INFO

Udalak Okendotegin pilatutako hondakinak kentzeko ez duela neurririk hartu salatu du Eguzkik

Donostiako Udalak Martuteneko Okendotegi bidean pilatuta dauden hondakinak kentzeko neurririk hartu gabe jarraitzen duela eta paraje hori «benetako zabortegi» bihurtuko dela ohartarazi du Eguzki talde ekologistak.


Eguzki talde ekologistak ohartarazi duenez, Donostiako Udalak ez du neurririk hartu Martuteneko Okendotegi bidean pilatuta dauden hondakinak kentzeko eta horregatik paraje hori «bene-benetako zabortegi bihurtuko da berandu baino lehen».

Ohar batean gogora ekarri duenez, joan den maiatzean, «auzoan aspalditik dagoen kezkaren haritik», Eguzkik Udalari neurriak hartzeko eskatu zion, egoera islatzen duten hainbat argazki erantsita. Udalak, berriz, «paraje hartako mantenu lanak Aldundiari zegozkiola erantzun zigun».

Hori dela-eta, talde ekologistak Foru Aldundiari egin zion Udalari eginiko eskaera bera. «Aldundiak, ordea, honako hau erantzun zigun: ‘Udalean adierazi diotenaren aurka, Udalak berak bere gain hartu du eremu hori garbitzea’». Horren froga moduan, Foru Aldundiaren erantzunarekin batera zenbait dokumentu jaso zituen Eguzkik, oharrean zehaztu duenez.

Ordutik Donostiako Udalak ez du «txintik ere esan» eta, horrenbestez, Okendotegiko hondakinen ardura berea dela ondorioztatu du Eguzkik.

Talde ekologistak nabarmendu du ez dela hasiko ebazten arrazoia Udalak edo Aldundiak duen, baina ez zaio «normala iruditzen elkarri pilota pasatzen ibiltzea».

«Eguzkikooi eta seguruena herritarroi, oro har, gutxi axola zaigu arazoa Udalak edo Aldundiak konpontzen duen, betiere konpontzen bada, noski», adierazi du.

Maiatzaz geroztik Okendotegin inork ez duela esku hartu eta legez kanpoko hondakinek pilatzen jarraitu dutela salatu du, eta egoera zein den ikusteko irudiak bidali ditu. «Alegia, lau hilabete geroago, Okendotegik legez kanpoko zabortegi bihurtzeko bidean jarraitzen du», bukatu du.