INFO

EH Bilduk ibilbide-orri argia eskatu du Arabako Errioxaren eta ardogintzaren «biziraupenerako»

EH Bilduk ibilbide-orri argi bat abiatu dezala eskatuko dio datorren asteazkeneko bilkuran diputatu nagusiari, «Arabako Errioxaren eta ardogintzaren biziraupenerako». Lopez de Arroyabek salatu duenez, «ziurgabetasuna eta mesfidantza dira nagusi eskualdean».

Mahastiak, Arabako Errioxan. (Endika PORTILLO | FOKU)

EH Bildu Araba batzarkide taldeak diputatu nagusia interpelatuko du datorren asteazkeneko kontrolerako osoko bilkuran, eskatzeko ibilbide-orri argi bat abiatu dezala Arabako Errioxan, «eskualdearen eta ardogintzaren biziraupenerako».

Ohar batean, Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Arabaren bozeramaileak Arabako Errioxaren eta ardogintzaren egungo egoera azaldu du, eta nabarmendu du «ziurgabetasuna eta mesfidantza direla nagusi eskualdean».

Horien arrazoi gisa aipatu ditu «enpresa-talde handien lehia desleiala, kalitate handiko ardoak ezin posizionatzea, mahatsaren prezioa, ardo soberakina eta lurrak erosteko zailtasunak. Eta  horren aurrean, Arabako Errioxako eragile guztien parte-hartzea aldarrikatu du «ardogintzan ari diren pertsona guztien bizi-kalitate duina bermatzeko».

«Pertsona, familia-upategi eta upategi txikiei egiturazko laguntza eman behar zaie, denboran zehar mantenduz, eskualdearen parte izateaz harro senti daitezen, etorkizunari aurre egiteko gai, eta erabakien erdigunean daudela senti dezaten, haiek baitira biztanleria finkatzen dutenak eta eskualdearen benetako aberastasuna eta kohesioa sortzen dutenak. Horregatik guztiagatik, mugitzeko eta premiazko erantzunak emateko garaia dela uste dugu», gaineratu du.

Halaber, Arabako Errioxako upategiak babes ditzan eskatuko dio Ramiro Gonzalezi, bertako ardoen bereiztasunaren eskaeran. Horrekin batera, mahats-bilketa ekonomikoki eta sozialki bideragarria izan dadin laguntzak eskatuko dituzte familiako upategi eta upategi txikientzat.

Azkenik, mahatsaren prezio duina bermatzeko neurriak eskatuko dituzte, ekoizpen-kostuen gainetik egon dadin eta elikadura-katearen legea bete dadin.

EH Bilduren estrategia

Ardogintzaz harago, Lopez de Arroyabek gogora ekarri du EH Bilduk joan den maiatzean aurkeztu zuela Arabako Errioxarako Plan Estrategiko proposamena. Dokumentuan, eskualdearen diagnostiko zehatza egin zuten, eta eragiteko 20 ardatz identifikatu zituzten, mahastizain eta langileentzako baldintza duinak bermatzetik, zerbitzuen eta negozioen dibertsifikaziora arte.

«Arabako Errioxaren etorkizuna ziurtatu behar da, eta uste dugu beharrezkoa dela eskualde-ikuspegiarekin lan egitea», azpimarratu du.