INFO

Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean azaroaren 4an Bilbo betetzera deitu du euskalgintzak

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko tokian toki eta norbere erara mugitzera animatu dute euskalgintzako eragile nagusiek eta norbanako ezagunek. Manifestazioa 17.00etan abiatuko da Euskaldunatik, eta leloa ‘Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat’ izango da. 

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, euskalgintzako hainbat kiderekin batera, Bilboko Euskalduna Jauregian, azaroaren 4an manifestazioa abiatuko den toki berean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Astearte honetan, Hizkuntzen Europako Egunean, euskalgintzako erakunde nagusietako ordezkariak elkartu dira Bilbon, Euskalduna jauregiaren aitzinean, azaroaren 4an bertatik abiatuko den manifestazioari buruzko xehetasunak emateko.

Martxa 17.00etan abiatuko da, eta Bilboko udaletxean egingo da amaiera ekitaldia. Azken urteetan euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, eta Bilboko kaleak betetzera eta tokian toki mobilizatzera deitu dute.

Joan den maiatzaren 10ean EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian egin bezala, euskararen normalizazioaren kontrako epai sortarekiko desadostasuna agertu dute bertaratutakoek. Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza «zailegia» dela argudiatu zuen Laudioko sententzia gogoratu dituzte, besteak beste.

Agerraldian izan dira, beste askoren artean, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, Agurne Gaubeka (Behatokia), Alizia Iribarren (AEK), Aize Otaño (AEK), Amaia Balda (Emun), Ibon Leibar (EHE), Lorea Agirre (Jakin) Joxe Mari Sors (Elkar), Amagoia Mujika ‘Berria’-ko zuzendaria, Nerea Mujika (Gerediaga), Jasone Mendizabal (Topagunea), Amaia Zarrabeitia (Elhuyar), Iñaki Zabaleta (Eusko Ikaskuntza) eta Miren Segurola (UEMA).

Koska bat gora, eta erantzun zabala

Uztailaren 6an oldarraldiak beste kosta bat gora egin zuela azaldu dute: espainiar Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuta. «Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori, Udal Legea gehiengo zabalez onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean, eta azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi baitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengo zabal-zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak», esan du Eskisabelek.

Konstituzio Auzitegiaren sententziari emandako erantzuna ere zabala izan zela gogorarazi du: 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren uztailaren 13an EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, alkate makila eta uztaiak eskutan, tartean, hiriburu eta hiri nagusienetakoak, epaia salatzeko eta kezka larria adierazteko.

Hizkuntza berdintasunaren eta bizikidetzaren alde

Egoeraren larritasuna aintzat harturik, euskaltzaleei eta, orokorrean, hizkuntza berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar guztiei datorren azaroaren 4an balio horien denen defentsan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete.

Maiatzaren 10ean lelo zehatzik gabe aurkeztu zuten ekimena, hain zuzen ere, prozesu ireki moduan planteatu zutelako, eragileen ekarpenak jasotzeko prest. Horren emaitza da leloa: ‘Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat’.

‘Euskararekin bat’ horrekin adierazi nahi dute oldarraldi eta olatu erreakzionarioen gainetik euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko eta sakontzeko unea dela. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko euskararen aldeko hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko garaia dela. Eta horretarako, «euskaltzale guztiok, eta, oro har, hizkuntza berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan sinesten dugun guztiok noranzko bateratuan aritzea ezinbestekoa dela», esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

‘Euskaraz bat’ horren bidez euskara gizarte kohesiorako tresna dela adierazi nahi dute. Eskisabelen hitzetan, «euskara guztiona da eta guztiontzako izan behar du. Oldarraldi judizialaren baitako epaietan konstante bat da euskara segregaziorako, bazterketarako tresna dela adierazten dutela. Bereizketa sortzen duela. Guk, ordea, sinesten dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela».

Balio horiei denei bultzada eman nahi dieten herritarrei zabaldu diete datorren azaroaren 4an Bilbon haiekin izateko deia.

Tokian toki

Manifestaziora etortzeko deia ez ezik, honen bultzadan parte hartzeko deia egin diete norbanako zein eragile sozial eta politikoei. Izan ere, Eskisabelen iritziz, «guztion indarrak beharko dira oldarraldiari hesia jartzeko, olatu erreakzionarioari aurre egiteko. Guztion bultzada, euskal hiztunon hizkuntza eskubideak, herritar eskubideak, egikaritzeko eta, horrenbestez, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko».

Hortaz, tokian toki mobilizatzera animatu dute, herri eta auzoetan ekimenak antolatuz, informazioa banatuz, edota hurbileko zein ez hain hurbileko jendeari manifestazioaren berri emanez.

Halaber, alderdi politiko eta sindikatuengana ere zuzendu dira, manifestaziora batu daitezen.

Atxikimendua emateko aukera dago www.kontseilua.eus webgunean. Bertan paratu dituzte kanpainan laguntzeko material eta baliabide guztiak ere.