INFO

Ortzi-mugan, D eredua berrasmatzea eta orokortzea

EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketak hizkuntza ereduak eztabaidaren lehen lerrora ekarri dituenean, EH Bilduk auzi honi buruz, eta oro har euskalduntze prozesuaz, egiten duen hausnarketa ezagutarazi du. Egungo D ereduari buelta bat ematea eta sisteman orokortzea finkatu du helburu gisa.

Hezkuntza euskaraz izan dadin eskatzeko, mobilizazioa egin zuten iragan martxoan Gazte Euskaltzaleen Sareak, unibertsitateetako euskara taldeek eta Ikamak. ( Idoia ZABALETA | FOKU)

«D eredua berrasmatu eta orokortzea, hori da iparra». Gasteizko Parlamentuan Hezkuntza Legearen eztabaida azken fasera heldu denean, eta EAJk eta PSEk hizkuntza ereduei buruz aurkeztu duten zuzenketak hautsak harrotu dituenean, hasierako esaldi horrek EH Bilduk auzi honetan finkatutako helburua laburbiltzen du.

Dena den, koalizioak zehazten du «hori ez dela egun batetik bestera egiten», eta ezin dela «lege bidez edo dekretu bidez egin daitekeen jauzi baten gisara» irudikatu.

Aitzitik, «ikastetxez ikastetxe» egin beharreko «prozesu bat» bezala ikusten du, hamarkada bat har dezakeena, eta ezinbestean herri bultzada behar duena.

Hezkuntzaren «proiekzio estrategikoa»

‘Jauzi baterako aukera. Euskara eta hizkuntzen markoa hezkuntza-testuinguru eleaniztunean’ dokumentuan, euskararen biziberritzerako bide-orria marraztu du EH Bilduk, eta, zehazki, hezkuntzak egin behar duen ibilbidea berak bakarrik burutu ezin duen lan baterako.

Izan ere, txostenean nabarmentzen denez, «eskolak soilik ezin» die euskalduntze prozesuaren erronkei erantzun, eta, ezinbestean, «hezkuntza sisteman garatu beharreko hizkuntza politikak gogoeta zabalago baten parte» izan behar dute, nahiz eta hezkuntzan egin daitekeenari «proiekzio estrategikoa» ematen zaion.

Euskalduntze prozesuari begiratuta, koalizioak azken hamarkadetan egindakoa «ikaragarria» dela aitortu baina, aldi berean, une honetan «geldotze aro batean» eta «norabide krisian» gaudela uste du, eta besteak beste «arnasguneen ahultzea, kulturgintzaren erreferentzialtasunaren galera, eta erabilera kurbaren estankamendua» aipatzen ditu horren adibide gisa.

Eta zera ondorioztatzen du: «Orain arte egin duguna egitearekin ez dugu aurrera egingo. Eskala handiko erreakzio bat behar da».

«Orain arte egin duguna egitearekin ez dugu aurrera egingo»

«Hizkuntza politikan jauzia eman eta kontsentsu politiko berriak eraikitzeko momentua» dela baloratzen du, beraz, talde independentistak, eta segituan XXI. menderako hizkuntza politikaren helburuak eta oinarriak zerrendatzen ditu.

Helburuei dagokionez, «hiztun komunitate sendo eta zabala, herritar euskaldun eleaniztunen multzo zabal eta trinkoa, euskal hiztun osoen nukleo sendo eta zabala osatzea» planteatzen du. Hori lortzeko, «zenbait lurraldetan ezagutzaren unibertsalizazioa erdiestea» proposatzen du eta, baita ere, «funtzio nuklearrak ziurtatzea eta egonkortzea, euskara hautatu eta eroso erabili ahal izateko».

Hizkuntza politikaren oinarriei buruz, euskarak «euskararen lurralde osoan» ofiziala izan behar duela eta «euskal herritarrei funtzio guztietan bi hizkuntzatan aritzeko eskubidea aitortu» behar zaiela dio EH Bilduk, eta gaineratzen du, eskubidea aitortzeaz gain, «eskubide hori bermatu» egin behar zaiela euskal herritarrei.

Bide horretan, dena den, «errealismo politikoz jokatu» behar dela uste du, eta lurralde eremu batzuetako hizkuntza politika beste batzuetakoa baino aurreratuagoa izango dela uste du.

Hori bai, zenbait «eremu estrategiko» zehazten ditu, hala nola administrazioa, hezkuntza, haur eta gazteen aisialdia, komunikazio sistema eta lan mundua.

Laugarren puntuan, dokumentuak dio «zenbait funtzioetan euskara lehenetsi» behar dela, «beste batzuetan minoritarioa izango dela aintzat hartuz». Zehazki, tokiko funtzioetan, haur eta gazteen aisialdian eta kulturgintzan.

Eta bosgarren oinarri gisa, «arreta berezia eskatzen duten eremuak» aipatzen ditu: ikus-entzunezkoak, hizkuntza teknologiak eta etorkinen harrera planak.

EH Bilduren aburuz, EAEn 1982ko Euskararen Legeak lehenengo bi oinarriak bere egin zituenez, helburua beste hirurak ere bere egingo lituzkeen hizkuntza politika eta horri lege babesa emango liokeen Euskararen Lege berria onartzea litzateke.

Nafarroan eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoan, aldiz, helburua lehen eta bigarren oinarriak asumituko lituzkeen hizkuntza politika eta horri lege babesa emango liokeen araubidea litzateke, Nafarroaren kasuan, 1986ko Legeak ezarri zuen zonifikazioa gaindituko lukeena.

D eredua, aurkia eta ifrentzua

Testuinguru honetan, eta EAEko hezkuntza-sistemari begira, EH Bilduk «garaipen» gisa hartzen du D ereduaren orokortzea, gurasoek horren aldeko hautua egin izana. Baina gaineratzen du txanpon horrek baduela «bere ifrentzua», eta, alde horretatik, aipatzen du gaur egun D ereduko ikastetxeetan hiztun profil berriak daudela, eta horrek «ondorio sakonak» dituela hizkuntzen ikas-irakaskuntzari dagokionez.

Izan ere, dokumentuan esaten denez, «euskara da eskolaz kanpo euskararekin inolako kontakturik ez duten ikasle askoren ikas eta irakas hizkuntza», eta eskolak ez die (neurri handian ezin duelako) «aski hizkuntza gaitasun eta motibazio ematen».

Ondorioz, «euskara, eskola hizkuntza besterik ez da beraientzat», eta horrek guztiak «euskararekiko kontrakotasuna ere sortzen (ahal) du ikasle hainbatengan».

Bestetik, D eredua orokortu, baina, kasu askotan, «lausotu» dela dio koalizioak, eta aipatzen du euskararen presentziak atzera egin duela ikasgeletan (ikastorduak, hizkuntza paisaia, erreferentzia kulturalak...) zein ikastetxeetako harreman informaletan (patio orduetan, ikasle-irakasle zein irakasle-irakasle harremanetan...).

«Gaurko D eredu batzuek B ereduaren antz handiegia dute», eta, «ondorioz, ez dago D eredu bat eta bakarra, D eredu asko daude, ikastetxearen ingurune soziolinguistiko eta sozioekonomikoaren arabera».

«Ez dago D eredu bat eta bakarra, D eredu asko daude, ikastetxearen ingurune soziolinguistiko eta sozioekonomikoaren arabera»

Eta hau horrela izanda, zera egiaztatzen du: «Oro har, D ereduak ez du behar beste euskalduntzen; ez ditu beharrezko hizkuntza gaitasunak ematen eta ez du motibazio sistema sendorik eskaintzen».

Horregatik, eta eskolak soilik ez, baina eskolak «egin dezakeen guztia egin behar duela» uste duelako, EH Bilduk «D eredua berrasmatu» behar dela aipatzen du, «eskolak bere esku dauzkan tresna guztiak ahalik eta modu eraginkorrenean baliatze aldera eman dezakeen guztia eman dezan ikasleei beharrezko hizkuntza gaitasunak eta motibazio sistema eskaintzeko».

«Hiztun osoak sortzeko eskolak duen ahalmenaren mugetara iristen den eredua, horrexeri deritzogu D+ eredua», dio.

Bere iritzian, «euskaldun eleaniztunak sortzeko, hizkuntzaz gain, euskal gizarteko eta kulturako adierazpenak barneratu behar dituzte ikasleek: euskal kultur sistemaren transmisioa eragin behar da».

Hori nola lortu, lege proiektuak zehazten duen euskara ardatz duen esparru eleaniztunean? Koalizioak horrela ulertzen du esparru hori: «Euskara hizkuntza propioa eta hizkuntza gutxiagotua dela aintzat hartuz, hizkuntzen tratamendu integral eta integratua egiten duen ikasteredu orokortua, zeinak, legeak ezarritako irteerako hizkuntza konpetentziak erdiesteaz gain, euskaraz eroso bizi ahal izateko gutxieneko hizkuntza gaitasunak eta motibazio sistema emateko helburua duen».

Eta haren ezaugarriak, hauexek: Euskararen ardaztasuna, hiru hizkuntzak baitira irakas hizkuntza baina euskara da irakas hizkuntza nagusia; irteera profilak, ikasleek B2 maila izatera iristea bi hizkuntza ofizialetan eta B1 maila atzerriko hizkuntza batean; euskararen ikas-irakaskuntza eta euskal kulturaren ezagutza eta transmisioa «eskutik» joatea; hizkuntza proiektuak derrigorrezkoak izatea; ikastetxeetako hizkuntza proiektuen ebaluazioa hizkuntzen irakaskuntza prozesuaren bilakaerari erreparatuz eta ahozko eta idatzizko emaitzak kontuan hartuta; hizkuntza proiektuek legeak ezarritako helburuak betetzeko baliabideak bermatzea; ikastetxeak «arnasgune funtzionalak» izatea; eta hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko uztarketaren bidez ikasleen aisialdia euskaraz eskaintzea.

Esparru horren garapenak tresna berriak eskatzen dituela pentsatzen du EH Bilduk, eta «erronka itzela» dela onartzen du. «Esperimentazio prozesu bat izango da, zeinak gure gaitasun instituzional eta komunitarioak modu eraginkorrean aktibatzea eskatzen duen», azpimarratzen du.

Bide onean, datozen hamar urteetan A ereduaren desagerpena, B ereduak D ereduetara igarotzea eta D ereduak D+ ereduetara pasatzea ekarri behar lukeela aurreikusten du. Eta matrikulazio joerak aintzat hartuz, eta «beharrezko bultzada politiko eta soziala eta elkarlanerako disposizioa balego», uste du «herri hau gai dela halako eraldaketa prozesu baterako».

Koalizioak hor kokatu du ortzi-muga, eta lege proiektuak heldulekua eskaintzen duela iruditzen zaio. Baina txostenak aipatzen duen alderdien «borondate argia» ez da antzematen EAJ eta PSEren zuzenketan. Horren faltan, giltzarria izan behar du «bultzada sozialak»... Bide horretan aurrera egin nahi bada, behintzat.