INFO

Lehen aldikoz zabalduko dira mintzalagunak Ipar Euskal Herri osoan zehar

Euskararen erabilera handitzeko espazioak sortzea oinarrizkoa da. Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen dituen mintzataldeak eta AEK-ren Praktikatu zerbitzuari esker sorturiko programak Ipar Euskal Herri osoan zehar arnasguneak sortzeko aukera emanen dute lehen aldikoz. 

Donibane Lohizunen aurkeztu dute Mintzalagun ekimena hedatzeko egitasmoa. (Donibane Mintza Lagun)

Euskararen erabilera handitzea xede, horretarako espazioak sortzea oinarrizkoa da.

Hori da mintzalagunen errola. Horretarako, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen dituen mintzataldeak eta AEK-ren Praktikatu zerbitzuari esker sortu 'Mintzalagun' programak Ipar Euskal Herri osoan zehar arnasguneak sortzeko aukera emanen dute. 

Izan ere, Euskaltzaleen Topaguneak bere ikasturte berria abiatzen du «noiznahi, nonahi mintzapoza praktikatzeko gonbidapena» luzatuz.

Ipar Euskal Herri osoko mintzalagunek ere euskara «mintzapoza» praktikatzeko aukera izanen dute, bertako euskatzaleen elkarteek eskaintza zabaltzea lortu baitute. Urriko izen emateak jadanik egiten ahal dira elkartearen webgunean eta horrez gain, Hendaiako Mintzaian elkarteak irailaren 22an arratsalde pasa egitea proposatzen du (trikipintxo poteoa, izen emate ibiltaria eta sari banaketa).

«Mintzapoza praktikatzeko eta mintzalagun berriak ezagutzeko hitzordu paregabea» izanen da. 

AEK-k berriz, Praktikatu zerbitzuaren bidez 2005etik antolatzen ditu Euskal Herrian mintzapraktika egitasmoak, baina lehen aldia izanen da eskaintza hori Ipar Euskal Herrira iritsiko dela. Lehen fasean, Donibane Lohitzune, Ziburu, Urruña eta Getaria eskualdean abiatuko dira 2023/24 ikasturtean eta hamar mintzatalde sortzen saiatuko dira.

Izen emateak urte osoan zehar egiten ahal dira emaila igorriz donibane.mintza@aek.eus helbidera. 

Antolaketa

Bi 'Mintzalagun' programen xedea eskualdeko euskaldunak elkarrekin harremanetan ezartzea da, astean bederen ordu batez elkarrekin eta modu informalean euskara partekatzeko eta praktikatzeko.

Euskara erabili, ikasi edota ikasten ari direnei irekia izan arren, euskarazko B1 maila beharrezkoa da (euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila) eta adin nagusikoa izan behar da.

Taldeak bost edo sei kidekoak dira eta bederen kide batek euskaraz naturalki eta erreski erabiltzen jakin behar du, gainerakoak lagundu ahal izateko.

Beraz, bi partaide mota badira. Alde batetik ‘bidelariak’, euskara praktikatu behar dutenak. Ikasle izan edo ez, programa honetan ez dute errol hori izanen; xedea euskaraz mintzatzea baita, lagun talde batean bezala. Bestetik, ‘bidelagunak’, hauek euskara maila ona dutenak izanen dira, komunikazioa bermatzeko.

Bidelarientzako eredu bat baizik ez dira, laguntzeko noski, baina ez irakasteko; ez dira hor izanen elkarrizketak mozteko eta dena zuzentzeko.