INFO

Martin Aramendi ataundarra da UEMAren lehendakari berria

Agintaldiko lehen batzar nagusia egin du UEMAk eta Martin Aramendi Ataungo alkatea hautatu dute lehendakari, hurrengo lau urteetarako. Lehendakariordea Irune Urbieta izango da, Zarauzko zinegotzia. Zuzendaritza batzordea osatuko duten beste bederatzi kideak ere hautatu dituzte bileran.

Martin Aramendi, Uemako lehendakari berria. (Maialen Andres)

Martin Aramendi Ataungo alkatea hautatu dute larunbat honetan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari. Batzarkideek agintaldiko lehen bilera egin dute Ataunen bertan eta zuzendaritza batzordea osatuko duten kideak aukeratu dituzte. Irune Urbieta Zarauzko zinegotzia izango da lehendakariordea.

UEMAren lehendakaritzan lekukoa hartuta, kargua ilusioz eta lanerako gogoz hartu duela adierazi du Aramendik, «euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua» delako. Azken agintaldian UEMAren lana aitortzeko eta UEMA sendotzeko egin den lana nabarmenduta, urrats berrien garaia dela azaldu du: «Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk».

Lehendakari berriak euskararen biziberritzean «giltzarri» izango diren erabakiak hartu eta «urrats sendoak» egiteko agintaldia dela azaldu du eta horretarako ezinbestekotzat jo ditu «adostasuna eta konpromisoa».

Zentzu horretan, UEMAn ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta zuzendaritza batzordea adostasunez onartu izana ere garrantzitsua dela azpimarratu du Aramendik. «Ardura eta erronka handia da UEMAren lehendakari postua, baina zuzendaritza batzordea izango dut lagun».

UEMAk dituen erronka berriak ere hizpide izan ditu Aramendik: «Argi dago UEMA asko aldatu dela azken urteetan. Udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dion egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko».

Horretarako, udalerri euskaldunen eta herritarren hizkuntza-ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak direla aipatuta, «ezinbestean ikerketa-lerroa izango da UEMAk agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko».

101 udalerri gaur egun

Gaur egun 101 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteotan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok (Zeanuri kasu), eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, udalerri euskaldunak babesteko eta euskararen erabilera sendotzeko ildoek jarraituko dute izaten agintaldi berriko ardatzak, herritarren ahalduntzean eragiteko ekimenekin batera, bileran azaldu dutenez.

Honakoak dira agintaldian UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko duten gainontzeko alkateak eta zinegotziak: Dabid Anaut Peña (Leitzako alkatea. EH Bildu), Eneko Fernandez Maritxalar (Lesakako zinegotzia. EH Bildu), Ainara Ipiñazar Miranda (Igorreko zinegotzia. EAJ), Iratxe Lasa Arana (Markina-Xemeingo alkatea. EH Bildu), Aitor Larrañaga Larrañaga (Azpeitiko zinegotzia. EH Bildu), Asier Mingo Arruabarrena (Hernaniko zinegotzia. EH Bildu), Idoia Odriozola Arruti (Etxebarriako zinegotzia. EAJ), Irati Urberuaga Aranguena (Aulestiko alkatea. EH Bildu).