Kalera, beste unibertsitate eredu baten alde
Ordezko irakasle eta ikertzaileen soldata eskasak salatzeko, greba egin zuten atzo EHUko campus guztietan, LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta. Goizean informazio-piketeak egon ziren eta eguerdian elkarretaratzeak. Adierazi zuten «oso erantzun zabala» izan zuela deialdiak.
Euskal Herriko Unibertsitatean ikertzaileek eta ordezko irakasleek jasaten duten prekarizazioa salatzeko mugimenduak urratsa eman zuen atzo. Irakasle guztiak greba egitera deituta zeuden. Lau sindikaturen ekimena zen, LAB, Steilas, ELA eta CCOOrena, eta «oso erantzun zabala» izan zuela nabarmendu zuten, greba «arrakastatsua» izan zela adieraziz. Sistema unibertsitarioaren legearen aplikazio okerra salatu eta unibertsitatearen finantzaketa hobetzeko eskatu zuten.
Irakasleen bajak eta baimenak lanaldi partzialeko irakasleen bidez betetzen dira, 800 euroko soldaten truke; egoera hori da, hain zuzen, grebarako deialdia piztu duena. Baina ez da arrazoi bakarra. Sindikatuek atzo bertan gogora ekarri zutenez, azken urte hauetan okerrera egin dute EHUko irakasleen eta ikertzaileen lan-baldintzek: «Lan karga handitzea; aldi baterako irakasle eta ikertzaileei ikerketa-seiurtekoak ukatzea; irakaskuntzako bosturtekoak ukatzea lanaldi partzialeko irakasleei; langile askoren ezegonkortasuna; ikertzaileen prekaritatea; ikerketa karreraren garapena oztopatzea; erretiro akordioak bertan behera uztea; campusaren aldebakarreko itxierak; burokrazia handitzea...».
Neurri horiek EHUko zuzendaritzak aldebakartasunez ezarri dituela salatu zuten sindikatuek, «langileak ordezkatzen dituzten sindikatuekin negoziatzeari muzin eginez».
Gainera, horri atzetik zetozen egoerak gehitu behar zaizkiola nabarmendu zuten: «Erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izoztea 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantentzea, eta unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitariokoenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere)».
Finantziazio eskasa
Era berean, EHUra bideratutako finantzaketa ez dela nahikoa salatzen dute. Izan ere, 2022an EAEko barne produktu gordinaren (BPG) %0,4 jaso zuen, duela hamarkada bat baino gutxiago eta Estatu espainoleko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (LOSU) berak 2030erako helburu gisa jasoa duen BPGaren %1etik oso urrun dagoena.
Horren ondorioak ez dituztela bakarrik irakasle horiek jasaten, EHUn lanean diren 6.000 ikertzaile eta irakasleek baizik, ohartarazi zuten LAB, Steilas, ELA eta CCOOko bozeramaileek, eta horrexegatik zeuden irakasle guztiak grebara deituta. Prekarizazioak irakaskuntzari kalte egiten diola erantsi zuten. Besteak beste, «profesional hauek beste lan bat bilatu beharko dutelako eta lanaren antolamenduaren desoreka nabaria eragiten duelako».
Pikete informatiboak eta elkarretaratzeak
Soldata duinen aldeko aldarrikapena uztailean hasi zen zabaltzen, eta mobilizazio ugari izan da greba honetara iritsi aurretik; Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Eva Ferreira errektorearen aurrean ikasturte hasierako ekitaldian eginikoa eta Gasteizko Legebiltzarreko agerraldia, esaterako.
Atzo EHU osoan deituta zegoen greba eguna. Egunsentian pikete informatiboak osatu zituzten dozenaka irakaslek, Leioako campuserako sarbidea momentu batez oztopatuz, besteak beste. Ez zen aparteko arazorik sortu.
«Lan-baldintza duinik ez duen plantillarekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu»
Sindikatuek adierazi zutenez, EHUko campus guztietan grebak «oso erantzun zabala» izan zuen. Zentroak irekita egon ziren arren (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileak, plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), zentro gehienetan klase gehienak bertan behera geratu ziren eta jardun akademikoa oso murritza izan zen.
Goizean unibertsitateko egoitzetan izan ziren ekimenez gain, eguerdian elkarretaratzeak egin zituzten Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan Lakuako Gobernuko Hezkuntza ordezkaritzen aurrean egin ziren, eta Gasteizen, aldiz, Errektoreordetzaren aurrean.
Arratsaldean, protesta Bilboko Itsasmuseum aurrean egin zuten, han EHUko errektore Eva Ferreira eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz TREC Bilbao 2023ren inaugurazio-ekitaldian baitzeuden. Itsasontzi batetik, greban dauden irakasle eta ikertzaile talde batek pankarta bat zabaldu zuen «unibertsitatearen prekarizazio kezkagarria» salatzeko. Itsasadar ertzetik, sindikatuetako ordezkariek «Ferreira, Bildarratz, zaindu EHU!», «EHU borrokan» eta «800 euro, miseria da soldata» leloak oihukatu zituzten.
EHUko jardun akademikoa eten zuen greba honen bitartez, EHUko irakasle eta ikertzaileek argi utzi zioten EHUko zuzendaritzari «norabidea aldatu behar duela, aldebakartasuna alboratu behar duela eta bere langileen kontrako neurriak gelditu behar dituela».
«Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghaiko ranking-arekin liluratuta badaude ere, lan-baldintza duinik ez duen plantillarekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu», adierazi zuten.
Atzoko egunari jarraipena emateko, sindikatu deitzaileek datorren urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitu dituzte EHUko langile guztiak. «Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura, non langileen lan baldintzak duinak diren», gaineratu zuten.