INFO

Xabier Legrand: «Gizonek eragiten duten indarkeriaz hitz egin nahi izan dut»

Legrand zinemagile frantziarraren bigarren filma da asteazken arratsaldean Sail Ofizialean aurkeztutakoa: ‘Le Successeur’. Aitarekin harremanik ez duen semeak aitaren hileta antolatu beharko du, eta esperientzia horretan gizonek eragindako indarkeriak zein arrasto uzten duen azalduko du filmak.

Grondin, Legrand eta Jaques aktore eta zuzendariak photocallean. (Jon Urbe | FOKU)

Xabier Legrand zinema zuzendariak bere lehen film entzutetsuaren ostean (‘Jusqu´ à la garde’) bere bigarren filmarekin iritsi da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialera: ‘Le Successeur’. Ellias (Marc André Grondin) Parisko moda-etxe ospetsu bateko zuzendari izendatzear dira, baina Quebecera itzuli behar du jada harremanik ez duen aitaren hileta antolatzeko.

«Nire lehenengo filmean emakumeen aurkako indarkeriaz hitz egin nuen, gizonek eragiten duten indarkeriaz hitz egin nahi nuen oraingoan, eta horrek, emakumeei ez ezik seme-alabei, lagunei... ingurukoei nola eragiten dien erakutsi nahi nuen», azaldu du proiekzioaren osteko agerraldian Legrandek. Landu beharreko gai garrantzitsua da zuzendariaren ustez, eta filmean zehar dagoen umoreaz galdetuta zorrotz erantzun du: «Nik uste publikoarengan sortzen duen barrea, barre urduria dela, gure buruari lasaitu asmoz esateko: film bat besterik ez da... ezta?». Pozten da zer hausnartua eman dezakeen filma delako.

Lan taldeko kideek aitortu dute Legrand ideiak «oso garbi eta oso garatuta» iritsi ohi dela grabaketara eta horrek asko laguntzen duela. Tentsioa film osoan zehar mantentzen da eta ez hain erraza izaten horrelako filmetan, hori nola egin ere oso hausnartuta zuen zuzendariak. Tentsioa zinta elastiko baten modukoa dela defendatu du, «tira egin behar zaio, eta gero, askatu». Sarritan, tentsioa sortzeko ekintza asko sartzearen joera dagoela gehitu du, eta bere iritziz kontrakoa egin behar da: «Tentsioari lekua uzten diozunean bakarrik sortu daiteke tentsioa, lekua utzi behar zaio».

Antzezleek publikoarekin konektatzean

Marck André Grondin eta Yves Jacques dira pertsonaia nagusiak, hildakoaren semea eta laguna, hurrenez hurren. Legrandek aitortu du argi zuela semearen papera Grondinek bete behar zuela, «gizontasuna du, eta aldi berean haur baten begirada». Gizontasun eta maskulinitate hori deseraiki nahi zuela azaldu du: «Behar nuen gizon antiheroi bat, ez zituena besteak salbatuko, zaurgarria zena eta bere burua salbatu beharko zuena, zaurgarritasun horretatik, negar egiten du, pixa egiten du galtzetan».

Grondinek pozez hartu zuen pertsonaia, nahiz eta grabaketako une batzuetan pentsatu: «Horrenbeste negar egin ostean, aterako al zait gehiago?», eta taldekideen irrien ostean aitortu du baietz, askoz negar gehiago egin zuela. Negarra eta antsia irudikatzea nola lortu zituen galdetuta, adierazi du ez zuela aparteko ezertan pentsatzen: «Neke fisiko eta emozionalarekin iritsi nintzen grabaketaren momentu horretara, babes geruzak kentzen joan nintzen, eta nire buruari joaten utzi nion».

Jaquesek ere zuzendariari eskertu dio emandako papera, izan ere, kontatu du gutxitan ematen dizkiotela bere emozioekin lotutako pertsonaien paperak eta gustuko dituela «emozioak dituzten pertsonaiak». Hala ere, egin du aitorpen txiki bat, eta asteazken arratsaldeko proiekzioan pantailan «hain hauskor» ikusteak «harritu» diola kontatu du.