INFO

Buesaren hilobiaren aurkako erasoak gaitzesteko ekitaldia egin dute Gasteizen

Fernando Buesaren hilobiari eta monolitoari egindako erasoak gaitzesteko ekitaldia egin dute igande honetan Gasteizen, Euskadiko Ezkerraren Gazteek (EGAZ-JSE) antolatuta. EH Bilduri azalpenak eskatu dizkiote beste behin ere, bere kontrako iritzia jada nabarmendu duen arren.

Buesaren monolitoaren aurrean egin da ekitaldia. (Carlos GONZÁLEZ | Europa Press)

Fernando Buesaren hilobiak eta monolitoak orain zenbait egun jasandako erasoak gaitzesteko ekitaldia egin dute igande goiz honetan Gasteizen, Euskadiko Ezkerraren Gazteek (EGAZ-JSE) antolatuta.

Ekitaldian parte hartu du 2000. urtean ETAren ekintza baten ondotik hildako militante sozialistaren alaba Sara Buesak eta, salatu duenez, ez du ulertzen gisa honetako ekintzan gaitzesten ez dituenaren jarrera. «Zer du ‘kondenatu’ hitzak babesteko horren zaila izateko?», galdegin du, EH Bilduri erreferentzia eginez.

Buesaren errautsak Gasteizko Santa Isabel hilerrian daude eta orain egun batzuk hilobia gorozki eta pinturarekin zikindua agertu zen, baita haren omenez jarritako monolitoa ere.

Gaitzespenak parlamentuko alderdi politiko guztietatik iritsi ziren, eta EH Bilduko koordinatzaile nagusi den Arnaldo Otegik ekintza «onartezin» gisa definitu eta «errefusatu» egiten zuela adierazi zuen. Gasteizko EH Bilduk udal adierazpenean «kondenatu» hitza «errefusatu» hitzagatik trukatzea proposatu zuen, eta gainerako udal taldeen ezezkoa jaso zuen erantzun gisa.

«Ez dut ulertzen herri honetan zergaitik dagoen gertatu zen hura gaizki zegoela esateko ezgauza den jendea, inmorala da» esan du Sara Buesak, eta «ziurrenik» erasoak «nire aita nor zen ere ez dakiten gazteek» eginak direla iritzi du. Hala, «belaunaldi berriekiko erantzukizun sozial eta politiko bat» badagoela esan du.

Alkateak: «Joko semantikoak»

Ekitaldian parte hartu du halaber Gasteizko alkate Maider Etxeberriak ere. Buesaren sendiari elkartasuna adierazi eta EH Bilduren aurka egin du honek ere, «joko semantikoetan» ez erortzeko eta «biolentzia mota oro kondenatzeko» deia eginez. «Elkartasuna eta hiritar guztiek libre eta bakean bizitzeko duten eskubidearen kontra egiten duen fanatismoaren aurrean, gure eskubideak babestu behar ditugu», esan du Etxeberriak.

Bere aldetik, EGAZ-JSE-eko idazkari nagusi Gabriel Arruek ekintza «salbai eta ankerra» kritikatu eta «euren pinturaren aurrean, gure larrosak» izango dituztela esan du. «ETAren terrorismoa kondenatzen ez duen bitartean, inongo alderdi politikorik ez da egongo legitimatua Euskadiren oraina eta etorkizuna eraikitzeko», amaitu du.