Felix Ayo biolinista sestaoarra zendu da, 90 urte zituela
Sestaon 1933an jaiotako Felix Ayo biolinistaren heriotzaren berri eman du astearte honetan Bilbao Orkestra Sinfonikoak. Nazioartean ibilitako musikaria oso ezaguna zen eta Felix Ayo i Musici eta Quartetto Beethoven di Roma taldeak sortu zituen.
90 urte zituen Felix Ayo Sestaoko biolinista zendu dela jakinarazi dute Bilbao Orkestra Sinfonikotik (BOS) astearte honetan. 1949an, 16 urte zituela, jo zuen lehenengoz BOSekin eta 30 alditan baino gehiago aritu zen, 2008an azken kontzertua eskaini zuen arte.
Bilboko Kontserbatorioan hasi zen musikari bezala prestatzen eta hamalau urterekin titulazioa lortu zuen, Biolin eta Ganbera Musikako Karrera Amaierako Lehen Sari Berezia jasota. Hamasei urte zituela, Ibañez de Betolaza lehiaketa irabazi zuen Bilbon, ikasketak hobetzeko beka batekin batera. Horri esker, Parisera, Sienara eta Erromara joan zen.
Bere ibilbidean, biolin-bakarlaria, zuzendaria eta Erromako Santa Cecilia Akademiako hobekuntza-ikastaroetako irakaslea izan da; horrez gain, Kanadan, Australian, Danimarkan, Ameriketako Estatu Batuetan, Estatu espainolean, Italian, Alemanian eta Japonian eskola magistralak eman ditu eta munduko biolin-lehiaketa garrantzitsuenetako batzuen epaimahaikide izan da.
Felix Ayo i Musici talde ospetsuaren sortzaileetako bat izan da ere, eta talde horretako lehen biolin bakarlaria izan zen hamasei urtez. 1970ean Quartetto Beethoven di Roma taldea sortu zuen, munduko piano-laukoterik onenetakoa.
«Harrotasunez esan dezakegu berarekin agertokia partekatzeko zortea izan dugula bakarlari gisa», adierazi dute Orkestra Sinfonikotik. «Haren heriotza galera handia da euskal kulturarentzat eta musika klasikoarentzat. Bere grabazioak eta ikasleekin hamarkada luzeetan zehar partekatutako ezagutzak gordeko ditugun arren, huts handia eta betirako aztarna utziko du gure orkestran», deitoratu dute.