INFO

Zabalik da Beldur Barik lehiaketa, gazteen artean parekidetasuna eta sormena bultzatzeko xedez

Martxan da Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren 14. edizioa. 12 eta 20 urte bitarteko gazteek azaroaren 10era arteko epea izango dute kultura matxista eta indarkeria sexistari aurre egiteko jarrera islatzen duten sormen lanak aurkezteko.

Beldur Barik kanpainako kaleko ekintza bat, 2015ean, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Abian da 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako Beldur Barik lehiaketa. Emakunderen ekimenak 14. edizioa du jada eta aurrekoetan bezala, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta kidetasunaren gisako balioak sustatuko ditu, «beldur barik jarrera» deitzen dutena. Sormena izango da bidea, kultura matxistari eta indarkeria sexistari aurre hartzeko.

Partaideek heldu den azaroaren 10era arteko epea izango dute lanak aurkezteko, eta abenduan jakinaraziko dute zeintzuk diren irabazleak. Lehiaketa 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei «beldur barik jarrerarekin» nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak gidatzen du Beldur Barik programa, Emakunderen bitartez, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eudelen babesa du.

Hiru kategoria eta hainbat sari

Gehienez hiru minutuko iraupena duten ikus-entzunezkoak aurkez daitezke. Hiru kategoria daude: lehenbizikoa, 12-13 urteko gaztetxoentzat; bigarrena, 14-18 urte bitartekoentzat; eta hirugarrena, 19-20 urtekoentzat. Bakarka edo taldeka parte har daiteke.  

Guztira zortzi sari banatuko dira: kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana. Horrez gain, herri bozketaren bitartez 300 euroko parte-hartze saria emango da, baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria ere. Herri bozketa azaroaren 16tik 19ra bitartean egingo da, beldurbarik.eus webgunean. Bertan dago informazio guztia.