INFO

EAEko sektore publikoko grebako deitzaileek erakundeak bilera batera deitu dituzte

EAEko sektore publiko osorako greba deitu duten ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek bilera baterako gonbidapena egin diete langile publikoen arduradun diren instituzioei, hau da, Lakuako Gobernuari, Eudel elkarteari, hiru aldundiei eta espainiar Estatuko ordezkariei.

Gehiengo sindikalak greba deitu du EAEko sektore publikoan, urriaren 25ean eta abenduaren 19an. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Greba deialdia erregistratu ostean, EAEko sektore publiko osorako greba deitu duten ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek beste pauso bat eman, eta bilera batera gonbidatu dituzte langile publikoen arduradun diren instituzioei, hau da, Lakuako Gobernuari, Eudel elkarteari, hiru aldundiei eta espainiar Estatuko ordezkariei.

Ohar batean azaldu dutenez, sindikatuek proposatu dute bilera Bilboko LHKn egitea datorren astelehenean, urriaren 16an, eguerdiko 12.00etan. Zehazki, gonbitea honako hauei egin diete: Olatz Garamendi Lakuako Gobernantza Publikoa eta Autogobernuko Sailburuari, Esther Apraiz Eudeleko lehendakariari, foru aldundietako langile publikoen arduradunei eta Denis Itxaso espainiar Estatuko gobernu ordezkariari.

Horrekin batera, sindikatuek bilera erronda egiteko gonbidapena egin diete EAEko hiritarren bozkekin Kongresuan ordezkaritza lortu duten alderdiei.

Erakundeei eskatuko diete «har ditzatela behingoz zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten langileen aldeko erabakiak». Aldi berean, alderdiei planteatuko diete Madrilen duten indarra «baliatu dezatela berton erabakiak hartzea ahalbideratu dezaten».

Zehazki, sindikatuek mahai gainean jarritako eskaera zehatzak bere egitea eskatuko diete, besteak beste, zerbitzu publikoak, enplegua eta soldata Euskal Herrian erabakitzeko neurriak hartzea; surrekontuetan zerbitzu publikoak indartzea; pribatizazioekin amaitzea; enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea; lan baldintzak hobetzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; lan osasuna bermatzea; euskalduntzean pausoak ematea; eta berdintasunerako benetako pausoak ematea.

Bilera horien bidez, sindikatuek jakin nahi dute zein den gai horien inguruko erakundeen eta alderdi politikoen jarrera, eta ea akordioak lortzeko aukerarik dagoen.

«Zerbitzu publikoak okertu egin dira»

Sindikatu deitzaileek nabarmendu dute «azken urteotan zerbitzu publikoak jasaten ari diren gainbehera, lan baldintzen okertzea eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoetan duen eragin larria». «Pandemiak agerian utzi zituen narriadura horien ondorioak. Hiru urteren buruan, egoera konpondu beharrean, erakundeek 10.000 milioi euro gordeta dituzte bankuetan, gizarte premiak larriagotu eta zerbitzu publikoak okertu egiten direnean», salatu dute.

«Era berean, erakundeek, autogobernua defendatu eta zerbitzu publikoen inguruko erabakiak Euskal Herrian defendatu beharrean, hautua egin dute hori estatuaren esku uzteko», gaineratu dute.