INFO

EHUk Gabriel Aresti Katedra sortu du, ikerketan, artean eta euskal kulturan ardaztuta

EHUk sortu berri duen Gabriel Aresti Katedrak ikerketa, sorkuntza artistikoa eta euskal kultura izango ditu helburu. Gainera, idazle bilbotarraren lana ezagutzera eman eta bere mezuak gaur egun duen oihartzunari buruz hausnartzea ere nahi dute.

Gabriel Aresti. (Wikimedia Commons)

Euskal Herriko Unibertsitateak Gabriel Aresti Katedra jarri du abian, eta bere helburu nagusiak euskal kulturaren ikerketa, sorkuntza artistikoa eta dibulgazioa izango dira, idazle bilbotarraren lana ezagutarazteaz gain.

Gabriel Aresti Katedrak kulturaren adierazgarri honen figura eta lana ezagutarazi nahi ditu, batez ere unibertsitateko ikasleen artean. Hala ere, ez da soilik iraganeko Arestiri buruz hitz egin nahi, baizik eta idazle eta poetaren mezu, lan eta pentsamenduek gaur egun duten balioa eta eragina aztertu eta horri buruz hausnartu. Baita EHUn euskararekin eta euskal kulturarekin lan egiten dutenen topagune izan ere.

Asteazken honetan aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitateak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin sortutako katedra Bilboko Bizkaia Aretoan. Ekitaldian hitzaldiak, Gabriel Arestiren olerkien irakurketa eta Pello Ramirezen musika tartekatu dituzte. Bertan azpimarratu dutenez, Aresti «euskal pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente eztabaidaezina den bide urratzailea» izan zen.

Ildo horretan, katedraren helburuak honako hauek dira: literatura, kultura, komunikazio, arte, soziolinguistika, hizkuntza eta gizarte gaiei buruzko azterlanak eta ikerketak sustatzea; euskal kulturari eta arteari buruzko sormen artistikoa sustatzea; eta publiko orokorrari zuzendutako ikuskizunak eta dibulgazio ekimenak antolatzea.

Era berean, zeharkako helburuak proiektu guztietan genero ikuspegia txertatzea eta euskara lehen lan hizkuntza izatea dira. Hortaz, katedrak unibertsitate hizkuntza sustatzeko jarduera planaren esparruan lan egingo du.

Lankidetza

Katedrak Euskal Herriko ikerketa kultural eta artistikoan lan egiten duten erakunde eta pertsonekin ere lankidetzan aritu nahi du, adierazi dutenez, eta, gai zehatzetan, une jakin batzuetan, harremanak edo lankidetza hitzarmenak ezarriko ditu euskal kulturako erakunde, pertsona edo mugimenduekin.

Urrats batzuk eman ditu jada, azaldu dutenez. Horrela, Bizkaiko Campuseko Liburutegian Gabriel Arestiren lanak eta idazlearen lanari buruzko liburuak biltzen dituen funts bibliografikoa antolatu dute.

Gabriel Aresti Katedrak unibertsitate batzorde bat du, Patxi Juaristi irakaslea koordinatzaile duena eta hiru kolaboratzaile egonkor izango dituena: Asier Blas, Eli Larrinaga eta Bea Zabalondo, guztiak Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak.