INFO

Aldundien Fortuna Handien gaineko zerga «aberatsentzako ‘foru baimena’» dela dio EH Bilduk

Bizkaiko Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramaile Iker Casanovak gogor kritikatu du aldundiek proposatu duten Fortuna Handien gaineko zergaren araua, eta ‘foru baimenarekin’ alderatu du: «EAJk eliteak babesteko eta aberatsenei zergak barkatzeko erabiltzen du».

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako batzar nagusietako ordezkariak izan dira astearte honetako agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

EH Bilduk gogor kritikatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek aurkeztutako Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergaren Foru arauaren aurreproiektua. Izan ere, Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile Iker Casanovaren esanetan, «zerga berriak eskaintzen dituen aukerak ez dira baliatzen».

«Hustu egiten da zerga berriak duen potentzialitate guztia», azpimarratu du astearte honetan Donostian egindako agerraldian. Azaldu duenez, «transposizioa egiterakoan ahalbidetzen diren tipo berriak ezarri ordez, aldundiek Ondare Zergan agertzen diren tipoak mantentzen dituzte. Beraz, diru bilketa mantenduko litzateke».

«Soilik tarterik handienean, 16 milioi eurotik gorako ondarea duten pertsonek 3,5 puntuko tasa ordaindu beharko lukete. Gainerakoak salbuetsita egongo lirateke eta ez lukete jasoko inolako zerga igoerarik», esan du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 17.000 pertsona inguruk Ondare Zerga ordaintzen dutela ohartarazi du.

Adierazi duenez, pertsona horiek hiru lurraldeetako aberatsenak dira, eta zerga berriak, «aldundiek egindako proposamenarekin, soilik 300 bati eragingo lieke. Beraz, 16.700 aberats libre geratuko dira gehiago ordaintzetik EAJk planteatu duen proposamenaren bidez».

«Honek zerga berriaren potentzialitatea hustu egiten du, eta esan dezakegu ‘foru baimena’ aplikatu dela aldundien partetik aberatsen alde», gaineratu du, historikoki aipatutako ‘baimena’ Espainiako agintariek inposatutako lege zorrotzei aurre egiteko erabiltzen zela gogoratuz: «Formalki onartzen zen egin behar zena, baina praktikan ez zen egiten».

«Kasu honetan irauli egin dute kontzeptua. Sortu zen gure herria babesteko, baina EAJk erabiltzen du aberatsentzako foru baimena eliteak babesteko eta aberatsenei zergak barkatzeko», nabarmendu du, «aukera duenean» EAJk «microdumping fiskala» egiten duela salatzearekin batera.

«Azken finean, proposamen honekin, EAEko aberatsek Estatutan baino gutxiago ordainduko dute. Hau da dumping fiskala egitea eta fiskalitateak eskaintzen dituen aukerak ez baliatzea onurak eta etekinak lortzeko», esan du, eta galdera bat bota du: «Hau izango al da datorren erreforma fiskalaren izpiritua eta ardatza?».

EH Bilduren ekimenak

EH Bilduko ordezkariak aitortu duenez, subiranistak «oso kezkatuta gaude eta hiru lurraldeetako batzar nagusietan galderak egingo ditugu jakiteko EAJk hartutako bide honen ondorio ekonomikoak zeintzuk izango diren, hau da, zenbat milioi zehazki barkatuko dizkien EAJk EAEko aberatsenei; eta baita ere kontrol plenoetan galdetuko diegu diputatu nagusiei ea hau izango ote den datorren erreforma fiskalaren filosofia», alegia «bigunak izatea aberatsenekin eta baliabide gehiago eskuratzeko aukerari uko egitea».

«Gure partetik proaktiboak izango gara eztabaida honetan, uste dugulako ezinbestekoa dela erreforma sakon bat egitea, progresibitatearen printzipioetan oinarrituta administrazio publikoek dituzten baliabideak handitzeko zerbitzu publiko hobeak izateko, jendea hobeto babesteko eta ekonomia sustatzeko», azpimarratu du.

Casanovak argi utzi du EH Bilduk ez duela proposatutako arauaren alde bozkatuko batzar nagusietan. Araban eta Gipuzkoan EAJk eta PSEk beste alderdi baten laguntza behar dute araua onartzeko.