INFO

Osasun publikoa defendatu eta lan baldintza duinak exijitu dituzte Asuncion klinikako langileek

Tolosako Asuncion klinikako langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Parlamentuaren aurrean, beren lan baldintzen eta etorkizunaren inguruan daramaten borroka eta aldarrikapenak Osasun Sailari helarazi eta konponbidea exijitzeko.

Tolosako Asuncion kilinikako langileak, Gasteizko Parlamentuaren aurrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Tolosako Asuncion klinikako langileek 23 egun daramatzate greban, beren lan baldintzak hobetu daitezela eta beren etorkizuna Tolosaldean eraikiko den ospitale publiko berriari lotuta egon dadila exijitzeko. Aldarrikapen horiek Gotzone Sagardui Osasun sailburuari helarazteko asmoz, elkarretaratzea egin dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, ostegun honetan osoko bilkura dela aprobetxatuta.

LAB eta ELAk osatzen duten enpresa batzordetik gogora ekarri dutenez, Asuncion klinikak eskualdeko ospitale publiko funtzioa betetzen du eta bertako 62.500 biztanleri ematen die zerbitzua. Gipuzkoan dauden ESIetatik publikoa ez den ospitale bakarra da. 328 langile ditu egun.

Urte luzeetan zehar langileek zein herritarrek aurrera eramandako mobilizazioei esker, orain ospitale publiko baten proiektua aurrera doa, baina LAB eta ELAren iritziz proiektu hau «ez da eskatzen dena izango, baldin eta gaur egun Asuncion klinikan dauden langileen lan baldintzak lehenesten ez badira». Hala, ospitale berria «%100 publikoa izatea, zerbitzu guztiak dituena eta gaur egun klinikak dituen langile guztiak bertan egongo direla bermatzea» eskatzen dute.

Sindikatu horiek salatu dutenez, ospitale berriaren plan funtzionalaren zirriborroa langileen aldarrikapenetatik «oso urrun dago, ez baitu bermatzen %100 publikoa izango denik, eta ez baititu aurreikusten inguruko beste eskualdeetako ospitaleek dituzten zerbitzuak ematea».

Horretaz gain, Asuncioneko 328 langileekin «zer gertatuko den ez du esaten» planaren zirriborroak.

LAB eta ELAk gogoratu dutenez, azken hilabeteetan hiru eguneko lanuzteak eta 23 greba egin dituzte euren hitzarmenaren alde borrokan, «baina enpresak ez du negoziatzeko inolako borondaterik» eta «diru publikoz ematen den zerbitzu publiko bateko langile hauek gero eta pobreagoak dira».

Enpresak 5,8 milioi euroko etekinak

Horregatik, erosahalmena berreskuratu eta lan berbera egiten duten Osakidetzako langileen baldintzetara gerturatuko dituen KPItik gorako soldata igoerak eta 35 orduak eskatzen dituzte.

«Bitartean, klinika kudeatzen duen INVIZA enpresa-taldeak 5,8 miloi euroko etekinak izan ditu azken 4 urteetan, erregistroan dauden datuen arabera», ohartarazi dute.

«Zerbitzu publiko onak, duinak eta kalitatezkoak nahi badira, lan baldintza onak izango dituzten langileekin bakarrik eraiki ahalko dira; beraz, dagokion arduraz jokatu eta Asuncioneko langileen eskariak bete daitezen esku hartu dezala» eskatu diote LABek eta ELAk Lakuako Gobernuari.