INFO

«Hezkuntza burujabe eta euskalduna» aldarrikatu zuten Ikamaren urriaren 12ko herri eskoletan

Ikamak herri eskolak antolatu zituen urriaren 12an, «hispanitatearen egunak berak zein espainolismoak hezkuntza eta eguneroko bizitza nola zeharkatzen duten hausnartzeko, baita horren aurrean posizionatzeko ere».

Lea-Artibain Ikamak antolatutako herri eskola. (Ikama)

Ostegun honetan, urriaren 12an, herri eskolak antolatu zituen Ikama ikasle antolakundeak, ‘Ez gara espainolak’ lelopean, «hispanitatearen eguna jai egun arrotza dela» aldarrikatzeko.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, «urriaren 12a bezalako jai egunak euskal ikasleriarengandik urrun kokatzen dira, eta helburu zehatz bat izaten du gure egutegietan markatuta egoteak: Estatu espainolaren eta bere baloreen inposizioa».

Gogora ekarri dute egun honetan gogora ekartzen dela «1492an, Kristobal Kolon Amerikara iritsi zela» eta nabarmendu dute errelatoak «Amerika ‘deskubritu’ zuela» dioela. «Koloreztatutako errealitate horren atzean estalita lurralde oso baten kolonizazioa egon zen. Ohitura eta kultura europarraren inposizioa, torturak, emakumeen bortxaketak… guztia Espainia inperialistak gidatua izan zen».

Atzoko eguna «espainolismoaren aldeko aldarria egiteko aitzakitzat» hartzen da, azpimarratu du Ikamak. «Bandera espainolak eta desfile militarrak kaleetan, sentimentu nazionalista indartu eta Espainiaren izaera kolonizatzaile eta zapaltzailea goraipatzeko».

Horregatik Ikamak «ez duela ezer ospatzeko» adierazi dute eta horren aurrean herri eskolak antolatu zituzten. «Euskal Herria burujabe eta askatzailea dute ipar, eta hezkuntza balore-transmisioan ezinbestekoa izanik, ikasleak saretu eta antolatu daitezen jarduten dute. Herri Eskoletan ikasleak jai egunari planto egiteko biltzen dira, hispanitatearen egunak berak zein espainolismoak hezkuntza eta eguneroko bizitza nola zeharkatzen duten hausnartzeko, baita horren aurrean posizionatzeko ere».

Egitarau anitzak prestatu zituzten, izan ere, atzokoa, «hezkuntza burujabe eta euskaldun bat borrokatzeko beste egun bat gehiago» besterik ez da.