INFO

Luis Garcia Plaza: «Zelaian ditugun sentsazio onak puntuetan islatzeko beharra dugu»

Alavesek etzi jokatuko du Betisen aurka, 18.30ean. Jon Guridik jokatu egingo duela aurreratu du prestatzaileak. Antonio Blanco, aldiz, ez da egongo, partida bateko zigorra bete behar duelako. Garcia Plazak autokritika egin eta nabarmendu du taldeak «pauso bat aurrera eman behar duela areatan».

Luis Garcia Plaza Alaveseko prestatzailea Valentziaren aurka jokatu zuten partidan aginduak ematen, Mendizorrotzan. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Zelaian ditugun sentsazio onak puntuetan islatzeko beharra dugu», hori azpimarratu du Luis Garcia Plaza Alaveseko entrenatzaileak gaur emandako prentsaurrekoan, Betisen aurkako partidako atarikoan. Etzi jokatuko dute babazorroek Mendizorrotzan, 18.30ean.

Jon Guridik jokatu egingo duela aurreratu du prestatzaileak, eta biharko entrenamendua amaitu ostean erabakiko duela zer egin: hasieratik zelairatu edo bigarren zatian. Hasieratik jokatzen badu ere, Garcia Plazak esan du ez duela partida osoa jokatuko. Antonio Blanco, aldiz, ez da egongo. Txartel gorria jaso zuen Osasunaren aurkako partidan, eta Alavesek helegitea jarri bazuen ere, erabakiak ez du atzera bueltarik, eta partida bateko zigorra bete beharko du.

Entrenatzaile babazorroak Osasunaren aurka jokatutako partida izan du gogoan: «Osasunako partidako azken hamar minutuak kenduta, hamarrekin geundela eta nekea pilatuta, uste dut sentsazio onak izan ditugula berdegunean. Jokalariek dena eman dute, gol aukerak izan dituzte, eta arerioek ez digute arrisku handirik sortu».

Alde horretatik, prestatzaileak autokritika egin du, eta azpimarratu taldeak «pauso bat aurrera eman behar duela areatan»: «Asko sortzen dugun talde bat gara, jaurtiketa gehien e iten dituen ligako zazpigarren taldea gara. Baina ez gara ari etekina ateratzen». Horrez gain, erasoko geldikako jokaldietan «eraginkorragoak» izan behar dutela adierazi du, eta «arrisku gehiago» egin behar dutela horrelakoetan.

Oro har, orain artekoaz balorazio ona egin du Alaveseko prestatzaileak: «Joan behar dugun bidetik goaz, eta taldea ondo lehiatzen ari da». Ander Guevaraz ere mintzatu da. Izan ere, partida bakoitzean ligan kilometro gehien egiten dituen jokalaria da.

Garcia Plazak nabarmendu du «korri ez ezik», beste gauza asko ere ondo egiten dituela: «Jokoa ondo menperatzen du, eta patxada ematen dio, badaki uneoro zer egin baloiarekin». «Sekulako» denboraldia egiten ari dela azpimarratu du prestatzaileak, eta «erreferente eta lider» bat dela.

Iscoren bertsiorik onena

Betis izango du parean Alavesek. Europa Liga jokatzen ari da Manuel Pellegriniren taldea. Hain justu, atzo jokatu zuten partida Sparta Praga taldearen aurka, eta 2-1 gailendu ziren.

Isco izan zen golegileetako bat. «Maila altuan» dagoela nabarmendu du Garcia Plazak, eta bere «betiko bertsiorik onenean» dagoela: «Kalitate handia du, desoreka sortzeko ahalmena du eta aurkariaren areara erraztasunez iristen da».

Aldi berean, prestatzaileak adierazi du erdilaria ez dela Betiseko jokalari trebe bakarra. Besteak beste, William Jose eta Borja Iglesias ere aipatu ditu.

Aurkariari begira baino, bere taldeari begira jarri da Garcia Plaza, eta azpimarratu haien «errendimendurik onena emanez gero», erakusten ari direla «irabazteko aukerak dituztela».