INFO

Emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutako auziak %40 gehitu dira Nafarroan

Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidentea, Joaquin Galve, «kezkatua» azaldu da aurtengo lehenbiziko seihilekoan emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako %40 kasu gehiago erregistratu direlako herrialdeko auzitegietan.

Indarkeria matxistarekin lotutako prozesuak nabarmen ari dira ugaritzen Nafarroako epaitegietan. Irudian, ostiral honetan egindako ekitaldia, Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidentea, Joaquin Galve, buru. (NAFARROAKO AUZITEGI NAGUSIA)

Nafarroako auzitegietan nabarmen igo dira emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako kasuak. «Egoera izugarria da. 2021etik 2022ra %48 gehitu ziren auziak; babes aginduak, aldiz, %17. Iruñeko auzitegian 1.113 auzi erregistratu ziren 2021ean, eta 2022an, 1.827. Horrek Iruñean gai hauetarako bigarren epaitegi bat sortzeari lehentasuna ematea ekarri zuen. Dirudienez, heldu den urtetik aitzinera helduko dio eskaera horri Justizia Ministerioak», jakinarazi du Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak, Joaquin Galvek, ostiral honetan egindako ekitaldian.

Arazoa pil-pilean dagoela adierazi du. Hiriburuan momentuz gai hauetarako dagoen auzitegi bakarrak 1.062 kasu erregistratu ditu aurtengo lehenbiziko seihilekoan, joan den urteko epe berean baino %46 gehiago.

Zehaztu duenez, Nafarroan indarkeria matxistari erantzuten dioten epaitegi guztiak aintzat hartuz, %40 areagotu dira prozesuak urtarriletik ekainera bitartean. «Agoitzeko auzitegia aipatu behar da, %140 igo baitira bertan kasuak».

Funtzionamenduari dagokionez, Galvek defendatu du praktikoagoa litzatekeela gai hau Iruñean zentralizatzea.

Jaime Goyena Nafarroako fiskal nagusia ere izan da ekitaldian. Baita Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Amparo Lopez Barne Saileko kontseilaria eta Valentin Carrasco jarduneko gobernuko ordezkaria ere.

76 epaile, 46 emakume eta 30 gizon

‘Justizia datuz datu’ txostenaren arabera, gaur egun 76 epaile daude Nafarroan, 46 emakumeak eta 30 gizonak. 100.000 biztanleko 10,7 epaile daude. Espainiar Estatuko bigarren ehuneko baxuena da, Gaztela Mantxaren atzetik. Estatuko batez bestekoa 11,7 da.

Justizia administrazioan 51 abokatu daude Nafarroan, horietatik gehienak (%77,5) emakumeak. 267 bake epaile daude, eta 454 funtzionario.

2022an gutxi gorabehera 75.300 prozesu hasi eta 71.000 ebatzi ziren.

Abiatutako prozesuen erdia baino gehiago (%54,5) penalak izan ziren, %36 zibilak eta gainerakoak, lanarekin lotuak eta administrazioarekiko auzi-prozesuak.