INFO

‘Anuk’-i gertatutakoa ezkutatzen duen bertsio ofiziala deseraikitzeko deia egin dute Zumaian

30 urte bete dira gaur Xabier Kalparsoro Basurtoko ospitalean hil zenetik eta Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egin du Zumaian gertatutakoa argitu dadila aldarrikatzeko. ‘Anuk’ heriotzara eraman zuten gertakari ilunen segida lotzeko ariketa egina dute gertukoek, baina instantzia ofizialek ez.

Jon Maia eta Maddi Gallastegi bertsolari zumaiarrak, ‘Anuk’-en egia aldarrikatzeko egin den ekitaldian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Auto-stop egiten ibiltzen zen gaztetan, ‘cuatrolatas’-ean gero, baina beti hara eta hona, Jarraiko liberatua izateak eta berezko konpromiso politikoa zorrozki bizitzeak eskatzen zion agenda estu-estuari segika. 17 urte besterik ez zituen Guardia Zibilak atxilotu zuenean, baina aske utzi zuten berehala. Iparraldean errefuxiatuko zen 1991, eta bertan hasi ETAn. 1993ko maiatzean, Herri Urratsen, ikusi zuten azkenengoz gertukoek. Eta egun hartan hasitako gertaeren sekuentzia ilun batek heriotzara eraman zuen, 1993ko irailaren 26an. 30 urte bete dira Xabier Kalparsoro ‘Anuk’ (Zumaia, 1966) hil zenetik.

Egiari Zor Fundazioak hainbat gertakariren gainean kontakizun ofizialak jaurtitako mantua eranzteko ituarekin ‘Egia jakiteko garaia da!’ izenarekin antolatzen ari den dinamikaren baitan ekitaldia egin du astearte honetan Zumaian, ‘Anuk’-en heriotza argitu dadila aldarrikatzeko. Bertsio ofizialaren arabera, Espainiako Polizia Nazionalak Indautxuko (Bilbo) komisarian zuen Kalparsoro eta zumaiarrak leihotik salto egin omen zuen. Basurtoko ospitalean hil zen bi egunen buruan. Alta, «guk ez dugu inoiz sinetsi Kalparsororen gaineko bertsio ofiziala», nabarmendu du Pilar Garaialde Egiari Zor-eko bozeramaileak.

1993ko irailaren 28an milaka lagun batu ziren Zumaiara hiletaren egunean, Kalparsoro agurtzera. Gaur, 30 urteren ondoren, dozenaka batu dira gertatutakoa oroitzera, oroi dadila eskatzera. Eta urteen zamaz, «zahartu egin gara», esan du Imanol Azkuek, nahiz eta, gaineratu du damuz, bere lagunak «berdin-berdin» jarraitzen duen: «1993ko irailaren 26an geratu balitz bezala». Jon Maia bertsolariak kantatu zuen hiletan, eta astearte honetako ekitaldira ere agertu da, Maddi Gallastegi bertsolariarekin batean, «akordatzen gara» esatera. «Memoria egin dezan herriak /eta herria memoriak», kantatu dute.

Estatuek eraikitako bertsio ofizialak memoriaren zati bat kontatzeko bainoago gertatutakoa ezkutatzeko erabili izan direla sinetsita, hala aurkeztu du Zumaiako ekitaldia Arritxu Iribar kazetariak: «Ezagutu dugu bertsio ofizialen pisua, dimentsioa eta horren eragina. Instantzia ofizialetatik gatazkaren esparruan gertatutako heriotzen inguruan eraikitako bertsioak funtsezkoak dira giza eskubideen aurkako ekintzak justifikatzeko, boteretik indarkeria legitimatzeko eta indarkeria hori zigorgabetasunaz estaltzeko».

Amua erabili eta amuan erori

Bertsio ofiziala gezurtatzeko edo, gutxienez, zalantzan jartzeko arrazoiak ez dira falta. «Urteak beste zalantza dira», zehaztu du Iribarrek. Arrazoi sorta hori ‘Egin’-eko erredakziora egindako dei anonimoek esandakoekin hasten da: ‘Anuk’ ezizeneko militante bat atxilotu omen zuten Laudion. Abuztuaren 30a zen eta justu hilabete lehenago Espainiako Poliziak Kalparsororen etxea miatu zuen. Baina atxiloketa horren arrastorik ez dago dokumentu ofizialetan.

Kalparsoro beraren kontakizunean topatuko zituzten senide eta gertukoek gertatutakoen azalpenak, nahiz eta orduko instutuzio eta poliziek ez zituzten aintzat hartu, ez eta gaurkoak ere, zumaiarra hil eta 30 urtera. 1993ko irailaren 10ean eskutitz bat helarazi zien ‘Anuk’ek ETAko kideei, heriotzaren ostean Eginek argitaratuko zuena, ohartarazteko asmoz poliziak «lanean» ari zirela Hegoaldean eta erakundeak erabiltzen zituen kontaktuak kontrolatuta zituztela agenteek. Susmoak zituen, eta hala adierazi zuen idazkian, Ertzaintza operazio horren parte zela.

Poliziak Laudion atzeman eta «mendira» eraman zutela kontatu zuen, han –nonbait– izan zutela bahituta. «Zipaioek atxilotu ninduten, drogatu, hipnotizatu, burmuina garbitu, edonola ere», esplikatu zuen gutunean. Hara eta hona ibili omen zuten, baina ordukoan bere borondatearen kontra. Eta atzera ere libre utzi zuten. Arraroa egin zitzaion: «Erabili egin naute. Konbentzituta nago lehenengo egunetan antzeman nindutela, egiten utzi nindutela, kontu handiz ni kontrolatuz. Amaraun bat josi dute». Eta ‘Anuk’ zen amua.

Azken atxiloketa irailaren 23an iritsiko zitzaion, Durangon. Kalparsoro alderrai ikusita, bi udaltzaingok atzeman zuten eta Indautxuko (Bilbo) komisariara eraman. Han amaituko zen ‘Anuk’-en bizitza, nahiz eta bi egunen buruan hil zen ospitalean.

Gerora, bertsio ofizialak esango zuen agente bakar baten zaintzapean zegoela, eskuburdinik gabe, nahiz eta hil ostean eskumuturretan eskuburdinek eragindako markak zituen. Kontatuko zuen zerbeza bat eskatu ziola poliziari, agentea edariaren bila altxatu zela eta, despistea aprobetxatuta, eraso egin eta leihora egin zuela Kalparsorok, nahiz eta autopsia egin zuen medikuak txostenean jaso zuen heriotza ez zela eroriko baten ondorioa izan. Torturak ukatuko zituen, nahiz eta Basurtuko ospitalean, esnatu zen une labur batean, «ez nazazue gehiago jo!», oihukatu zuen. Jose Luis Corcuera ministro espainiarrak esango zuen, nahigabeko aitortza eginez, Kalparsoro ez zutela mendian bahitu. Inork jarri ez zion amua irentsi zuen Corcuerak, Kalparsororen amak beste inork ez baitzuen informazio horren berri.

«Elementu gehiegi dira», agertu du Pilar Garaialdek eta, beraz, Xabier Kalparsororen inguruan eraikitako bertsio ofiziala sinesgaitza dela ondorioztatu du: «Bertsio ofizialak benetako krimenak ezkutatzeko eraiki ziren». Hura deseraikitzen ez den bitartean, hortaz, ezin justizia, aitortza eta erreparazioa eraiki.

Egiaren bila sarean

Xabier Kalparsororen heriotzaren urteurrenean, otsailean sortu zen Zumaiako Hegiak memoria elkarteak anuk.eus webgunea sortu du. ‘Anuk’-en bizitzaren eta heriotzaren bueltakoak eta bertsio ofiziala zalantzan jartzen dituzten gakoak jasotzen ditu bertan.