INFO
Entrevue
Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia
‘Arnasa betean’ dokumentalaren egileak

«Emakumearen ahotsa zinemagintzan entzuteak jendarte osoarengan du eragina»

Mikrofonoa eskuan makina bat aldiz ikusi izan ditugu ETBn, kazetari jardueran. Kameraren bestaldean aspaldi jarri zen Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962), aldiz lehen aldia du Rosa Zufiak (Tutera, 1958). ‘Arnasa betean’ dokumentala Euskal Zinemaren Galan estreinatuko da astearte honetan.

Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendi, pozik, filamaren estreinuaren aurrean. (Jon URBE | FOKU)

Pozik daude bizitako esperientziarekin eta emaitzarekin. Ondo moldatu dira elkarlanean. «Ondo ezagutzen dugu elkar. Antzeko ikuspegia dugu bai zineaz, bai feminismoaz. Beti ez gaude ados eta kasu horietan bakoitzak berea defendatzen dugu baina ez zaigu asko kostatzen adostasunera iristera».

Itsas bidaia da Tentazioak-ek ekoitzitako lanean ikusleari proposatu diotena. Amaieran, ‘altxorra’ren aurkikuntza eta guzti dauka gidoiak. Apnea egiten duten hiru emakume urpekari dira bidaiariak, itsaspean. Irudi ederrek harilkatzen dituzte hogei euskal emakume zinemagileri egindako elkarrizketak. Ruben Crespo argazki zuzendaria urpeko zineman espezializatua da, baita natura eta muturreko abenturetan ere. Berak hartu ditu itsasoko irudiak.   

«Guk bezainbesteko ilusioa zeukan proiektuaren aurrean. Irudi zoragarriak dira, lan ederra egin du», txalotu dute biek Cresporen lana. Euskal Herriko hainbat herritan (Donibane Lohizune, Pasai Donibane, Elantxobe, Hondarribia, Jaizkibel, Iruñea, besteak beste), Madrilen eta Menorcan filmatu dute. Zuzendari hauen hainbat filmen irudiak ere txertatu dituzte, 43 izenburu denera.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.



Itsasoa inspirazio iturri izan du euskal emakume zinemagile ugarik eta filmaren protagonistetako bat da. Ozeanoa metafora gisa. Alauda Ruiz de Azuarentzat, esaterako –hala kontatu du filmean–, itsasoa «gaur egungo emakumearen unibertsoa, inmentsitatea, aurretik egon ez garen uretan murgiltzea da». Horrelaxe dabiltza, ur azpian lur berriak zapalduz, Erea Lopez, Lara Larrañaga eta Ainhoa Incognito, hiru urpekariak.

Maria Elorza (‘A los libros y a las mujeres canto’), Maider Oleaga (‘Muga deitzen da pausoa’), Arantxa Echevarria (‘Carmen y Lola’, ‘Chinas’), Mireia Gabilondo (‘Kutsidazu bidea, Ixabel’, ‘Amaren eskuak’, ‘Erlauntza’), Lara Izagirre (‘Nora’, ‘Un otoño sin Berlín’), Alauda Ruiz de Azua (‘Cinco lobitos’), Ana Diez (‘Todo está oscuro’, ‘Ander eta Yul’), Esti Urresola (‘20.000 especies de abejas’), Leire Apellaniz (‘El último verano’), Iratxe Fresneda (‘Tetuán’), Helena Taberna (‘Nagore’, ‘La buena nueva’, ‘Yoyes’), Isabel Herguera (‘Amore D'Inverno, ‘El sueño de la sultana’), Bego Vicario (‘Pregunta por mí’), Izibene Oñederra (‘Lursaguak’), Marina Lameiro (‘Young & Beautiful’, ‘Dardara’), Arantza Santesteban (‘918 gau’), Maddi Barber (‘592 metroz goiti’), Maite Ruiz de Austri (‘El regreso del viento del norte’, ‘¡Qué vecinos tan animales!’)... zerrenda luzea da. Denera hogei emakumeren bizipenak aletzen ditu ‘Arnasa betean’ filmak. Badira komunen dituzten irrikak, badira norberarenak direnak. Nork bere unibertsoa, nork bere sormen bulkada… Eta bidean, zailtasunak, asko baitago oraindik egiteko.

Izan zirelako dira. Gaur egun lanean ari direnez gain aurreko belaunaldiei ere erreparatu diete Zufiak eta Gaztelumendik. Aitzindariei aitortza eta gaur egungoen aldarrikapena da ‘Arnasa betean’. Mirentxu Loyarte, Yanick Bellon... Arantxa Lazkano bezalako film bakarreko –‘Urte ilunak’ (1993)– zuzendariak ere badu lekurik. «Zenbat talentu geratu den bidean eta zein aukera gutxi izan duten hainbat emakumezkok beraien karrera garatzeko…». Eta zenbatetan ez diren iritsi film luzea egitera, laburmetraiekin saiatu arren. Eta gauza bat da lanen bat egitea, baina karrera egitea oso zaila zen», egin dute gogoeta.

Paristarra izan arren euskal emakume zinemagileen artean kokatu dute Jeanne Roques ‘Musidora’. «‘Pour don Carlos’ da Euskal Herrian egin den lehen fikziozko lana. Jaime Lasuenekin batera zuzendu zuen. Oso pertsonaia xelebrea zen, aktorea, zuzendaria, eta ekoizlea», esan dute.

Omenaldia

«Omenaldia emakume guztiei eskaintzen diegu. Erreferenteak dira hasierako egileak, garai hartan ere zinema ona egiten zuten. Ondoren beste batzuk etorri dira, nahiz betiko diskrimazioagatik emakumeok zinema gutxiago egin dugun», dio Gaztelumendik.

Eta galdera nagusia: Nola aldatzen ari da zinema emakumeen begiradaren ekarpenarekin? Horri erantzuna ematen saiatu dira Gaztelumendi zein Zufia. Fikzioa, dokumentalgintza eta animazio alorrean egin dute lana emakumeek. Ikuspegi osoa eskaintzen du filmak. Indarkeria –sexuala eta politikoa–, torturak, bezalako gaien errepresentazioa nola egin duten aztertu dute egileek. «Ausartak izan dira eta ez die bizkar eman gaurkotasuna duten gaiei. Anitza da emakumeen zinemagintza, askok usten duena baino aberatsagoa», nabarmendu dute.

«Aintzindariak izan dira. 1989an Ana Diazek ‘Ander eta Yul’ egin zuenean aurrekari handirik ez zegoen», gaineratu dute.

Ez dituzte autore denak zaku berean sartu nahi. «Bakoitza mundu bat da», diote. Baina ondorioztatu dute «batetik, gertutasunez eta errealitateari atxikita egiten dituztela planteamendu filmikoak. Bestetik, pertsonaiek errealitatearekin askoz lotura handiagoa daukate. Estereotipoak gainditzen dituzte. Gaiak ere beste ikuspuntu batetik lantzen dituzte, agian ez da hain errelato epikoa. Begirada aldaketak forman ere eragina du. Gorputzak errepresentatzeko erak ere desberdinak dira. Azken hau oso mundu polita da aztertzeko».

Zinemagintza aberastea ekarri du emakumeen inkorporazioak. Baina ez da beraien eskutik bakarrik heldu aldaketa. «Beste talde marjinatu batzuek –LGTBIQ+, arrazializatuak… – ere aldarazi dute. Orain arte gizon zuri heterosexualek egiten zuten zinema. Begirada hauek ez zeuden orain arte zineman», adierazi du Zufiak.

«Orain arte ezkutuen egon diren ñabardurak agertzen dira. Bazirudien gizonezkoen agertzen zutela unibertsala baina ez, orain da unibertsaltasuna ematen den momentua –Gaztelumendiren esanetan–. Jaialdietan ere presentzia handitu da, kuoten eztabaida mahai gainean dago. Inflexio puntua da eta ikusten da gazteek beste bide bat hartu dutela, haien iruditeria ez da hain estereotipatua; emakumearen ahotsa zinemagintzan entzuteak gizarte osoarengan du eragina».

Eraldaketa

Harago doa. «Emakumeek zinema egiten duten heinean komunitateak aintzat hartzen gaitu. Boza izango duzu eta erabakiguneetan parte hartzen baduzu eraldaketa bizkorrago emango da».

«Aurrerapausu handiak eman dira baina datuek diote oso urrun gaudela berdintasunetik. Emakume zuzendarien kopuruari zein aurrekontuari begira –%41 gutxiagoko diru kopurua izaten dute– lan asko dago egiteko. Lanean jarraitzeko animatuta ikusi ditugu. Saretzea asko baloratzen dute. Presio handia egin du hainbat elkartek eta erakundeen politikan aldatzen ari dira, bide onean goaz», esan dute.