INFO

Aurkari zailak Zubietan eta Ipuruan, premiazko helburua Lezaman

Liga Fn atzeratutako lehen jardunaldiaren partidak jokatuko dituzte asteazken honetan euskal taldeek. Realak Levante hartuko du, Eibarrek Madrid eta Athleticek Granada. Jone Ibañezek ez du Eibarren jarraituko.

Igandean bizi izandakoa errepikatu nahi dute bihar txuriurdinek. (Gorka Rubio | Foku)

Jokalarien grebaren ondorioz atzeratutako Liga Fko lehen jardunaldia jokatuko da astearte honetatik ostegunera bitartean. Egutegia gogortzen badu ere, eta arrazoi desberdinengatik izan arren, eskertuko dute aukera hiru euskal taldeek. Eta, aldi berean, kezkatzeko arrazoiak badituzte ere. Bat egiten dute, zentzu honetan, Realak eta Eibarrek, biek aprobetxatu nahi baitute denboraldiko lehen garaipenak emandako bultzada etxean jokatuko dituzten partidei ekiteko, baina biek hartuko dute aurkari zailen bisita. Athleticek, berriz, etxean jokatuko du bere lehen partida bi irteeren ostean eta, gainera, aurkari igo berria izango du aurrean, baina aurreko bi neurketa horiek puntu gabe amaitu ondoren, zeroaren presioarekin ekingo diote jardunaldiari.

Athletic - Granada

David Aznarren taldea izango da zelairatuko den lehena, asteazken honetan Granada Lezamara (18.00, DAZN/GOL Play) ekarriko duen partida jokatzeko. Teoriaz eta mailara heldu berria denez, mailari eusteko borrokatzera deitutako taldea da. Baina andaluziarrek, dagoeneko, badituzte hiru puntu poltsikoan, Reala lehen jardunaldian gainditu ondoren, Athleticek bi porrot kateatu dituen bitartean.

Talaverako entrenatzaileak «irabazteko beharra» dagoela onartu du baina «oraindik hirugarren jardunaldia» dela gogoratu du ere, «eta honek hasi besterik ez du egin. Etxean jokatzeko ilusio handia dugu. Gainera, Lezaman bi partida jarraian jokatzeko aukera dugu eta ilusio handiz egingo diegu aurre puntuak lortzeko asmoarekin».

Taldeari lehen hiru puntu horiek eskuratzea ondo etorriko litzaiokela badaki Aznarrek, «segurtasuna eta konfiantza» emango lizkiolako baina «pazientzia» euki behar dela esan du, alde batetik «talde gaztea delako» eta, ondorioz, ezinbestekoa delako prozesu bati jarraitzea; eta bestetik, prozesu horren lehen urratsetan ikusten ari denak lasaitasuna ematen diolako. «Sentsazioak oso onak izan dira aurredenboraldian eta gero hasteko bi irteera konplikatuak izan ditugu. Baina jokalariak egunero lan egiten ikusten ditut eta oso ilusionatuta nago, ziur nago poztasun asko eskainiko ditugula aurten».

Prozesua aurrera eraman ahal izateko, hala ere, ezinbestekoa da puntuak eskuratzen joatea. Eta hori lehen baino lehen lortzeko, entrenatzaile zurigorriak «areetan eraginkorragoa izatea» eskatu dio taldeari. Ez hainbeste defentsa mailan, lehen bi partidetan bost gol jaso dituen arren, «lehen hirurak Championsa jokatu nahi dituen talde batek sartu zizkigulako talentuzko hiru ziztadetan eta beste eguneko bigarrena, nere ustetan penaltia izan ez zen batekin» heldu zelako. «Aurredenboraldian erakutsi genuen oreka defentsiboa» berreskuratu nahi du, hala ere, eta baita eta batez ere, eraginkortasun handiagoa aurkako ateraren aurrean. «Aurreko partidan ere gol aukera asko izan genituen baina bakarra sartu. Gure zor handiena izan da lehen bi jardunaldietan. Baina talentu handiko jokalariak ditugu aurrean eta golak goiz edo berandu iritsiko dira».

Real Sociedad - Levante

Lehen garaipenaren zama kendu du Realak dagoeneko, igandean Betis gaindituta. Bihar jarraitutasuna eman nahi dio Zubietan (19.00, DAZN) Levante gaindituz. Errezagoa esatea egitea baino, Ligako talderik indartsuenetako bat izateaz gain, badirudi talde gorri-urdinak neurria hartu diola Realari azken urteotan.

Natalia Arroyok berak gogoratu du «bigarren postuan amaitu genuen denboraldian ere, Levante puntuak kendu zizkigun talde gutxienetakoa izan zen. Izan ere, 0-1 eta 1-0 galdu genuen bere kontra. Sei partida galdu genituen eta horietako bi, euren kontra. Eta hiru partidetan bakarrik geratu ginen gola egin barik eta horietako bi, euren kontra». Iaz Realak atzera eman zuen urratsa, Levantek aurrera eman zuen baina entrenatzaile zuri-urdinari ez luke begi txarrekin ikusiko aurkari zuzentzat hartzea. «Goian egon nahi badugu, honelako aurkarien kontra erantzun behar dugu, iaz ez bezela. Ondo lehiatu nahi dugu honelako aurkarien kontra baina argi izan behar dugu ere gora ez zarela bakarrik heltzen talde handiak gainditzen, baizik eta partida guztietan puntuak lortzen».

Emaitzak ondo jokatzearen eta lehiakor izatearen ondorioz etortzen dira eta, hori da, izan ere, Arroyok biharko markatu duen helburua, «batez ere ondo lehiatzea eta partidaren une guztiei ondo eustea bizitza zailduko digun aurkari baten kontra». Aurkari zaila eta iaz Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eman zion «muina mantentzen» duena. «Ez dago Tati baina Sosa etorri da, Alba Redondoren eta Mayraren bajak izan ditzake baina Gabi Nunes fitxatu du faltan pixkat bat gutxiago botatzeko… Erritmoak oso ondo maneiatzen ditu, partida lokartzeko gaitasuna du, segundoak bildu ahal duenean eta gero espaziora lehertzen zaitu. Abiadura oso azkar igo eta jeisten duen taldea da, baloia eukitzeko jokalari asko eta oso onak dituena, estutzen ez baduzu 60-70 metroko kalitatezko baloiak jartzen dizkizuten jokalariak ditu eta horrek asko luzatzen zaitu, barrutik lehia handiko jendea…». Horregatik, «gure defentsa-unean konzentrazio eta asmatzea handia eskatuko digun partida» espero du « eta baloia eukitzeko eta fase horiek asko luzatzeko ausardia ere eskatuko diguna, Levantek oso ondo defendatzen duen arren, luzaroan defendatzen egotea ez zaiolako gustatzen, erasotzeko egina dagoelako. Alternatibak izango dituen partida izango da», aurreikusi du.

Bere jokalariei zer edo zer eskatzekotan, «ondo egin genuena indartzea» eta «aurkariari erreztasun gutxiago eskaintzea» izango litzateke, «Betisi errezegi utzi baitgenion 1-1koa sartzea eta horrek partida konplikatu zigun».

Eibar - Madrid

Ez ditu Levanteren izen eta palmares handiak baina Ipurua bihar (20.00, DAZN) bisitatuko duen taldea ez da nolanahikoa ere. Eibarrek bezela, denboraldiko lehen garaipena lortu du asteburuan, Madriden kasuan Sevilla jipoituz (1-5) eta protagonista handi batekin, partida horretan hat-tricka sinatu zuen Kundananji gorri-urdin ohia, joan den astean Zambiako kamisetarekin Marokori beste hiru gol sartu ondoren.

«Oso jokalari ona da –onartu du Yerai Martinek– baina ez da bakarra. Madridek jokalari onak eta desberdinak ditu, teknikoki oso onak, espazioan oso onak, joku motzean ere… Eta Rachaelekabiadura handia dauka, indar handia. Zaila da partida planteatzea, ze oso gora bazoaz, leku gehiago dauka korritzeko eta atzean geratzen bazara, besteek oin ona daukate ere. Momentu honetan oso diferentziala izaten ari da Kundananji, espero dugu Ipuruan lasaitxoago egotea».

Eibar bera, hala ere, ez da gaizki helduko partidara, denboraldiko lehen hiru puntuak dagoeneko poltsikoratuta. «Oso ondo etorri zaigu partida irabaztea. Animikoki nabaritu dugu eta nik esango nuke fisikoki ere, hain aste gogor hauetan eskertuko dugu», esan du entrenatzaile armaginak, puntuez gain taldeak Granadan egindako lana azpimarratuz, batez ere defentsari dagokionez. «Argi daukagu nondik gatozen, zerk eman digun Lehen mailan egotea. Defentsiboki talde sendoa izatea, esfortzu handia egitea defentsako fasean. Iaz oso gol gutxi jaso genituen eta horrek eman digu Lehen mailara igotzea. Hortik jarraitu nahi dugu, lehenbizikoa sendoak izatea da. Eta hortik aurrera, gainontzeko guztia egingo dugu».

Biharko partidari dagokionez, Martinek azaldu du bere taldeak ez duela «baloiaren beharra eroso egoteko eta partida on bat egiteko. Nahi duguna da aurkariek euki ahal izatea baloia baina guk partida kontrolpean eukita». Madridek gustora egiten du kontraerasoan ere baina teknikari gipuzkoarraren ustetan «eurek eukiko dute baloi gehiago guk baino. Baina gauza desberdinak ditu Madridek, baloiarekin min egiten du, baloirik gabe trantzizioetan kontraerasoan min egiten du… Badaezpada dena ondo egiten saiatuko gara, ondo baloi gabe ta baloia daukagunean ia mina egiteko aukera badaukagu».

Jone Ibañezen agurra

Martinek, bestetik, ez du larregi argitu Jone Ibañezen ezusteko agurra. Entrenatzailearen prentsaurrekoa baino ordubete lehenago, Eibarrek erdilariarekin adostutako irteera plazaratu du Ibañez iaz heldu zen Eibarrera, igoera lortu zuen taldean jokalari garrantzitsua bilakatuz. Aurten, berriz, ez du minuturik izan lehen bi jardunaldietan eta kontratua desegiteko akordiora heldu da klubarekin.

Inork ez zuen espero, batez ere merkatua itxita dagoelako, eta entrenatzaile armaginaren azalpenek ere ez dute argi handirik eskaini. «Alde biak heldu gara erabaki batera. Aurreko denboraldian jokalari garrantzitsua izan zen guretzat. Aurten ere baina Lehen mailan eta jokalari desberdinak etorri direla taldera, agian ez luke rol hori izango eta erabakia alde biek hartu dugu onena dela pentsatuz. Bere aldetik ez zuen nahi jarraitzea eta gure aldetik ez diogu inongo oztoporik jarri, bere rola hain garrantzitsua ez zela izango jakinda».

1. jardunaldia

Athletic ez da hutsean jarraitzen duen bakarra. Zurigorriek bezela, beste hiru taldeek ekingo diote jardunaldiari denboraldiko lehen poza hartzeko ilusioarekin, Villarrealek, Sportingek eta Sevillak. Goikaldean, berriz, Barcelona, Real Madrid eta, ustekabean, Levante Las Planas dira lehiatutako sei puntuak eskuratu dituzten bakarrak.

Asteartea
Villarreal - Atletico (21.00)
Asteazkena
Athletic - Granada (18.00)
Sevilla - Tenerife (18.00)
Real Sociedad - Levante (19.00)
Eibar - Madrid (20.00)
Real Madrid - Betis (20.00)
Osteguna
Levante Las Planas - Sporting de Huelva (18.00)
Barcelona - Valencia (20.00)