INFO

Gabriel Arestiren ‘Internazionala’ kantuaren bertsio landua, «herriaren eskuetan»

Gabriel Aresti idazleak ‘Internazionala’ kantuaren bi itzulpen egin zituen. Bigarrena osorik berreskuratu berri dute eta ostiral goiz honetan aurkeztu dute Iruñeko Katakrak liburudenda, taberna eta aretoan Hedoi Etxartek eta Karmelo Landak, «herriaren eskuetan» jartzeko.

Karmelo Landa, Arestiren eskuizkribua eskuan, eta Hedoi Etxarte (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gabriel Aresti idazle handiaren jaiotzaren 90. urteurrenean, ‘L'Internationale’ kantuaren bi itzulpen egin zituela egiaztatu ondoren, haietako bigarrena osorik aurkeztu dute gaur goizean Iruñeko Katakrak liburudenda, taberna eta aretoan Hedoi Etxarte Katakrakeko kide eta idazleak eta Arestiren obran aditu Karmelo Landak. 

Susa argitaletxeak 1986an Arestiren obra osoa argitaratu zuen hamar liburukitan, eta bertan, zortzigarrenean, jasota dago ‘Internazionala’ kantuaren euskarazko lehen itzulpena, oso laburra.

Ezaguna zen, halaber, manifestazioetan abesten zen beste bertsio bat, hori ere oso laburra, eta Arestirena zela esaten zela dio Landak, baina ez zegoen horren frogarik. Orain, ordea, ez dago zalantzarik, eta beren ikerketan autoretza ez ezik, itzulpen osoa ere topatu dute, zenbait hamarkadatan haren arrastoa galduta egon ostean.


Dosier bat prestatu dute bi bertsioak jasota eta Arestik noiz eta nola egin zituen azaltzeko, baita bigarrena berreskuratzeko ikerketaren berri emateko ere. Hartarako, Karmelo Landaren eta Natxo de Felipe abeslari ezagun eta Arestiren lagun handi eta, Landaren hitzetan, «diszipuluaren» laguntza izan dute.

Lehenengo itzulpena

Frankismo betean, Jesus Mari Begoña Txo militante politiko bermeotarrak Arestiri eskatu zion, Natxo de Feliperen bitartez, itzulpena, bere aurka egitekoa zen epaiketan euskaraz abestu nahi baitzuen Eugène Pottier Parisko Komunako iraultzaileak 1871an sortu zuen kantua. Hala, Natxo de Felipek jatorrizko kantuaren zati labur bat eta gaztelaniazko itzulpena bidali zizkion Arestiri eskuz idatzitzako ohar batean. Eta eskuizkibu batean bidali zion Arestik De Feliperi lehen bertsio labur hori.

«Zutik! Munduko langileak/ garai dezagun gosea! Odoltzaren ondoan sarri/ (ba)datorkigu asea», dio itzulpen horrek lehen ahapaldian.

Bigarrena

Zenbait urte geroago, 1971ean, Natxo de Felipek ‘Internazionala’ren bigarren itzulpen bat eskatu zion Arestiri, bertsio landuago eta osoago bat, Parisko Komunaren eta Pottierren kantuaren beraren mendeurrena zela eta.

Izan ere, sasoiko euskal alderdi batek, EMK-k, kantuaren euskal bertsioa ezagutarazi eta zabaltzeko asmoa zuen. De Felipek, kantuaren jatorrizko bertsioarekin batera, Parisko Komunaren gaineko eta garai hartako ‘China Reconstruye’ aldizkari komunista txinararraren gaztelaniazko ediziotik hartutako beste informazio batzuk bidali zizkion Arestiri.

Bigarren itzulpen hori bi bidetatik berreskuratu dute. Alde batetik, Landak azaldu duenez, 1977ko ekainaren 12an EMK, EIA eta Euskal Komunistak alderdiek osatutako Eukadiko Ezkerra koalizioaren mitin batean itzulpen hori banatu zen paskinetan.

Bestetik, urte bereko urriaren 1eko ‘Anaitasuna’ aldizkarian ere osorik argitaratu zen. Baina ondoren bigarren itzulpen horren arrastoa galdu zen, baita haren autoretzaren gaineko ziurtasuna ere, lehen bi ahapaldiak Maiatzaren Leheneko ekitaldietan eta beste hainbatetan kantatu izan diren arren.

Bide biotatik berreskuratutakoa kontrastatu ondoren eta autoretza egiaztatuta, gaur, Gabriel Arestiren jaiotzaren 90. urteurrenean, jendaurrean aurkeztu dute eta «euskal heritarren esku» jarri.