INFO

Bizitzari, heriotzari eta adiskidetasunari omenaldia

‘Kimitachi wa Do ikiruka’ animaziozko filmak ireki du Zinemaldiaren 71. edizioa, lehiaketatik kanpo. Hayao Miyazaki japoniarrak bizitzari eta heriotzari buruzko lana aurkeztu du, fantasiazko mundu batean murgiltzen den nerabe bat protagonistatzat hartuta. Oso harrera ona izan du.


‘Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron’ (Mutikoa eta lertxuna) animaziozko filmak inauguratu du Donostiako Zinemaldia, lehiaketatik kanpo. Ikusmina zegoen Hayao Miyazaki japoniarraren azken lana ikusteko, izan ere pelikula egiten eman dituen zazpi urteetan ez da haren inguruko xehetasunik zabaldu eta ia ez da promoziorik egin, beraz misterio kutsu bat ere bazuen. Gainera, honen ondoren erretiratu egingo dela iragarri du 82 urteko zinegile eta animazioaren maisuak –aurrez ere esan izan du erretiratu egingo zela, eta atzera berriz lanera bueltatu–. Filma Japonian estreinatu zen udan, iraila hasieran Torontoko zinemaldian aurkeztu zuten eta Donostiakoa Europako estreinaldia izan da. Guztietan harrera ona izan du, eta hemen ere hala izan da. Kursaal aretoa beteta, ikusleek gogoz txalotu dute emanaldiaren bukaeran.

Bigarren Mundu Gerran Tokion bonbardaketa batean ama hil berri zaion Mahito izeneko 15 urteko mutikoa da filmaren protagonista. Heriotzaren ondoren, aitak landa aldeko herri batera aldatzea erabakitzen du; han amaren ahizpa bizi da eta aita harekin ezkontzen da. Mahitok bizimodu berri bati ekin beharko dio baina beretzat ez da erraza izango egoera berri horretara egokitu eta «ama» berri bat duela onartzea.

Bizitza berri horretan bera «gaizkiarengandik» babesten duten hainbat zaintzaile izango ditu, eta gezurti hutsa den lertxun hiztun bat ere ezagutuko du. Guztiekin fantasiazko mundu batean murgilduko da, bizidunek eta hildakoek partekatzen dutena. Mundu imagiario horretan, mutikoak garapen bat izango du, ausardia, bidegabekeria, egia eta gezurra bereizten, laguntasuna zer den ezagutuko du, bizitzak hasiera berri bat aurkitzen duen arte. Bere familiako arbasorik zaharrena, osaba-aitona jakintsua, izango du lagun bide horretan.

Japoniar literaturaren klasiko batean, Genzaburo Yoshino idazlearen ‘Kimitachi wa Do ikiruka’ (Nola bizi zara?, 1937an idatzia) eleberrian oinarrituta, Hayao Miyazakik fantasia erdi autobiografikoa aurkezten digu, bizitzari, heriotzari eta adiskidetasunari buruzkoa, eta irudi ezin ederragoz jantzia.

Gaur gauean Donostia Saria jasoko du Miyazakik, Tokiotik birtualki.