INFO

Distopia bizi duen belaunaldia, etorkizunera saretzen

Ostiral arratsaldean hasi da Euskal Herriko Neska* Gazteen baterajotzea, Usurbilen. Ekitaldi batekin hasi dute topaketa, sare zabal honen aniztasuna erakutsiz. Igandera arte, gazte feministek utopien etorkizuna amarauntzea dute helburu.

EHN*Gen baterajotzearen hasierako ekitaldia, Usurbilen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sarea egin eta alternatibak josteko topaleku da Usurbil asteburuon. Euskal Herriko Neska* Gazteak (EHN*G) ostiral arratsaldearekin hasi dute bertan baterajotzea eta, asmo handien iragarle, frontoia aulki hutsez goraino beteta eta kartel bat: «Historia feminista idazten jarraituko dugu». Lotarako zaku eta dendak kanpalekuan utzi ostean, bete dute gazte feministek frontoia, okupatu dituzte aulkiak –guzti guztiak– eta Beatriz Egizabal umoregileak egin die harrera: «Hasi dadila iraultza!».

‘Utopiak Lehertzeraino’ leloa aukeratu dute baterajotzerako eta izen berdina hartu du egunotan egingo diren hiru mahai inguruetan lehenak –zortzi hitzaldi edo tailer, ekitaldiak, mobilizazioa eta kontzertuak ere egingo dira–. Euskal Herriko talde feminista desberdinetan aritzen diren bost neskak lagundu dute topaketa hauek kokatzen eta EHN*Gen sare zabal eta sendoa osatzen duten esperientzien lagin txiki bat eskaini dute: Nerea Zubizarreta Algortatik etorri da (Haziak talde feminista), Malen Letamendi Donostiatik (Intziri), Amaia Bosque Bilboko Zazpikaleetatik (Kalamiak) eta Amaiur Argiñena Iruñerriko talde feministatik. (moderatzaile) Naia Kortaberria eibartarrak, EHN*Gen koordinadoratik, egin ditu moderatzaile lanak.

Ezinbestekoa denez etorkizuna irabazteko, hasteko, oraina kokatu du Kortaberriak. «Asko hitz egin da distopia eta utopiei buruz –agertu du–. Azken urteetan orokortu egin da mundura amaitzera doan ideia, gure belaunaldia izango dela inork bizi ez duen hori biziko duena, katastrofea datorrela. Baina distopia ez dago etorkizunean; gaur distopia bizitzen ari gara».

Distopia horren seinale, zehaztu duenez, Haziak taldeak jasan duen kriminalizazioa. 2022ko abuztuan Haziak taldeko bi kide identifikatu zituen Ertzaintzak, eraso matxista baten ostean dagokion protokoloa martxan jartzeagatik. Desobedientzia larria egotzita, prozesu judizialak martxan jarraitzen du egun. «Eta seguruenik epaiketa egongo da», ohartarazi du Zubizarretak. Nabarmendu du identifikazioak ez zirela ausazkoak izan –Poliziaren arabera, haien lana «oztopatu» zuten erasotua artatzerakoan– eta, are, ez zela izan, besterik gabe, «bi izenen kontrako operazioa». «Saiatzen ari dira mugimendu feminista eramaten epaiketara, batez ere gazteen mugimendu feminista. Ez dute lortuko», nabarmendu du.

Usurbilgo baterajotzeko lehenengo mahai ingurua. (Gorka RUBIO/FOKU)
Usurbilgo baterajotzeko lehenengo mahai ingurua. (Gorka RUBIO/FOKU)

Etorkizuna eta utopiak, beraz, irabazteko daude. Eta EHN*Gek argi dute antolakuntza feministatik etorriko direla horiek. Antolakuntzaren eredu da, adibidez, Nafarroako kasua, Amaiur Argiñenak kontatu duenez. Greba feministek eragin zuten «loraldiarekin» batera sortu zen Iruñerriko talde feminista ere eta, hasieratik, talde desberdinen arteko artikulazioa eragiteko egin dute lan. «Olatu honetan giltzarria izan zen taldeen arteko harremana», zehaztu du Argiñenak.

Alternatibak, praktikara

Donostiako Intziri taldeak kalera egin zuen, kalea hobea egiteko: Gipuzkoaok hiriburuko gune beltzak markatzen hasi ziren, ikusita Udalak aurrez prestatu zuen ‘mapa’ «oso pobrea» zela, Letamendiren esanetan. Modu zuzenena aukeratu zuten emakume eta bestelako disidentzientzako arriskutsuak izan daitezkeen eremuak identifikatzeko; jendeari galdetuz.

Aurtengo baterajotzearen helburu behinenetako bat ere saretzea baita, eztabaidatzea, proposamen berriak bilatzea. Elkarrengandik eta elkarrekin ikasteko erdu da neska gazte saldoa Usurbilera eta adi entzun diote Amaia Bosquek ekarri duen esperientziari. Kalamiak taldeak ibilbide luzea du Bilboko Alde Zaharrean gertatzen diren erasoak kudeatzen. Komunitatearen parte hartzea sustatuz –izan erasotzailearena, erasotuarena, edo inplikazioa auzora zabalduz– erreparazio prozesuak jartzen dituzte martxan, erasotua berriz ere komunitatearen parte sentitu dadin, zauriak sendatu ditzan.

Erasoei erantzutea militatzeko molde «gogorra» da, esan du Bosquek, «desmotibazioa eragin dezake» eta «ez dago formula magikorik», baina bidean lortutakoak merezi du, bere ustez: «Zerbait ondo egiten ari gara». Hala, feminismora hausnarketa bat plazaratzeko tartea ere hartu du Kalamiak taldeko kideak: «Batzuetan pareta baten kontra ari gara, agian dut hausnartu behar dugu erasoei erantzuteko ditugun metodologiei».