INFO

Kontseiluak dio hizkuntza ereduak gaindituta daudela eta euskararentzat traba direla

Euskalgintzaren Kontseiluak kezka agertu du EAEko Hezkuntza Lege Berrian hizkuntza ereduak mantentzeko aukeraren aurrean. Zaharkitutako tresnak dira, euskararen normalizaziorako oztopo eta eragileek adostutakoaren aurka doaz, nabarmendu duenez.

Euskalgintzaren Kontseiluak, hezkuntza eragile nagusiek eta sindikatuek EAEko Lege berriari eginiko ekarpenak aurkezteko agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Kezkaz» jaso Euskalgintzaren Kontseiluak EAEko Hezkuntza Lege berrian hizkuntza ereduak mantentzeko aipatu den aukera. Ikasgeletako egungo errealitateak «jada gainditutako sistema bat» dela erakutsi duela gogoratu du, baita «euskararen normalizazioan aurrera egiteko oztopo» ere.

Ohar batean gogoratu du Kontseiluak legearen inguruan «2021ean abiatutako eztabaidaren prozesu osoan zehar, euskalgintzak, hezkuntza komunitateko eragileekin eta sindikatuekin batera, hizkuntza-auziaren korapiloa askatzeko proposamen argia» egin zuela: «euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiak euskaraz jabetzeko bide bakarra euskarazko ikasteredu inklusiboa orokortzea».

Bide horretan, hezkuntza sistemaren ikas eta irakats hizkuntza normalizatua euskara izatea adostu zuten eragile ezberdinek, «belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izateko bide arrakastatsu eta ia bakarra dela frogatu denari babesa emanez. Nabarmendu duenez, «datu eta azterketa guztiek» baieztatzen dute apustu hori, «eta gizartearen adostasun zabala duen proposamena da».

Azpimarratu du gaur egungo ikasgeletako errealitateak frogatu duela «ereduak zaharkitutako tresnak direla, eta sistema mantentzeak «milaka ikasle euskaldundu gabe uztea eragingo» duela, haiei «kalte nabarmena eraginez, aukera sozial eta profesionala areagotzeko tresna garrantzitsua ukatzea den heinean» eta, orokorrean, euskararen normalizazioa eta gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetuz.

Izaera diskriminatzailea

Ereduen sistemak duen izaera diskriminatzailea aipatu du Euskalgintzaren Kontseiluak: «milaka ikasleri bertako hizkuntzaren gaitasuna lortzea galaraziko baitzaie, ofizialtasunak ezartzen duen euskara ezagutzeko eskubidearen eta botere publikoen betebeharren kontra».

Izan ere, segregazioan ere duten eraginaz ohartarazi du, hainbat kasutan «zaurgarritasun ekonomikoari zaurgarritasun soziolinguistikoa» erantsiko baitiote, eta gurasoen erabakitzeko ahalmenaren inguruko argudioari erreferentzia eginez, elebakartasunera suposatzen duen kondena mahaigaineratu dute.

Gauzak horrela, epe luzeko begirada proposatu du Kontseiluak eta Hezkuntza Itunean adostu zen bezala, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatzea bermatzen duen sistema ezartzea.

Gogora ekarri du Kontseiluak, hezkuntzako eragile nagusienek (Ikastolen Elkartea, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi) eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta Steilas) abian jarritako ‘Hezkuntzak euskara gehiago behar du’ sinadura bilketak urriaren 29ra arte zabalik jarraituko duela.

«Abagunea zein den kontuan harturik, are eta garrantzitsuagoa da sinaduren bidez proposamen horri indarra ematea», nabarmendu dute www.euskaragehiago.eus webgunean sinatzeko aukera dagoela gogoratuz.

Urkulluren arabera, mantenduko dira

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du ostegun honetan lege berriak egungo hizkuntza-ereduei eutsiko diela, baina ez du baztertu etorkizunean eguneratzeko aukera zatea.

Japoniatik egin ditu adierazpenok, euskara ikasten ari den ikasle japoniarren talde baten aurrean. Esan duenez, ereduak mantenduko dira eta denborarekin ikusiko da eguneratu behar diren.