Beskoitzeko ikastolaren auzia desblokeatzeko premiaz ohartarazi du Seaskak
Ikastolako gurasoak bertan zirela agerraldia egin du asteazken honetan Seaskak Beskoitzeko Herriko Etxearen aitzinean. Peio Jurajuria lehendakariak esan duenez, Beskoitzeko Herriko Etxeak ezarritako blokeoak haurrak eraikin prefabrikatuetan jarraitzera kondenatzen ditu.
Beskoitzeko ikastolari dagokioen auziak az aurrera ez atzera jarraitzen duela salatzeko agerraldia egin dute asteazken honetan Seaskako ordezkariek.
Ikastolako gurasoak gibelean zituela mintzatu den Peio Jorajuriak bere harridura agertu du, lehen aldiz Ipar Euskal Herriko tokiko erakunde batek ikastolaren egitasmoari buruz eztabaidatzeari uko egin diolako.
Lehenengo ikastola badira 54 urte sortu zela Ipar Euskal Herrian eta gaur gaurkoz 39 ikastetxe kudeatzen dituela Seaskak oroitarazi du Jorajuriak, Beskoitzeko udal agintariek harturiko jokabidea deitoratuz.
«Iritzi publikoari ohartarazi nahi diogu Beskoitzen euskararen eta ikastolaren kontrako neurriak espresuki hartzen dituen herri baten aitzinean garela», adierazi du ondoren Seaskako lehendakariak.
Ikastoletako gurasoek gehiegi luzatu den gatazkari buruz azkeneko xehetasnak eman ostean, ikastolak haurrak baldintza duinetan hartu ahal ditzan «aterabide bat baino gehiago» proposatu diotela tokiko erakundeari laburbildu du, bere aldetik, Jorajuriak.
Alta, Herriko Etxeak «elkarrizketa orori» ateak itxi dizkiolako kexu azaldu da Seaskako lehendakaria. Argudio teknikoen atzean ikastolaren egitasmoa blokatzera jokatu duela Herriko Etxeak salatu du Jorajuriak.
Urriaren 20 arteko epea
«Ez gaituzte tronpatuko, ongi badakigu Herriko Etxeak argumentu teknikoak aitzinatuko dituela erranez baimena ez dela egokia, nahiz eta baimen hori balioztatzeko beharrezkoak diren proposamenak egitea eragotzi digun», gaineratu du Jorajuriak.
Aterabidea bilatu nahian, ikastola prest dela «baimen berri bat pausatzeko, Herriko Etxeak baimena ukatzeko erabili dituen argudio guztiak zuzenduko dituena» iragarri du.
Edonola ere, «gure esku ez dagoen elementu bat badago, eta hori da udalak baimena ematen digula –ala ez– bere lurretan permisa pausatzeko», oharra egin du.
Bidegakeria horretaz oharraraziz, «iaz urte sasoi berean posible zen gauza, gaur egun ez litzateke gehiago posible», deitoratu du Jorajuriak.
Ikastola garatzeko planari aterabidea ematea urjentea dela nabarmenduz, urriaren 20a aitzin elkarrizketari bide emateko eskaera luzatu dio Herriko Etxeari.
«Euskal Herriak ez dituela onartuko euskara eta ikastolen garapena oztopatzen saiatuko diren hautetsiak» oroitarazi die Seaskako lehendakariak bai Beskoitzeko auzapeza den Fabienne Ayensari baita hirigintzako ardura duen Patrick Elizagoyen lehen alkateordeari ere.
Aterabidea atzemateari uko egin ezkero, «Beskoitzeko ikastolako gurasoak aitzinean ukanen dituzue, eta ez soilik, ikastola guztiak eta euskal gizartea izanen baitira euskararen laguntzera joanen direnak, hemen Beskoitzen eta euskararen
garapena mehatxatua izanen den toki orotan», amaitu du bere hitzartzea Peio Jorajuriak hautetsie zuzenduriko mezuari indarra berezia emanez.
Horrez gain, «euskarak ezin duela atzera egin aitzina egin dezakeen tokian» argi eta garbi adierazo ondoren «klase politiko guziari» laguntza eskatzen diote Seaskako ordezkariek «Beskoitzeko hautetsiak arrazoibidera ekartzeko».
Egoera guztiz prekarioa
2013an sortua, lau haurrekin hasi zuen Beskoitzeko ikastolak bere ibilbidea familia baten etxean. Oroitu behar da gainera Pirinio Atlantikoen Prefekturak trabak ezarri zituela ikastetxe berria sortzeko garaian, udal agintarien aurkako jarrera bortitza hartuz.
Hala eta guztiz ere 2014. urtean Herriko Etxeak utzi zuen lur batean plantatu zen ikastola.
Geroztik ikasleen kopurua etengabe hazi da. Horrek, denboraren poderioz «prekarietate handiko egoera» sortu duela.
Hala azaldu zuten gurasoek 2022ko sartzearen garaian, «haurrek 400 metro karratutan banaturiko hiru aurrefabrikatutan hartzen dituztela kurtsoak» salatuz.
Beskoitzeko ikastolak eraikitzeko eskubidea eskatzen du, bere garapenerako. Ez du diruztatzerik galdetzen.
Haatik, Herriko Etxeak ez du handitze horren beharra ikusten eta ikasle kopurua 50era murriztearen argudioa erabili izan du askotan.
Izan ere, langa hori ere gainditua da, iaz 51 ikasle bildu baitzituen Beskoitzeko ikastolak, tokiko erakundearen jokabidea ez dela aldatuz salatu dute.
Joan zen urtarrilean pasadizo bereziki larria gertatu zen. 3 urteko haur bat eskola publikora bazkaltzera joatera behartua izan zela Beskoitzen, Herriko Etxeak bere ikaskideekin bazkaltzea debekatu ostean.