordeak Nagore Alkorta (EH Bildu) Azpeitiko alkatea eta Jose Antonio Santano (PSE) Irungo alkatea izango dira.

Esther Apraiz, Eudelen presidente berria erdian, alboetan Nagore Alkorta eta Jose Antonio Santano dituelarik. (Jon URBE | FOKU)

Esther Apraiz (EAJkoa eta Derioko alkate) Eudel udalerrien elkarteko presidente berriak erakunde honen «hurbiltasun eta adostasun balioak» defendatu ditu astearte honetan Donostian egin den batzar orokorrean hautatua izan eta gero. Berarekin batera, Nagore Alkorta (EH Bildukoa eta Azpeitiko alkate) eta Jose Antonio Santano (PSEkoa eta Irungo alkate) izendatu dituzte presidenteorde.

Batzorde Eragileko gainerako kideak ere hautatu dituzte gaurko bileran: Erlantz Urresti (EAJkoa eta Maruri Jatabeko alkatea), Maialen Gurrutxaga (EAJkoa eta Elgoibarko alkatea), Jon Luqui Albisu (EAJkoa eta Urretxuko alkatea), Nati López de Muniain (EAJkoa eta Elburgoko alkatea), Txerra Molinuevo (EAJkoa eta Amurrioko alkatea), Iñigo Hernando (EH Bildukoa eta Galdakaoko alkatea), Txelo Auzmendi (EH Bildukoa eta Asparrenako alkatea), Xabier Lertxundi (EH Bildukoa eta Hernaniko alkatea), Eneritz Azpitarte (EH Bildukoa eta Zaldibargo alkatea), Izaro Elorza (EH Bildukoa eta Oñatiko alkatea), Mikel Torres (PSEkoa eta Portugaleteko alkatea) eta Zallako zinegotzi Joseba Andoni Zorrilla (Zalla Bai).

Bere inbestidura-hitzaldian, Esther Apraizek izendapenak eragiten dion zirrararen berri eman du: «Ohorea da nire parekideek, alkateok, euskal udalgintza osoa ordezkatzeko ni aukeratu izana». Apraizek eskertu egin du aurreko Batzorde Eragileak egindako lana, eta bere lehendabiziko hitzak Gorka Urtarani, karguan bere aurretik izan denari, eta Eudelen hurrengo ibilbidean lagunduko dion talde berriari eskaini dizkie.

Derioko alkateak esan du indartsu sentitzen dela, eta badakiela karguak erantzukizun handia eskatzen duela. «Eudel udalerrien ahotsa da, plurala eta partaidetzazkoa, eta tokiko autonomiaren eta finantza-beregaintasunaren berme-lana egiten du».

Barne-mailako mezuen artean, Apraizek elkarrizketa eta adostasuna zaintzen jarraitzea proposatu du, bai Eudelen gobernu-organoetan, bai foro instituzional eta lan-talde guztietan, «udalerri guztiek batera lan egiteko gure helburu amankomunen, herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde».

Alkorta: «Beste euskal udal erakundeekin harremana hobetu»

Eudelen presidenteorde berria izango den Nagore Alkortak adierazi duenez, «garrantzitsua eta esanguratsua iruditzen zait zuzendaritza berri horretan ordezkaritza orekatuagoa eta zabalagoa izatea, horixe baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek maiatzeko udal hauteskundeetan adierazi zuten borondatea». EH Bilduk bost ordezkari izango ditu zuzendaritza berrian.

Eudelen lehen presidenteordearen hitzetan, «zuzendaritzaren osaketa berri honek balio beharko luke Eudelek indar handiagoa izateko euskal udalen interesen defentsan bestelako erakundeen aurrean».

Ezker subiranistaren aldetik bi lan-ildo eta helburu nagusiak azaldu ditu Alkortak. «Alde batetik, udalen finantzazioa hobetzea, tokiko erakundeetatik herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobeak eta eraginkorragoak izateko. Eta, beste alde batetik, Eudelelek harremanak sendotzea gainontzeko euskal udal erakundeekin».