INFO

Ekologisten kexari bizkar emanez A69 autobidea egiteko xedea berretsi du Parisek

Okzitaniako Tolosa eta Castres hiria lotuko dituen A69 autobidea egiteko egitasmoa «bururaraino eramango duela» jakinarazi du gaur frantses Gobernuak. Egitasmoaren aurka hainbat ekintzailek eginiko gose grebarekin sostenguz okupazioa burutu zuten joan zen astean Donibane Garaziko Herriko Etxean.

Joan zen apirilaren 22an horma bat altxatu zuten A69 egitasmoaren aurka dauden ekitzaileek. (Lionel BONAVENTURE | AFP)

Laborantza lurren galera salatzearekin batera biodibertsitatearentzat guztiz kaltegarria izanen dela Okzitaniako Tolosa eta Castres hiria lotuko dituen A69 autobidea salatu dute talde ekologistek. Izan ere, frantses Gobernuak azpiegitura hori beharrezkotzat jo ondoren egitasmoa «bururaino eramateko asmoa» jakinazazi du urriaren 16 honetan.

Gobernuak egitasmoari buruzko gogoeta bat proposatu ondoren, ekintzaile ekologistek protesta geldiarazi zuten joan zen ostegunean.

Obra gelditzea eta azpiegituraren gainean kontsulta bat egin dezala eskatzeko hamabi bat lagunek protestari ekin zioten joan zen irailean Parisen.

Horietako hiru ekintzailek egarri grebari ekin ondoren, besteak beste Soulevement de la Terre mugimenduak babesten duen mugimenduak jauzia eman zuen.

Protestaren oihartzunak Euskal Herrira heldu ziren. Hala, HerriBiltza kolektiboko kide bi Donibane Garaziko Herriko Etxean sartu eta okupazioa abian eman zuten urriaren 10ean.

«Gurean edo kanpoan gertatzen denak berdin hunkitzen gaitu», azaldu zuen aipaturiko kolektiboak agiri baten bidez.

Grebalariei elkartasuna erakusteaz gain haien aldarrikapenak aintzat hartzea eskatzeko burutu zutela ekintza azaldu zuten.

Izan ere, egun berean, arratsaldez, bertan behera utzi zuten okupazioa egarri grebalariek beste hainbeste egin ondoren.

Hain zuzen, egitasmoari buruz gogoeta plantan emateko asmoa iragarri zuen frantses Gobernuak eta keinu horri erantzunez ekintzaileek protesta eten egin zuten.

Joan zen ostiralean Castres hirian (Tarn) egin zen bileraren ostean, ordea, 2025ean zabaltzekotan diren azpiegiturarekin jarraitzeko asmoa baieztatu du Gobernuak.

Bilera horretan «hautetsien gehiengo zabalak babestu zuela proiektua» ezagutzera eman du astelehen honetan frantses Gobernuak.

«Elkarrizketa prozesu sakona izan da eta Errepublikako hautetsien sostengua baduela egitasmoak baieztatu ahal izan digu, ondorioz aurrera eginen dugu eta bakoitzak ardurak hartzeko eta erabaki demokratikoak errespetatzeko dei egiten dugu», azaldu du Garraio ministro Clement Beaunek.

Alta, azpiegitura geldiarazteko osaturiko plataformako kide den Thomas Digardek AFP agentziari eginiko adierazpenen bidez «bilera hori antzerki hutsa izan zela, herri txikietako hautetsi anitz ez zituztelako bileran parte hartzera deitu», salatu du.

Hogei minutu irabazi

A69 autobiaren emaitza nagusia hauxe litzateke: Okzitaniako Tolosa eta Castres hiriaren arteko ibilbidea egiteko orduan hogei bat minutu irabaziko lituzkete auto gidariek.

Hala ordu batean ahalko lukete ibilbidea osatu, betiere azpiegituraren bultzatzaileek eginiko aurreikuspenen arabera.

Autobideak, ordea, kalteak sortuko ditu naturguneetan eta laborantza lurren galera ere ekarriko du, A69aren aurkako ekintzaileek ohartarazi dutenez.

1.500 zientzialarik, horien artean Klima aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeko (GIEC) hainbat kidek, A69 autobidearen egitasmoa bertan behera uzteko deia eginez adierazpen publikoa babestu badute ere, frantses Gobernuak atzera egiteko asmorik ez duelako kexu azaldu da Cecile Argentin.

France Nature Environnement Occitanie Pyrenees taldeko ordezkariak «zientzialariekiko eta ekologistekiko mespretxu gisara» hartu du frantses Gobernuak baieztatu duen hautua.

Urriaren 21 eta 22an, A69 autobidearen ibilbidean zehar, zehaztu gabeko punyu batean, mobilizazioa egiteko asmoa agertu dute ekintzaileek.