INFO

Ostiral honetan hasiko da zesta-puntako elite txapelketa Mutrikun

Euskal Pilota Federazioak bigarrenez antolatu du elite txapelketa. Euskal Herriko zortzi puntista onenek parte hartuko dute: Arakistain, Mugartegi, Ortiz de Mendivil eta Merino aurrelariek, eta Lejardi, Aldabazal, Watkins eta Lizardi atzelariek. Ostiral honetan hasi, eta urriaren 27ean amaituko da.

Ihart Arakistain eta Eneritz Lizardi iazko garaileak, antolatzaileekin batera. (Euskal Pilota Federazioa)

Euskal Pilota Federazioak, Mutrikuko Udalak eta Danok Bat Pilota Elkarteak antolatu dute 2023ko Euskal Herriko Emakumezkoen Zesta-Punta Elite txapelketa. Federazioak iaz antolatu zuen txapelketa aurrrenekoz Berriatuan, eta aurten gauza bera egin nahi izan dute Mutrikun.

Ostiral honetan hasi, eta urriaren 27ra arte arituko dira lehian Euskal Herriko zortzi puntista onenak: Ihart Arakistain, Erika Mugartegi, Maite Ortiz de Mendivil eta Naroa Merino aurrelariak, eta Arai Lejardi, Maialen Aldabazal, Frida Watkins eta Eneritz Lizardi atzelariak. Merinok eta Watkinsek aurrenekoz jokatuko dute txapelketa.

Partida guztiak ostiral arratsaldeetan jokatuko dira Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan, 19.30etatik aurrera, eta Euskal Pilota Federazioko Facebook orrialdean streaming bidez botako dituzte partida guztiak.

Bi fase izango ditu txapelketak: lehena, ligako fasea izango da, eta bertan, hiru jardunaldi jokatuko ditu puntista bakoitzak, aurrelari bakoitzak gainerako hiru atzelariekin jokatuta, eta alderantziz. Alegia, bikoteak txandakatzen joango direla, atzelari guztiak aurrelari guztiekin jokatu arte.

Irabazitako puntu bakoitza, lortzen duten abantailaren araberakoa izango da:


    • Irabazitako partidua (30-10 edo abantaila gehiago): 100 puntu.
    • Irabazitako partidua (30-20 edo abantaila gehiago): 80 puntu.
    • Irabazitako partidua (30-(21-29 arteko abantaila): 60 puntu.
    • Galdutako partidua (30-10 edo abantaila gehiago): 0 puntu.
    • Galdutako partidua (30-20 edo abantaila gehiago): 20 puntu.
    • Galdutako partidua (30-(21-29 arteko abantaila): 40 puntu.

Ligako fasea amaituta, finalerdiak jokatuko dituzte. Puntu gehien biltzen dituen aurrelariak eta atzelariak bikotea osatuko dute, eta puntu gutxien bildu duten aurrelariaren eta atzelariaren aurka jokatuko dute. Beste finalerdia osatuko dute bigarren eta hirugarren aurrelari zein atzelariek.

Iaz Arakistain eta Lizardi gailendu ziren finalean, Mendivili eta Aldazabali 30-19 irabazita.