INFO

Euskara «ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabilgarriagoa» egiteko sortu da Plazara

Komunikazioa, formakuntza, aholkularitza edota plazagintzan bere jarduera kokatuz euskara erdigunera eramateko xede du etorkizun hurbilean europar kooperatiba gisara bere burua irudikatzen duen Plazara elkarteak.

Plazara ekimenaren nondik-norakoak eman dituzte Azkaingo merkatu estalian. (Patxi BELTZAIZ)

Europako Hizkuntzen Eguna hautatu du Plazarak badira urtebete bost lagunen bultzadapean sortu zen elkarteak gaur arte eginiko bidea eta ondoko hilabetetan egitasmoak izanen duen bilakaeraren berri emateko.

Azkaingo merkatu estalian egin dute agerraldia oso bestelako eremuetan aritu arren, euskara lokarri duten hamarnaka eragilek.

Euskal Herriko txoko desberdinetatik heldu badira ere denek partekatzen dute anbizio bera. Hain zuzen «euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabilagoa izatea» lehenik eta behin Euskal Herriko plazetan baina bata lan munduan, ikastetxeetan, aisialdi jardueretan edo elkarte zein erakundeen eguneroko ibilmoldean.

Mediazioaren ardura duen Eneko Gorrik azaldu duenez «erdaldunentzat euskara hurbilago izateko, euskaldunentzat presenteago eta egiturentzat praktikoago» jardungo du Plazarak.

Euskararen inguruan sentsibilizazioa eta motibazioa azkartzeari begira «tresnak eta zerbitzuak» proposatuko dituztela azaldu du, bere aldetik, Irati Fernandez Arbelaitz itzultzaile eta komunikazio arduradunak.

Lau lan ardatzetan arituko da «osagarritasunetik» aritzeko asmoa agertu duen Plazarak. Hain zuzen, komunikazioa, aholkularitza, formakuntza eta «plazagintza» jaso ditu lan eremu gisara  elkarte bezala sortu arren ondoko hilabeteotan kooperatiba izateko jauzia aurreikusten duen egitasmoak.

Forma juridiko zehatza heldu den abenduan zehaztuko dute biltzar nagusiaren baitan. Izan ere, europar elkarte gisara jardutea irudikatzen dutela iragarri dute, hala Euskal Herri mailan baina baita nazioartean ere aritu ahal izateko.

Azken hamar hilabeteotan, 42 bat eragilerekin harremanetan izan dira, «beste egituretako bidelagun» izateko proposamena bere egiten baitu Plazarak.

«Euskara erdigunera ekartzeko gisa» itzulpenak, komunikazio kanpainak, gogoetaldiak, euskara planak zehazteko edota egituretako bilakaeran aholku praktikoak eskaintzeko asmoa agertu dute prentsaren aurrean eginiko agerraldian.

«Mundu mailan haien hizkuntza eta kulturaren alde borrokatzen diren populuek» inspiratzen dituztela argituz, Garabide elkartearekin eraikitako partaidetza izan du aipagai, bestalde, Xan Airek.

Iraila erditsuan, Garabide eta Plazara egituren arteko elkarlanaren baitan amazig riftar talde batek aste bat egin du Euskal Herrian eragile ezberdinekin esperientziak trukatuz.

Autofinantzaketaren bidez funtzionatzea aurreikusten du Plazarak. Oraindik ere langilerik ez badu ere -era berean lokala xerkatzen dutela Urepele eta Baiona artean zehaztu du Airek- aurrera begira lan talde osatzeko asmoa badute.

Bitartean, Kamila Harluxetek azaldu duenez udazkenean atxikimendu kanpainari eginen diote, abenduko batzarrera mila bazkiderekin heltzea baitute helburu.

Euskal Herrian zehar ibiliko dira, berdin Lurrama azokan zein azaroaren 4rako euskalgintzak deituriko manifestazio nazionalean ere.

‘Plazatik altxa dezagun Plazara’ lelopean atxikimendu kanpaina abian eman dute.

«Plazara sostengatzeko molderik hoberena bazkidetzea da», nabarmendu du duela astebete ekimenera batu den kideak.

«Herri oldar bat sentitu nahi genuke gure proiektuaren gibelean», aitortu dute euskararen aldeko ekintzaileek.

Agerraldia bukatu ostean, merkatu estalitik metro batzuk aldendu eta plazan, airean, Azkaingo erdigunean, hartu dute taldeko argazkia.