«Prozesua zentzurik gabe luzatu da bi gazteen bizitza baldintzatuz»
Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrek espetxeratze agindua jaso dutela-eta, irailaren 30erako manifestazio nazionala deitu du ANkerkeriari stop!-ek Gasteizen, 18.30ean. Maddalen Muguruza plataformako kideak elkartasuna biderkatzera dei egin du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Heldu da bi gazteentzako espetxeratze agindua. Zehazki zein egunetarako izan behar dira espetxean?
Ostiralean jakinarazi genuen ANkerkeriari stop! Plataformatik Galder eta Aitorri espetxeratze errekerimendu hori iritsi zitzaiela eta bertan zehaztuta dagoen epean sartu beharko dira. Guk plataformatik zabaltzen dugun deialdia irailaren 30ekoa da, hori indartu nahi duguna eta luzatu nahi dugun mezua.
Atzera begira egingo dugu pixka bat, afera honek lau urteko prozesu judiziala izan baitu bere baitan. Espetxeratze agindua jakinarazteko unea ausazkoa izan dela uste duzue edo honen atzean arrazoiren bat egon liteke?
Guk uste duguna da, denbora guzti honetan salatu izan dugunaren harira, prozesua ahalik eta gehien luzatzen saiatu direla, epe legal horien baitan prozesuak zituen fase bakoitza ahalik eta gehien luzatzen saiatu direla. Guzti hau estrategia baten baitan zegoela uste dugu, Aitor eta Galderren bizitzak ahalik eta denbora luzeenez baldintzatuta izatea bilatzen duena.
Zentzu horretan injustiziaz, ankerkeriaz eta anakronismoz betetako auzia izan dela salatu izan duzue behin baino gehiagotan plataformatik. Epaiketa bera ere irregulartasun eta zentzugabekeria askoren erakusleiho izan zen.
Hori da. Kontua da guk hasiera batetik ankerkeria kasu bezala salatu nahi izan dugula. Badakigu Euskal Herrian horrelako beste hamaika kasu eman izan direla urte askotan zehar, baina gaur egun horrelako konnotazioak dituen epaiketa eta jazarpen politikoa ez dugu ulertzen. Bereziki, prozesu hauek Auzitegi Nazionalean epaitzeak salbuespeneko kutsu hori dauka, jazarpen politiko eta judiziala ema baita. Gainera, inolako zentzurik gabe luzatu dute prozesua, bi gazte militanteren bizitzak guztiz baldintzatuz.
Halakoa izan zen prozesu judiziala, esan genezake sententziak ere balorazio hori berretsi duela?
Bai, hala da. Nahiz eta fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eskatu, Auzitegi Nazionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri zien eta Auzitegi Gorenak berretsi du.
2019ko otsailaren 7an atxilotu zituzten Barbado eta Zelaia gazte arabarrak eta pasaden ostiralean jaso zuten espetxeratze agindua. Nola eragin du honek haien eta ingurukoen bizitzetan urteetan zehar?
Euren bizitza normala egiteko aukerarik gabe, uneoro prozesu judizialak ekarri zezakeen edozein berriren zain... Horrela bost urte luze izan dira, eta gogorrak. Orain prozesuaren bukaeran daude, Auzitegi Gorenak sententzia berretsi zuenean bagenekielako zein izango zen hurrengo pausua. Hala ere, hilabete batzuk gehiago luzatu dute azken fasea.
Ostiralean mobilizazio dinamika iragarri zenuten plataformatik eta astelehenean bertan hiru mobilizazio izan ziren. Nolakoa izan zen erantzuna?
Asteleheneko erantzuna izugarria izan zen. Egia esan, prozesu honetan guztian zehar elkartasun keinuak, manifestazioak eta ekimen pila bat egin ditugu eta jendeak erantzun du. Leku askotatik heldu zaigu elkartasuna eta astelehenekoa saretutako elkartasun horren isla izan zen. Jendeak hasierako indar berarekin erantzuten jarraitzen du eta gu oso eskertuak gaude horregatik.
Zentzu horretan garrantzitsua izango da zuentzat mobilizatzeko eta elkartasun keinuak biderkatzeko beharra, zergatik?
Hasieratik sarritan azpimarratu izan dugulako ankerkeria kasu hauen aurrean Euskal Herriak herri bezala erantzun behar duela, gure artean babesteko behar hori daukagula, baita antolatzeko gaitasuna ere. Uste dugu elkartasuna gure motorea izan behar dela eta are indar gehiagorekin erantzuteko deia luzatu nahi dugu.
Irailaren 30eko hitzordua hor dugu agendan gorriz markatuta, baina horren ostean bestelako urratsik aurreikusten duzue?
Plataformatik deituko dugun azken manifestazioa hori izango da eta horregatik jarri nahi ditugu indar guztiak bertan. Aste hauetan zehar eta honetan bereziki Euskal Herriko beste tokietatik ere elkartasun keinuak artikulatzeko deia egin dugu eta erantzuna oso positiboa izan da.