INFO

10 urteko haur baten ahotsetik kontatu du Ane Labakak ‘Barraskiloek baino bat gehiago’ nobela

Eszena batetik abiatzen da Ane Labaka Mayozen lehen nobela, sukaldeko mahaian, neskato bati gurasoek banandu eginen direla jakinarazten dioten unetik. Album ilustratu izan behar zuena nobela bilakatu da bi urteko bide luzean: idazlearen deskribapenak nahikoa dira Sararen barne mundua ikusteko.

Ane Labaka Mayozek Donostian aurkeztu du bere lehen nobela, ostiral honetan. (Jon URBE | FOKU)

«Iluntze batean, afalostean zerbait kontatu behar zidatela esan zidaten aurpegi serioarekin, inoiz inori begiztatu diodan aurpegirik serioenarekin. Urduritzen naizenetan hozka egiten diet azazkalei. Gau hartan ez nuen beste ezer afaldu.

—Entzun, maitea, aitatxo eta amatxo banandu egingo gara.

Negar egin nuen. Isilka. Begien atzealdea urmaeltzen zitzaidala sentitu nuen eta, segundo gutxiren buruan, hiru malko lodi jausi zitzaizkidan plateraren gainera:

Plof. Plof.
Eta plof».

Eszena horretatik hasten da ‘Barraskiloek baino bat gehiago’ Ane Labaka Mayozen aurreneko nobela. Uxue Razkin Ereineko editoreari album ilustratu gisa eman zion duela bi urte, eta elkarrekin egin duten bide gozagarri honetan nobela bihurtu da.

Editorea berehala ohartu zen garatzeko zerbait zuela. «Ahotsa interesatu zitzaidan, zergatik hautatu zuen 10 urteko neskato baten ikuspuntutik kontatzea; oso zaila da, lan handia eskatzen du eta horregatik ez da egiten. Hori izan da erronka nagusia. Sinesgarritasuna mantendu behar da, bestela irakurleak ez du jarraituko», esplikatu du Donostian egindako aurkezpenean.

Erantsi duenez, umeak ez ditugu entzuten gure jendartean, arrakala hori dugu. Gurasoak bananduko dira: zein leku du orain Sara alabak? Labakak lehen pertsonan kontatzea lortu du prozesu horretan Sarak deskubrituko duena, samur eta zehatz.

Egileak azaldu duenez, batez ere helduentzat idatzi izan du orain arte eta liburu hau sortzerakoan esamolde eta hitz batzuek ihes egiten zioten. «Aldiro soiltze bat, kimatze bat egin dut eta ariketa polita izan da. Niri horrela atera zait, baina nola esango luke benetan 10 urteko neskato batek?».

Ahotsarekin batera, estiloa nabarmendu du editoreak: «Aneren estiloa oso identifikagarria da, eta oso positiboa da hori. Indar handikoa da, ederra. Oso metafora eta irudi orijinalak erabiltzen ditu. Baina bazekien estiloak ezin zuela ahotsa jan eta oso ongi bilatu du oreka».

Sailkapenen gainetik jauzi

Liburu honek sailkapenen gainetik jauzi egin du. Gaztetxoei gomendatzeko modukoa da, baina edonork irakur dezake.

1992an Lasarte-Orian jaioa, bertsolaria eta idazlea da Ane Labaka eta gaur egun sorkuntzari emana bizi da. Aitortu duenez, bertze gauza batzuk idazten ari zen bitartean idatzi du nobela hau, halabeharrez, baina aldiro itzuli da testu honetara irrikaz.

Feminista izaki, eraiki duen munduan nahita hautatu ditu etxeko lanei emana bizi diren aitak, ama sortzaileak, aitona maitakorrak, senideen erdiak ozeanoaren bestaldean dituztenak edota psikologoarenera bisitak. Kolokan jarri nahi izan ditu familia ereduak eta itzuri egiten saiatu da pedagogiko izateari ere, horren gainetik gozamena, plazera eta jolasa jarriz.

Maitasuna zer den definituz hasi du aurkezpena idazleak, eta babesa dela baieztatuz bukatu du, literaturan ere bai. Egilearen gibelean dauden lagun guztiak eskertu ditu: editorea bera, azala egin duen Mariñe Arbeo adiskidea, mimatu eta animatu duten inguruko eta etxeko denak.

«Benetan ama izan nahi ote nuen erabakitzen ari nintzen garaikoa da lan honen lehen hazia. Zati bat haurdun nengoela idatzi nuen, eta erditu eta gutxira atera da liburua. Horregatik ere izango dut liburu maite-maitea».

Labakak Euskal Ikasketak egin zituen, Gizarte Antropologiako Masterra eta Ikasketa Feministak eta Generokoak. Txakur Gorria sormen kolektiboko kidea da. 2019an ‘Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen’ liburua koordinatu zuen Miren Artetxerekin batera, eta 2021ean, ‘Algara mutilatuak’ saiakera argitaratu zuen.

‘Ezpainetakoa’ (2018, Peru Abarka saria) album ilustratua, ‘Totototo’ (2021) haurrentzakoa eta ‘Erradikalak’ (2022) antzerki liburua ere ondu ditu.