INFO

Peio Etxeberriak airean eraman du Jaka, ligaxkako lehen puntua eskuratzeko

Peio Etxeberria 9-22 gailendu zaio Erik Jakari ostegun honetan, Sorian, Lau eta Erdiko txapelketako ligaxkako lehen partidan. Zenozkoak 0-5eko partzial goiztiarrarekin, zalantzak areagotu ditu Lizartzakoarengan eta partida serioa osatuta eraman du lehen garaipena.

Peio Etxeberria eta Jakaren arteko lehia, udaran, Caixabank Mastersean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kolore urdina nagusitu da ostegun honetan Sorian, Lau eta Erdiko ligaxkako lehendabiziko partidan. Airean eraman du Peio Etxeberriak Jaka –nahiz eta atsedenaldi luzearen ostean gipuzkoarrak, kosta ahala kosta, erreakzioa bilatu duen­– eta lehendabiziko puntua batu du, seriotasunez eta txukun, diziplina honetako espezialista dela erakutsiz.

Azken bi edizioetako finalerdietara iritsi da Zenozko pilotaria eta aurten, gutxienez, emaitza errepikatzea izango du helburu, bai eta koska bat igo eta final handira sailkatzea ere. Horretarako, baina, oraindik asko falta da. Lau eta Erdikoa ez da Binakakoa bezain luzea baina lehen partida irabazteak ez du ezer ziurtatzen. Bigarren jardunaldia izaten da gakoa eta horra begira, nafarrak urrats bat eman duela agerikoa da.

«Partida zaila zen niretzat, Erik [Jaka] oilarra da baina jokoz gustora sentitu naiz. Nik gauzak argi nituen eta horrela behar zuen, bera mugitu eta abiadura eman, ea itotzea lortzen nuen», adierazi du Peio Etxeberriak partida bukatu bezain laster. Zenozkoa lasai, konfiantzaz aritu den bitartean, zalantzati agertu zen Lizartzakoa –berak ere halaxe onartu zuen–.

Erritmo oso altua, abiadura eta presioa ezarri du nafarrak eta 0-5eko lehendabiziko partzialak ere lagundu dio aurrez pentsatutako planarekin jarraitzen. Bost tanto atzetik zela luze jo du Jakak estreinakoz markagailua atontzeko eta eskuinez, behetik, Etxeberria sufritu zitekeela atzeman da. Ez du probestu aukera hori Jakak eta Etxeberriak beste 0-7ko partziala ezarri du (2-12), hain zuzen ere Lizartzakoaren pilotarekin, botileroak emandako aholkuari jarraituta.

Jakaren autokritika

Lehen atsedenaldi luzearen ostean saiatu da Jaka erreakzioren bat bilatzen baina ordurako bideratuta zeukan lehia Etxeberriak. 5-14an, txapara botatako pilota, izan da Zenozkoaren hutsegite bakanetakoa.

Lizartzakoak, aldiz, onartu du, horrelako partidak eginda nekez lortuko duela garaipena elitean. Autokritikoa izan da gipuzkoarra, eta jakitun da lehen bala galduta, bigarren jardunaldian irabaztea funtsezkoa zaio. Ezkurdia eta Salaberria daude multzo berean eta irabazlearen aurka jokatuko du Peio Etxeberriak, galtzailea izango du aurrean, aldiz, Erik Jakak.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka: 9

Peio Etxeberria: 22

Pilotakadak: 274. Iraupena: 51:18 minutu. Markagailua: 0-5, 2-5, 2-12, 3-12, 3-13, 4-13, 5-14, 5-15, 5-18, 6-18, 7-18, 7-19, 8-19, 8-20, 8-21, 9-21, 9-22. Egindakoak: 5 Jakak eta 11 Etxeberriak. Galdutakoak: 11 Jakak eta 4 Etxeberriak. Gorabeherak: Sorian jokatu da Lau eta Erdiko txapelketako estreinako partida. Sakea, gorri.