INFO

Houssame Benabbou Europako txapelduna izango da Donostiako Maratoi Erdiko izarra

Elgoibarren laugarren eta Uliako Gimnastikan bigarren amaitu duen Abderrahmane Aferdi marokoarrarekin batera, Benabbou bera izango da igandean parte hartuko duten bi mila atleten artean nagusitzeko hautagairik sendoena. Goizeko 10.00etan hasiko da lasterketa eta bero handia egitea espero da.

Houssame Benabbou 50 kilometroko Europako txapelduna igandean Donostian izango da. (@HOUSSAME BENABBOU)

Igande honetan Donostiako Nazioarteko II. Maratoi Erdia jokatuko da. Bertan bi mila parte-hartzaile inguru espero dira, iazko aurreneko ekitaldiko arrakasta errepikatu asmoz. Antolakuntzak asteazken honetan parte hartuko duten izen garrantzitsuenen zerrenda pasa du eta bertan 50 kilometroko distantzian Europako egungo txapelduna, Houssame Benabbou, Marokon jaio baina umetatik Extremaduran bizi den korrikalaria, azpimarratu behar da besteren gainetik.

Gauzak ondo, Abderrahmane Aferdi, Marokon jaio eta txikitatik Estatu espainolean bizi den beste korrikalari bat, izango da Benabbouren areriorik gogorrena. Igandeko probako parte-hartzaileen artean maratoi erdi batean markarik onena den atleta da eta horrez gain, laugarren izan da aurtengo Elgoibarko Muguerza Krosean eta bigarren amaitu du Uliako Gimnastikan.

Lasterketa honetan parte hartuko duten beste atleta entzutetsu batzuk Fernando Carro, Jorge Blanco, Ibrahim Chakir eta Jesús Olmos izango dira. Daniel Mateok, bestalde, Estatuko orduko errekorra du –20,59 kilometro–, maratoiaren formatu txikiagoan aditua da eta, beraz, honek ere Gipuzkoako hiriburuan garaipena lortzeko aukerekin ikusiko du bere burua.

Igande goizeko 10.00etan ekingo diote korrikalariek maratoi erdi honi, hasiera bezala, helmuga ere izango den Donostiako Udaletxe aurretik. Bero handia espero omen da iganderako eta, bada, egoera honek korrikalarien portaera ez ezik, markak ere baldintzatuko ditu.