INFO

Baigorriarrek hunkituta ikusi dute eurak protagonista dituen ‘Bizkarsoro’

Baigorriarrek ez dute huts egin nahi izan ‘Bizkarsoro’ filmaren emanaldira. Zinemira atalean ikusi du argia Josu Martinezek zuzendutako dokumentalak, Principe zinematan. Kanpoaldean bildu dira asteazken honetan autobusez Donostiara iritsitako herritarrak.

Baigorriarrak pozik, zinema aretora sartu aurretik. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pantaila handian euren burua ikusteko aukera izan dute hainbat herritarrek, izan ere, aktore lanak egin dituzte filmean. Zinemagilearen aurreko hainbat proiektuk bezala, emakumeak ditu protagonista. Euren burua interpretatu dute edo beraien gurasoak edo aitatxi eta amatxi. «Hunkidura» nabarmendu du Aline Etxeberriak. «Izugarri kontent nago hona etortzeagatik. Gainera, biziki ederra iruditzen zait autobus bat betea etortzea Baigorritik eta ondoko herri ttipietatik. Oso hunkigarria zait», esan du.

Pozik denak, baina txikienei gehiago nabari zitzaien aurpegian. «Gehiago adierazten dute, badute askatasun hori, heldutan galtzen dena», nabarmendu du.

Filmaketan parte hartu duten teknikariekin eta harreman estua sortu dute herritarrek azken urteotan. Beraien etxeko ateak zabal-zabalik izan zituzten kanpotik iritsi zirenek. «Guretzat kasik opor egunak ziren. Langileak ikustea plazera zen, laguntasuna sortu da».

Agian baigorriarren artetik irtengo da zinemagileren edo aktoreren bat. «Bai, parte hartu duten haurren artean izango da gogorik», esan du, irribarrez.

Josu Martinez ere gustura zen. «Poza, jende asko etorri da. Espero ez izatea berezia baigorriarrentzat bakarrik, ikusle guztientzat baizik. Filma honek konektatzen ahal du ez Iparraldeko jendearekin bakarrik, edozein euskaldunek aurkituko du pertsonaiaren bat edo beste berarekin antzekotasunik izango duena», zioen zinema aretora sartu aurretik.

«Gure historia guk geuk kontatu»

Euskal kulturgintzako hainbat aurpegi ezagunekin eta Baigorriko herritarrekin batera izan dira estreinaldian, besteak beste, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Antton Curutcharry; Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola eta Seaskako lehendakari Peio Jorajuria eta zuzendari Hur Gorostiaga.

Azken honek NAIZekin hitz egin du: «Biziki kontent gaude hona etorri izanagatik. Gure historia geuk kontatu behar dugu, ez diegu besteei utzi behar hori egiten. Fikzioa da, baina errealitatetik ainitz duen fikzioa, ez dugu kukutu behar. Erakutsi behar dugu zer izan den euskarak bizi duena Ipar Euskal Herrian bereziki eta Euskal Herrian oro har. Eraso asko jasotzen dituen hizkuntza da, eraso asko jasotzen dituen herria da, eta Zinemaldi inportante honetan uste dut bere toki osoa duela. Espero dezagun merezi duen arrakasta izatea».

Dokumental bat ez, egiteko asko dauden galdetuta, baiezkoa dio. «Adibidez Euskal Herrian galdegiten badugu alemaniarrek Euskal Herriaren zatia okupatu zuten? Bai. Hemen Franco zen bitartean han naziak zeuden. Ikastolek zer bizi izan dute? Ze traba, ze arrazakeria, bizi izan dute euskaldunek euren herrian bertan? Ez gaitezen lotsatu eta esan dezagun zer gertatu den. Frantses egin nahi gintuzten. Askorekin lortu zuten baina beste askorekin ez, eta ez dute lortuko».

Bost urtetan zehar ondutako lana da ‘Bizkarsoro’. «Euskaldungoaren XX. mendea» islatu du Martinezek. Herritarren artean landa-lana egin eta ahozko lekukotzetatik abiatuta kasu errealekin dokumentatu du proiektua zuzendariak.