Iker Salaberria, negarrari ezin eutsita Lau eta Erdiko debutean
Iker Salaberria goizuetarrak bere debuteko partida zuen maila nagusian, Lau eta Erdiko txapelketan, egungo txapeldunaren aurka, Joseba Ezkurdia eta gauzak hasieratik okertu zaizkio. Negarrari ezin eutsita agertu da Lekunberrin, pilota zaleak, txalo zaparradarekin animatzen saiatzen ziren bitartean.
Debutak gogoangarriak izaten dira, batzuk onerako –gehienak– eta beste batzuk, txarrerako. Zapore gazi gozoa nahasten da bigarrenetan, urrats handia baita debuta bere horretan baina egun eskas batek guztia zapuztu lezake. Zuhaitz Gurrutxaga Realeko jokalari ohi eta umoregileak, esaterako, beti ekartzen du gogora bere debuta: txartel gorria ikusi zuen.
Umorez kontatzen du, behin denbora pasata beste perspektiba batekin ikusten baitira kontuak. Berdina gerta dakioke Iker Salaberriari, hemendik urte batzuetara gaurko eguna oroitzen duenean. 24 urterekin maila gorenean debuta egin du, Lau eta Erdiko txapelketan, iaz Promozioko txapela jantzi eta gero. Merezitako aukera baliatzen saiatzearen presioa ere ez da izaten onena eta hau kudeatzen jakitea gakoa izaten da. Gaizki hasi du partida eta erabat baldintzatu dio hasiera horrek, egoerari buelta ematea kosta egin baitzaio.
Lehen sakea motzegi atera du eta begiak kliskatu orduko, Ezkurdia 18-1era eskapatu da. Negarrari ezin eutsita agertu da goizuetarra eta aldageletarako bidea hartu du. Goi-mailako kirolean, arlo fisikoa kudeatzea ez ezik, psikologikoa lantzea ere ezinbestekoa eta igande honetan, alde guztietatik, gaindituta ikusi da goizuetarra. Aldageletatik bueltan ere malkoak aurpegian zituen eta zaleei saihestezina egin zaie txalo zaparrada eskaintzea, egun txarra daukana hauspotzea egin daitekeen gutxienekoa baita.
AUPA IKER SALABERRIA... RETEGI I esango zun moun... UN AKZIDENTE!!! @XabierEuzkitze ..
— otxoki (@otxoki54) October 15, 2023
Zaila da goi mailako kirola, are zailago urte luzez bertan mantentzea. Salaberriaren hau hasiera besterik ez da izan. Agerian utzi du zer nolako presioa egon daitekeen kirolari baten barnean. Beti oroituko du gaurko eguna, 2023ko urriaren 15a, baita Lekunberriko pilotalekua ere. Txapelketa honek daukan onena da egun gutxi barru bigarren aukera bat izango duela, ostiralean, Jakaren aurka, bigarren jardunaldian. Erabakigarriagoa da partida hau, kale eginez gero finalerdietarako aukerarik gabe geratuko baita.
Bere botilero Fermin Escuderok esan dion moduan, «Iker, segi jokatzen eta segi horrela. Aldageletatik bueltan erakutsi duzun amorrua erakutsi behar duzu partida guztietan. Orain, segi demostratzen nolako pilotaria zaren».