INFO
Entrevue
Joseba Fernandez
San Juaneko entrenatzailea

«Buruan neukan behin eta berriz errepikatzen zen esaldi bat: ‘Ezin diet ezetz esan’»

Lapurdi utzi, eta etxerako bidea hartu du Joseba Fernandezek (Pasai Donibane, 1974). Bigarren aroari ekingo dio San Juanen, 2012tik 2016ra egon baitzen entrenatzaile. Urte oparo horietara eraman nahi du 'Erreka', oraingo belaunaldiari «lehiakorrak izateko ahalmena» emanda. Lau urterako sinatu du.

Joseba Fernandez San Juaneko entrenatzaile berria, Pasai Donibanen. (Jon URBE | FOKU)

Hankaz gora jarri du elkarrizketa Joseba Fernandezek. Orain dela bi asteburu iragarri zuen ez zuela Lapurdin segituko, eta ondoren etorri zen albistea: San Juanera itzuliko zela. Oporretatik bueltan, Bilboko aireportura iritsi eta segidan joan da Pasai Donibanera, NAIZekin elkarrizketa egitera. Solasaldia bukatu eta klubeko bulegora joan da. Bide luzea du aurretik.

Oporretan ibili zara, baina eman duzun berriaren ondoren, ez dakit atseden hartzeko tarterik izan duzun...

Bai, atseden hartzeko momentuak izan ditut. Egia da horrelako erabaki bat hartzeak dakarren estresa dela-eta, ardura izan dudala, baina uste dut ondo egin ditudala gauzak. Lapurtarrekin oso argia izan naiz, izan behar nintzen bezala. Oso jende ona eta serioa da, eta ez zuten beste gauza bat merezi, ez anitzik ere. Asko kostatako erabakia izan zen, eta oraindik ere pena sentitzen dut. Behin erabakia hartuta gauzak lasaiago joan dira, oporretan gustura izan gara, eta jada hasi naiz burua bere tokian jartzen.

Lapurdin oso gustura ikusten zitzaizun. Nola sortu zen San Juanen aukera?

Banekien San Juanen bere tokira bueltatzeko azken saiakerak ez zirela onak izaten ari; ez dute beraiek espero zuten maila lortu. Momentu gorabeheratsua zen, ni hemen bizi naiz, eta egunerokoan ikusten dut. Gero, harreman nahiko estua dut klubeko partaide batzuekin, eta badakit gutxi gorabehera zer dagoen barruan eta zer ez. Oraindik kanporaketak jokatu ez genituela deitu zidaten, eta pentsatu nuen ez zela inondik inora ere momentua esertzeko eta gauzak pentsatzeko. Beraz, kanporaketak eta gero ikusiko genuen zer zegoen egiteko, nola geratzen zen arraunlarien multzoa eta zein zen beraien ideia proiektuari begira.

Kanporaketak bukatu bezain pronto beraiek berehala etorri ziren, eta zabaldu zidaten proposamen sendoa, apustu oso serioa eginez. Momentu horretan burua guztiz nahastu zitzaidan, TKE ligako talde bati ezetz esan nion, eta beste interes bati ere ezetz esan nion Lapurdin jarraitzeagatik. Baina kasu honetan nire kluba da, nire etxeko jendea, eta buruan neukan behin eta berriz errepikatzen zen esaldi bat: 'Ezin diet ezetz esan'. Sentitzen dudana da, eta ezin zaio uko egin.

‘Bueltan da’ Bulego taldearen abestiarekin iragarri du San Juanek zure itzulera. Abestiaren letrak dioen moduan, «amets berriak idazten saiatuko zara»?

Uste dut San Juanen egon nintzen lehenengo aroa ezin hobea izan zela. Bost urte bikain egin genituen, goi malako taldeekin lehian, ohorezko txandan arraun eginda, garaikurrak lortuta, Kontxako sailkapenak... Marea arrosa pil-pilean zegoen, eta ‘Bateleren’ belaunaldi bikainarekin ere bat egin genuen. Urte oparoak bizi izan genituen, ‘Oiartzun’ ere ligako txapelduna izan zen, gure bigarren ontzia, eta momentu horiek izan ziren azken hamarkadetako oparoenak, mutilek azken Kontxa irabazi eta gero. Baina ondoren San Juanetik Bermeora abiatu nintzen, jarraian Pedreñara eta San Juanek beste bide bat hartu zuen. Pasatu dira urteak eta ez gara kapaz izan genuen maila mantentzeko.

Ez dakit abestia hortik joango den edo ez, baina suposatzen dut amestu nahi dutela, eta, nahi dugula, posible dela berriro ere garai oparo horiek bizitzea. Eta nik benetan hala pentsatzen dut. Hemen arraun kultura oso sakona da, oso sartuta dago, eta proportzionalki uste dut arraunlari gehien ateratzen ditugun herria garela, biztanleria kontuan hartuta. Gauzak asko okertzen ez badira, 35 arraunlari inguru izango ditut, eta hori 2.000 biztanle baino gehiago dituen herri batentzat izugarria da. Potentziala beti izan da San Juanen. Hala ere, egia da kapaz garela bat-batean berpizteko eta oso epe txikietan garaipenak edo maila izugarria hartzeko, baina gerta daiteke alderantzizkoa ere. Adibide dugu ‘Batelerekin’ gertatutakoa. Amets egin daiteke, baina aurretik lan handia izango dugu.

Lau urterako kontratua sinatu duzu. Egonkortasuna ere bilatu duzu?

Bai, egia da Lapurdik antzeko zerbait eskaini zidala. Proiektu sakon bat ere banuen bertan. Hori ez da izan erabakiorra, baina iruditzen zait nire momentua izan daitekeela San Juanen. Orain kirol arloan gauzak ez daude ondo, eta uste dut aukera dudala berehala piezak bere tokian jartzeko eta aurrerapauso sakon bat emateko. Horrela ikusten dut, baina lehen esaten nuena, aurretik lan sendoa, sakona eta batez ere bide finko eta zehatz bat jarraitu behar da.

«Iruditzen zait nire momentua izan daitekeela San Jaunen [...] Aukera dut berehala piezak bere tokian jartzeko eta aurrerapauso sakon bat emateko»

Aurten KAE 1 ligan San Juanek laugarren egin du. Nola ikusi duzu?

Iruditzen zait, eta beraiei ere esan nien, gazteriaren bekatuak ordaintzen ari direla. Taldea ona da, itxurosoa, teknikoki oso ondo egina. Kontuan eduki behar da Endika Zalduak [aurreko entrenatzaileak] hartutako belaunaldia dela, gazte mailetan ibilitakoa, eta orain dela lauzpabost urte berak hartutako jende hori goraino eraman duela. Oinarriko lan hori, ezinbestekoa eta hain garrantzitsua dena, egina dago, Endikak egin du, eta horrek niri lanak erraztuko dizkit. Segur aski Endika nirekin egongo da lanean, beste batzuekin batera.

Orain tokatzen zaigu beste lehiakortasun bat ematea arraunlariei, lehiakorrak izateko ahalmena. Sanjuandarrak beti izan duguna aurreko belaunaldietatik ikasitakoa da. Eta belaunaldi honi beharbada gertatu zaiona da ez duela kointziditu aurreko belaunaldiarekin, eta ez duela adibide hori jarraitzerik izan. Baina orain hori argi dudala, saiatuko naiz hori ematen taldeari.

Arraunlarien multzoak jarraipena izango du?

Ematen du baietz, gauzak asko okertzen ez badira, guztiekin hitz egin dut. Ez dakit baten bat geratzen zaidan hitz egiteko. Gaur bueltatu naiz oporretatik eta mugikorrez ari naiz baina, dirudienez, taldea jarraitzekotan da. Horrez gain, espero dugu kanpoan dabilen etxeko jendeak, arraun egin gabe dabiltzanak, gurekin bat egitea, eta tren hau azkar martxan jartzea.

Zu arraunean arituko zara?

Momentuz 49 urte ditut, azken denboraldia ona izan da fisikoki, errendimendu ona eman dut. Motorra bikain dago, baina karrozeria ez dago horren ondo. Horrek zailtasunak jartzen dizkit urtean zehar, baina saiakera egingo dudala ziur.

Lapurdirekin sekulako denboraldia osatu duzu.

Bai, ez dakit esaten ezin hobea izan den ala ez, beti dagoelako hobetzerik, baina pena izan zen azken momentuko bi segundoko galerak aukera ez ematea goi mailara iristeko, Iparraldeko talde bat historian lehen aldiz TKE ligan egongo litzatekeelako. Ilusio hori nuen, lehen egunetik, gainera. Orduan ematen zuen astakeria bat zela hori pentsatzea, baina bete-betean asmatu nuela erakutsi dit denborak. Hango jendeak duen konpromisoari, kalitateari eta aurretik klubak egindako lanari esker, hori aurrera eramateko kapaz izan gara; lau bandera irabaziz, eta kanporaketak jokatuz. Uste dut harro egoteko urtea egin dugula. Espero dut, gainera, beraiek kapaz izatea pertsona egokiarekin, eta beraiek duten jarrerarekin, hurrengo urtean bide berari heltzeko.

Hurrengo denboraldian Lapurdi ere aurkari gogorra izango da.

Bai, espero du baietz, eta, nork daki, agian biak gora joango gara. Hori izango litzateke bikainena.

Urte bat egon zara Lapurdin. Zer garrantzia du Iparraldean Lapurdi bezalako talde bat egotea KAE 1 ligan?

Galdera hori beharbada ez da niretzat, lehendakariarentzat baizik. Baina, bai, igarri dut harrotasuna sentitzen dutela, eta ikusi dut beraien harrotasuna zetorrela ikusiz beraien burua gai zela egin dituzten gauzak egiteko. Horrenbeste urtetan hain urruti ikusi dute Gipuzkoako arraunketa, Bizkaikoa, goi mailako taldeena... Eta bat-batean ikustea beren  burua gai dela gorengo ontzien pare egoteko, beraien estropada berdinetara joateko, beraien kaietan lekua izateko... Hori ikusi dut beraien begietan, eta gure urteak izan duen hedadura komunikabideetan, Ziburuko plazan jasotako harrera, han antolatutako jaia... Beraiek behin eta berriz esaten zuten: «Hau hemen ez da ikusi; horrelako jai bat, horrelako harrera bat, hemen ez da sekula ikusi».

Twitterren oso aktiboa zara. Aurrekoan Jagoba Arrasaterekin bat egiten zenuela adierazi zenuen. Kirolariak isilik nahi dituztela. Arraunean hori nola ikusten duzu?

Hori jarri nion Jagobari, aurten hori bizi izan dudalako. Ematen ari den egoera nahiko tristea iruditzen zait. Momentu honetan ahoa estalita dugu, neurtu behar dugu edozein mugimendu, espresio, keinu, traineruarekin handik edo hemendik pasatzea... Berrikasten ari gara nola jokatu behar dugun lehiaketa egunetan, eta oso tristea da, sekula ez zaidalako iruditu arraunketa izan denik hizpide jarrera txarrengatik edota balio okerrengatik. Polemikoa, ordea, bada. Hala ere, aztertzen baldin badugu urtea Kontxarik gabe, esango genuke arraunketak polemika gutxi duela. Baina Kontxa sartzen badugu barruan, orduan arraunketa kirol polemikoa da.

«Zuzendaritza kirolariekiko, eta zuzendaritzan sartzen ditut epaileak, oso urruti gaude, eta ez zait normala iruditzen»

 

Nire ustez, enpatia falta da gehienbat. Zuzendaritza kirolariekiko, eta zuzendaritzan sartzen ditut epaileak, oso urruti gaude, eta ez zait normala iruditzen. Aurten beraiek izandako akats batengatik kirol arloan puntu galera izan genuen. Nik protesta egin nuen, inongo errespetu faltarik gabe, haserrea azalduz telebistan, kexati. Nahi duenak ikus dezake bideoa eta zer esan nuen. Horregatik isuna jarri zidaten, eta nire lankideak edo entrenatzaileak oso antzeko egoerak bizitzen ari dira. Euskadiko Txapelketan, adibidez, bandera urdin bat jaso genuen esplikaezina dena. Irteerara gindoazenean helmuga aurretik pasatu ginelako.

Kontxako estropadako lehen jardunaldian lau taldek bandera urdina ikusi zuten. Horrek estropada baldintzatzen du, eta ez da normala. Ez dira ematen egoerak taldeak baldintzatuta ateratzeko estropadetara, ez da gauza larririk egiten. Egoera hori bizitzen ari gara, eta benetan gogorra da. Momentuan zure mekanismoak sortzen dituzu zu egoera horretara egokitzeko, baina ez da normala. Gertatzen dena da, eta hemen dago arazorik larriena, arraunlariak ez garela elkartzen. Ez daukagu indarrik horren bitartez. Eta hori horrela den bitartean, gauza gutxi egin daitezke. Arraunlarien barruan entrenatzaileak ere sartzen ditut.