Palestinako Parlamentuko presidentea atxilotu du Israelek Zisjordanian
Aziz Dueik Palestinako Parlamentuko presidentea atxilotu du Israelgo Armadak Zisjordaniako operazioetan, beste 50 pertsona baino gehiagorekin batera, Hebronen. Palestinako Presoen Elkartearen arabera, hainbat parlamentari daude atxilotuta.
Israelgo segurtasun indarrek 50 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte astearte honetan Zisjordanian, tartean Aziz Dueik Palestinako Parlamentuko presidentea, Hamasek urriaren 7an egindako erasoei erantzuteko burutzen ari den mendeku operazioen baitan.
Atxiloketak Zisjordaniako hainbat herritan egin dituzte, epizentroa Hebron hirian dutela. Bertan atzeman dute Dueik, Hamaseko kidea eta Palestinako Kontseilu Legegileko presidente aukeratua, 2006an egindako hauteskundeetan talde islamikoak garaipena lortu ondoren.
Dueik Aldaketa eta Erreforma izeneko hautagaitzan aurkeztu zen hauteskundeetara. Zerrenda hori Hamaseko kideek osatzen dute nagusiki, baina taldearen garaipenaren ondorioz, Israelek eta AEBek emaitzak ez zituzten onartu eta soilik Mahmud Abbasekin, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente eta Al Fatako kidearekin, harremanak mantentzea erabaki zuten.
Ahmed Qurei orduko lehen ministroak dimisioa aurkeztu zuen arren, otsailera arte karguan egon zen behin-behinean, Abbasek hala eskatuta. Horren ostean, martxoan, Ismail Haniye Hamaseko beso politikoko buruzagia buru zuen gobernu berria osatu zen.
Hilabete batzuk geroago, Israelek hainbat eraso egin zituen Zisjordanian eta Gazan, 2006ko ekainean Gilad Shalit soldadu israeldarra bahitu ondoren, Hamasekin lotutako ministro eta parlamentari palestinarraren atxiloketa barne. Gainera, Hamasek uko egin zion Palestinaren Askapenerako Erakundeak Israelekin sinatutako akordioak onartzeari, eta horrek zigorrak ekarri zituen.
Egoerak Hamasen eta Al Fataren arteko tensioak areagotu zituen, 2006ko abenduan Haniyeri Gazara sartzea aldi baterako eragotzi ziotenean, Rafahko pasabidetik, Egiptoko mugatik. Ordu batzuk geroago, eta bertara sartzea lortu ondoren, pertsona armatuek eraso egin zioten ibilgailuari, bizkartzainetako bat hil eta semeetako bat zaurituz.
Testuinguru horretan, Abbasek hauteskunde berriak egitearen alde egin zuen, eta Hamasek hautatutako Gobernuaren aurkako kolpe saiakera bat izan zela esan zuen. Bi fakzioen arteko desberdintasunen ondorioz, Hamas Gazako agintearekin geratu zen, eta Al Fatah Zisjordaniako politika zuzentzen. Israelek Gazaren gaineko blokeoa ezarri zuen, gaur arte.
Dueik behin baino gehiagotan atxilotu dute 2006tik, baita hiru urteko kartzela zigorra ezarri ere, 2006 eta 2009 urteen artean Hamseko kide izateagatik. Prozesu hori deitoratu eta Nazioarteko Zuzenbidea urratzen zuela esan zuen, Palestinako parlamentari gisa immunitatea zuelako. Ondoren, 2012an eta 2014an atxilotu zuten, azken aldi horretan hiru nerabe israeldar bahitu eta hiltzea leporatuta.
90 atxiloketa baino gehiago astelehenean
Palestinako Presoen Elkarteak adierazi duenez, Dueik-ekin batera, atxilotuen artean Palestinako hainbat legebiltzarkide daude, besteak beste, Maher Badr eta Yamal al Natse, baina Israelgo agintariek oraingoz ez dute adierazpenik egin atxiloketa kanpainari buruz. Astelehenean 90 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten, Palestinako Informazio Zentroaren arabera.
Atzemandako pertsonen artean ere Dalal Abu Amne artista palestinarra dago. Gazako eremuaren aldeko mezuak argitaratu zituen sare sozialetan, Isralen bonbardaketen ostean. Abeslariari galdeketa egin diote, baina orain arte ez dago inputaziorik edo informaziorik atxiloketa epea luzatuko ote den argitzeko, Arab 48 atariak eta WAFA agentzia palestinarrak jakitera eman dutenez.
Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko erakunde ugarik ohartarazi dute Gazako egoera humanitarioa larriki okertu dela Israelen mendeku operazioaren ondorioz. Palestinako agintarien arabera, 2.800 hildako eta 9.700 zauritu inguru izan dira Gazan; Israelen, berriz, 1.400 hildako izan dira eta 200 bahitu inguru daude Hamasen esku.