INFO

Mixel Oronos, euskararen aldeko militante akiezina, zendu da

Euskal Konfederazioak agiri bat plazaratu du asteazken arratsalde honetan «euskararen aldeko militante nekaezina» bezala definitu duen Mixel Oronos elkarteko lehendakari ohiaren heriotzaren berri emanez. 1935ean Baigorrin sortutakoa, hilaren 23an itzali zen Kanbon.

Mixel Oronos, apaiz, idazle eta euskaltzalea, 2013an. (Gaizka IROZ)

Ipar Euskal Herriak hamarkada luzetan euskararen aldeko mobilizazio eta ekimen ezberdinen sustatzaile gisara jardun zuen ordezkaria galdu du. Euskal Konfederazioak agiri baten bidez eman du Mixel Oronos apaiza, idazle eta euskaltzalearen heriotzaren berri.

Kazeta.eus hedabideak zehaztu duenez, apaiza izan zen Oronosen heriotza hilaren 23an gertatu zen. Bere borondatea errespetatuz bere aldeko hiletak era pribatuan egin dituzte.

«Euskararen aldeko militante akiezina joan zaigu», adierazi du hiru lurraldetan euskararen aldeko lan egiten duten aktore nagusiak biltzen dituen plataformak.

Euskal Pizkunde mugimenduak jorratu zuen ereduari atxikia, horren ostean sortu zen Euskal Konfederazioa abian emateko desmartxan parte hartu zuen 88 urte zituela zendu den Oronosek.

Bi garai ezberdinetan elkarte horren buru izan zen, zehazki 2000. urtetik 2002ra eta, horren ondotik, 2009tik eta 2015 artean.

Ardura zehatzak bere gain hartuta edo militante soil gisara itzala handia utzi du orain zendutakoa euskalgintzan.

Hala nabarmendu du agur mezu horretan Euskal Konfederazioak. «Lehendakari gisa edo bulegoko kide gisa, 1995etik Mixelek beti hor izan dugu Euskal Konfederazioan gogoetak elikatzeko, bilkuretan parte hartzeko eta, nola ez, Euskal Konfederazioa ekitaldi eta manifestaldi desberdinetan ordezkatzeko.

Dela euskararentzat estatus ofiziala eskatzeko –demagun Pariseko Gobernuari Europako Hizkuntza Gutxituak babesteko Europako Karta izenpetzea eskatuz–, dela Batera plataformaren baitan euskarazko hezkuntza babesteko, edota Euskal Herriko bost kirol-zelai bete zituen ‘Bai Euskarari’ ekimena akuiatzeko, Oronosek lan eskerga egin zuen.

Horrek erakundeetako ordezkarien aldetik zein elkarteetan jarduten duten militanteen errespetua irabaztera eraman zuela.

Euskal Konfederazioak bere doluminak adierazi dizkie zendu berriaren familia eta lagunei. Era berean Mixel Oronosen aldeko esker oneko hitzak izan dituela «euskarari eta euskararen aldeko» bizitza osoan zehar eman zuenarengatik. 

Ikuspegi kritikoa

Uztaritzen eta Baionan ikasi zuen Mixel Oronos apez izateko. Handik aurrera Euskal Herritik kanpo egin zituen urteak.

Hartara sei urtez Boli-Kostan aritu zen. Lovaina eta Bordelen ikasletak osatu zituen bere ibilbidean zehar elizarekiko ikuspegi kritikoa garatu zuen Oronosek.

Esaterako ‘Enfin don Aillet vint’ 2013an argitatu zuen Baionako apezpikuak babesten dituen ideia integristak jomugan emanez.

Bere sorterriari oso atxikia, hainbat liburutan erreparatu zion Baigorriko herriari organugile izan zen Oronosek.

Horietako bat nabarmentzearren ‘Oilandoiko kapera' izenburupean euskaraz argitaratu zuen liburua. Horri gehitu ahal zaizkio ‘Romances’ , ‘Atxut’ eta ‘Lur-mina’ liburuek osatzen uten frantsesez idatzitako triologia.